Tronpatze pozoitsuak

Aranzadi elkarteko mikologoek, larrialdi zerbitzuekin elkarlanean, 'Las setas y su toxicidad' liburua ondu dute. Euskal Herrian ohikoak diren espezie mikologikoen toxikotasunari buruzkoa da, eta ,besteak beste, toxikoak ez direnekin nola alderatu behar diren erakusten du.

enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2023ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Gibelurdina zelakoan jan zuen Amanita phalloides-a batak. Zizazuria zelakoan Entoloma lividum-a besteak. Badira Amanita muscaria-rekin infusioak egin eta dosiak gaizki kalkulatutakoak. Eta Satanas onddoari onddo beltzaren taxua hartutakoak. Tripako minez eta tripetakoarekin aitortu dituzte kaleak, pentsatuz onaren pareko txarrek emandakoak zirela baleak. Eta sabeleko minak eta beherakoak dira gutxienekoak, badirelako gibelak eta giltzurrunak bidean majo sufritutakoak. Fungiena bada erreinu eder bat, baina ezin da bertan ezer jakin gabe edo ustez badakienaren fede oneko gomendioekin bakarrik sartu. Eta sartu nahi dutenei laguntzeko, nola ez eta zeinekin ez tronpatu jakiteko, tronpatzearen ondorioez ohartarazteko, eta tronpatzeak modu eraginkorrean konpontzeko osatu dute Aranzadi zientzia elkarteko mikologoek liburua: Las setas y su toxicidas (Perretxikoak eta euren toxikotasuna).

Pedro Arrillaga eta Itziar Maioz mikologoak, herenegun, Donostiako Aquariumean egindako aurkezpenean. Jon Urbe / Foku

Gertatu baitziren intoxikazioak bere garaian asko, gertatzen dira oraindik apika, baina oso gutxi gerta daitezkenetarako. Perretxikoen bilketa kirol eta aisiarako uzta bilketa bihurtu delako azken urteetan. Turismoa bilketarekin (mikologia) eta gastronomiarekin (mikofagia) erakartzeko amu bat aspaldian. Eta jendea irteten da mendira, eta biltzen ditu jakin gabe, eta dakienak ere ustez daki, ezagutzen dituelako jatekoak, baina ez haien parekoak izan litezkeen toxikoak.



Pedro Arrillagak (Donostia, 1949) egiten dituen hausnarketen ondorioak dira horiek guztiak. Hura da liburuaren egileetako bat, Itziar Maioz mikologoarekin eta Jesus S. Aviles medikuarekin batera. Arrillagak hogei urte baino gehiago daramatza perretxikoekin intoxikatu direnei buruzko kontsultak erantzuten, inguruko ospitaleetan. Aranzadi elkarteko Mikologia saileko presidente eta zuzendari ohia ere bada: «Informazio hori guztia biltzea izan da helburua, balio dezan arta zerbitzu horietarako: izan dezaten esku artean zerbait, idatzita eta paperean, eta kontsultatu daitekeena modu azkar batean, intoxikazio kasuetan».

Alegia, ale toxikoak ahalik eta lasterren identifikatzea, eta ale horiek jateak eragiten dituzten sindromeei tratamendu egokia ematea: «Toxikoak diren horietan jarri dugu arreta, horien antzekoekin alderatuz, eta arreta beti prebentzioan jarriz».

Liburuan datorren orrialdeetako bat, non konparatzen diren Rusulla familiako bi ale, Amanita phalloides-arekin. aranzadi

Nola? Liburuak 480 orrialde ditu, eta 883 argazki guztira. Horietatik 312 makroskopikoak dira, eta 410 mikroskopikoak: esporak, basidioak, zistidioak, epikutisa, caulocutisa... Baita koadroak eta diagramak ere. Gainera, liburuarekin batera doan dosierrean, 50 espezie toxikoren 30 irudi daude. Espezie toxiko horiek hondo neutro batean jarri dituzte, ez dadin egon distrakziorako elementurik, eta kontsumitu duenak espeziea azkar identifika dezan. «Arazoa da informazio asko dagoela, baina sarean. Bilaketa bat egin eta galdetzen baduzu 'perretxikoen ondorioz intoxikatuak', burutik nahastu zaitezke. Milaka erantzun aterako zaizkizu, eta horietako askok ez dute ezertarako balio. Larrialdi batean, azkar ekin behar denean, beti da eraginkorragoa informazio zehatza edukitzea, eskura eta paperean. Distrakziorako beste elementurik gabe: izan gogoetak, izan artikuluak...».

Tratamenduetan asko aurreratu dela dio Arrillagak, eta lehen 24 edo 36 orduetan harrapatuz gero, ongi osatzen direla intoxikatu direnak. Badaudela perretxiko hilgarriak, baina gaur egun pertsona bat horietakoren bat janda hiltzeko, bestelako gaixotasunen bat ere bazuelako hiltzen dela. Ez dira, ordea, arinkeriaz hartzeko kontuak. «Sindrome bakoitzak bere tratamendua dauka. Izan ere, sindromeak ezberdinak dira kontsumitutako perretxikoen arabera: gastroenteritis modukoak, haluzinogenoak, hepatotoxikoak, giltzurrunetakoak... Horrek behartzen zaitu kontsumitu den espezie hori identifikatzera eta aztertzera, espezie horri dagokion tratamendua eman ahal izateko».

Entoloma lividum (maltzurrra) eta Calocybe gambosa (udaberriko zizazuria) aleen arteko konparaketa. Aranzadi

Ohikoenak gurean? Badira kasuak behin eta berriz errepikatzen direnak, eta bada bat «oso tentuz» hartu beharrekoa: Amanita phalloides (hiltzaile berdea). Russula virescens-ekin (gibelurdina) nahasten dute askok, baita ustez adituak direnek ere. «Tratamendua behar du, eta identifikazio ahalik eta goiztiarrena. Izan ere, sintomatologia berantiarra dauka. Lehen unean izaten da halako ondoez bat, gero badirudi pasatu egin dela, eta, konturatzerako, gibelari erasotzen dio. Hasierako sintomak gastrointestinalak direnez (beherakoa, deshidratazioa..) badago une bat non egoera lasaitu egiten den, bota duzulako bota beharreko guztia. Baina amatoxinek hor jarraitzen dute, eta hepatozitoak erasotzen jarraitzen dute: alegia, gibeleko zelulak. Eta txikitu egiten dizute. Eta gibela txikituta daukana hil egingo da».

Horregatik da horren garrantzitsua intoxikatu dena zerekin intoxikatu den ahalik eta lasterren jakitea. Eta horregatik da horren garrantzitsua mikologoen eta larrialdi zerbitzuetako kideen arteko elkarlana. «Garbi dago indarrak batu egin behar direla, eta diziplinak ere bai. Mikologoak ezagutzen eta ulertzen ditu perretxikoak. Medikuak ezagutzen ditu tratamenduak, baina ez ditu ezagutzen perretxikoak eta bakoitzari dagozkion sintomak. Horrela sortu zen hau guztia».

Eta 1979an sortu zen. Ordutik ari dira Aranzadiko mikologoak larrialdi zerbitzuen kontsultei erantzuten, eta perretxiko toxikoak identifikatzen laguntzen. Arrillagak kontatu du: «Arantzazu ospitalea izena zuen 1979an, oraingo Donostia ospitalea zen. Xabier Laskibar igo zen. 'Han topatu nuen gizon bat tutuz eta medikuz inguratuta', kontatzen zuen berak. Eta ez zeukan hasiera batean uste zutena. Haiek uste zuten intoxikazio hepatotoxikoa zela, eta ez zen hala. Sintomatologia berantiarra daukan perretxiko bat zen: Armillaria mellea [enbor-ziza], eta ez da horren arriskutsua, nahiz eta batzuetan sintoma horiek eman».

Nola galdetu

Intoxikatuta dagoena ospitalera «jota» iristen dela dio Arrillagak, baina oso inportantea dela berari edo ingurukoei galderak egitea, eta zer eta nola galdetu jakitea ere bai —liburuan badator fitxa bat—. «Galdeketa artetsua, deitzen diot nik. Eta horretarako jakin egin behar da. Jakin behar da galdera errazak egiten. Ezin diozu galdetu: 'Aizu! Amanita verna bat jan duzu?'. Hasi behar duzu: 'Zer uste duzu jan duzula? Zer ari zineten biltzen? Nolakoak ziren: urdin tonukoak, berde tonukoak'. Gertatu zitzaigun iaz. Intoxikatuak erantzuten zigun: 'Gibelurdinak ziren, baina normalean baino berdeagoak'. Horrek erantzuna errazten du: 'Amanita phalloides jan duzu'».

Ostegun iluntzeko aurkezpenera joandakoen artean banatutako posterra. Aranzadi

Badira kontsulta batzuk ospitalera bertara joan gabe argitzen dituztenak, sakelakoarekin ateratako argazkiak ikusita, edo jandako perretxikoaren arrastoak mikroskopioan begiratuta. Baina Arrillagak «oso ausart» ikusten du jendea: «Jan behar duen hori benetan jangarria ote den duda daukanak argazki bat ateratzen dio jan aurretik. Hori sekulako astakeria da. Eta jendeak perretxiko jangarriak eta toxikoak bereizteko erabiltzen dituen metodo enpiriko batzuk ere harrigarriak dira. Liburuan badaude jasota. Kirtena izan behar da. Esan izan didate larrialdietako mediku batzuek: 'Pedro, hemen intoxikatuta datozenek esaten dutena badakizu zer den? Oso larria bada, sendatuko nau medikuak'. Premisa horrekin, pentsa dezakezu zer gerta daitekeen. Ez sinestekoa».

Dena dela, orain dagoen booma aintzat hartuta, Arrillagak dio ez dela «gauza larririk» gertatzen: «Lehen, lau katu ginen Seat 600 batean Aralarrera perretxiko bila joaten ginenak. Gaur egun, mundu guztia joaten da, eta mundu guztiak ulertzen du. Eta uste dute liburutxo batekin perretxikoak jaso daitezkeela, eta uste dute jatekoak ezagututa baina haien pareko toxikoak ezagutu gabe perretxikoak bil daitezkeela, hanka sartu gabe».

Eta sartzen du jendeak hanka, eta gomendio «oso garrantzitsua» eman du: «Asko hedatzen ari den ohitura da: perretxikoak txortena labanaz moztuz biltzea. Eta hori astakeria bat da. Gertatzen diren intoxikazio phaloidiarren %90 baino gehiago horregatik gertatzen dira. Jendeak Amanita phalloides-aren txapela mozten duelako, gibelurdina [Russula virescens] dela pentsatuz. Eta badirudi alferrikakoa dela horretan tematzea. Nik gaur hau esaten dut hemen, eta bihar beste norbait irtengo da esanez moztu egin behar direla perretxikoak, mizelioa dela eta ez dela, eta hori gezurra da». Tronpatzea eta pozoitzea daude jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.