Bederatzi eguneko festaren ondoren, gaur gauean erreko dute Marijaiaren irudia, eta, ofizialki, orduan bukatuko da 2024ko Bilboko Aste Nagusia. Horregatik, agurraren hasiera moduko bat izan zen atzokoa. Konpartsakideen arteko bazkaria egin zuten eguerdian —justu, goiz eguzkitsuaren osteko euri zaparrada betean—, eta, konpartsen arteko herri kirol lehiaketa ere bai, gero —atertu ostean—. Eta biak igar zitezkeen giroan: penaren lehen izpiak eta ilusioaren azken erreserbak. Nolabait ere, atzo piztu zelako gaurko suaren lehen txinparta. Eta egunotan guztiotan bizitakoaren balorazio koral moduko bat biltzeko baliatu du trantsizio une hori BERRIAk.
«Nik pena handia hartzen dut hona heltzen garenean, baina hurrengo urtekoa hasteko ilusioarekin egoten naiz». Aylen Marinero 15 urterekin sartu zen Txomin Barullon, eta zazpigarren Aste Nagusia izan du aurtengoa konpartsakide modura. «Oso gustura egon gara, indarra geneukan, eta, bueno, lortu dugu beste urte batez gure ametsa errealitate egitea». Ez erabat, ordea. «Bortizkeria gehiegi egon da, eta sexu erasorik gabeko festak nahi ditugu». Horregatik, nabarmen, eta txupinazoagatik ere bai, bestalde. «Nahiko garbia izan da azken urteetan, baina aurtengoa oso zikina izan dela nabaritu dut».
«Nik pena handia hartzen dut hona heltzen garenean, baina hurrengo urtekoa hasteko ilusioarekin egoten naiz»
AYLEN MARINEROTxomin Barulloko konpartsakidea
Jendetza ibili den arren, iaz baino jende gutxiago egon ote den errezeloa du Iñaki Jubetok. Abian jarri zutenetik da euskal hedabideen alde sortutako Hor Dago Abante konpartsako kidea, eta «oso sentsazio ona» izan dute aurten konpartsan. Eta beste errezelo bat gero. Gaueko giroa ez ezik, azken hamarkadetan Aste Nagusiko eguneko festa ere ez ote den gorantz ari. «Bai, eguna indartuz doa. Gizartearen piramidearen eboluzioa ikusi besterik ez dago. Gero eta gazte gutxiago daude, eta, beraz, normala da gauez jende gutxiago ibiltzea, eta egunez gehiago». Soziologoa ote den galdetu, eta berehala erantzuna. «Ez, baina BERRIA irakurtzen dut».
Urteurrenak eta dudak
Hamargarren urtea bete du aurten Trikimailu konpartsak. Urteurrena ospatzeko gogoarekin batera, ordea, Aste Nagusia hasi aurretik zalantzak ere bazituztela onartu du Sonia Lopez konpartsakideak. «Beste urte batzuetan baino gehiago kostatu zaigu txandak betetzea, eta dekorazio berezia ere prestatu dugu, gainera. Baina halako gauza bereziak pentsatzen ditugun aldiro bezala, eguna hurbildu ahala, ez genuen argi ikusten garaiz iristerik lortuko ote genuen». Baina bai. «Oso pozik gaude, eta denak funtzionatu du behar bezala!».
«Eguna indartuz doa: gizartearen piramidearen eboluzioa ikusi besterik ez dago. Gero eta gazte gutxiago daude, eta, beraz, normala da gauez jende gutxiago ibiltzea, eta egunez gehiago»
IÑAKI JUBETOHor Dago Abanteko konpartsakidea
Txinparta konpartsa feministak aurten jarri du txosna lehenengoz. Arriaga antzokiaren alboan egon da, eta, Tamara Ramos konpartsako kidearen hitzetan, ona izan da balorazioa. «Oso pozik gaude». Txanda bakarra egin du aurten sukaldean, eta Gargantuarekin egongo da gaur, baina, dioenez, oso ona da konpartsako kideen bidez jasotako balantzea.
Altxaporruek asteazkenean ospatu ohi du konpartsaren eguna, eta 20 urte bete ditu aurten. Urtzi Karrera konpartsakidearen hitzetan, horregatik, ongi bazkalduta iritsi dira larunbateko konpartsakideen arteko bazkarira. «Kale guztia bete genuen asteazkenean; Andoni Ollokiegi ere etorri zen, eta primeran pasatu genuen». Orokorrean Aste Nagusia ongi joan dela uste du berak ere. Puntu beltz argi batekin, betiere: sexu erasoak. «Urtero bezala, aurten ere izan dira batzuk, eta konpartsok saiatu gara hori kudeatzen. Aurreko urteetan baino hobeto aritu gara horretan, nik uste».
Marisa eta Marisol
Bizizaleak konpartsako kide da Gerardo Arriola, eta urratua du ahotsa. Nekeagatik. «Konpartsakide garenontzat Aste Nagusiak ez du astebete irauten. Txosnak muntatu egin behar dira lehenengo, eta desmuntatu gero. Horregatik, ez dira bakarrik bederatzi egun, baizik eta hamalau edo gehiago». Ahots urratuarekin ere, baikorra da haren mezua, halere. «Giro ona izan dugu, eta konpartsakide berriak izan ditugu gurekin. Hamaika gauza antolatu ditugu, gainera, eta, adibidez, oso polita izan da dantza lehiaketa. Baziren bi emakume nagusi, Marisa eta Marisol: onenak dira! Dena emanda aritu ziren, eta super dibertigarria izan zen».
«Hamaika gauza antolatu ditugu, eta, adibidez, oso polita izan da dantza lehiaketa. Baziren bi emakume nagusi, Marisa eta Marisol: onenak dira!»
GERARDO ARRIOLABizizaleak konpartsako kidea
Alaba izan zen Zaratas konpartsan sartu zen lehena, eta, gero, hark gomendatuta egin zen konpartsako kide Pili Blanco ere, justu duela zazpi urte. «Esan zidan giroa oso ona izaten zela, festak beste era batera bizi zirela, eta animatzeko, eta bai, egia da. Lan ere egiten da, e, gogor, baina merezi du. Lagunak gara denok hemen».
Aixeberrikoa da Monica Pascual. 2009an sartu zen konpartsan, eta aurten berak egin dit konpartsakideen arteko bazkarirako sukaldari lanak. «Elkarrekin egoteko eta elkarri negar pixka bat egiteko eguna izaten da. Bizi izan ditugun guztiak gogoratzekoa. Eta beti saiatzen gara bazkalostea ahalik eta gehien luzatzen, bestela, dela zerbitzatzea tokatzen zaigulako, dela banatzaileekin hitz egin behar delako, beti izaten ditugulako hamaika lan egunerokoan, eta bazkaloste hori izaten da elkarrekin lasai egoteko gure momentua».
«Esan zidan giroa oso ona izaten zela, festak beste era batera bizi zirela, eta animatzeko, eta bai, egia da. Lan ere egiten da, gogor, baina merezi du»
PILI BLANCOZarataseko konpartsakidea
Bilboko erraldoien konpartsa da Aste Nagusiko beste elementu identifikagarrietako bat. Igandetik hasita, egunero egin dituzte irteerak. Lehen urtea izan du konpartsan Eneko Plazak, eta «berezia» izan da harentzat. «Jende asko egoten da, eta oso polita izan da betidanik ezagutzen dituzun erraldoiak Bilboko Alde Zaharrean ibiltzea». Marino izeneko erraldoia ez ezik, Zigarrogilearen eta Pitxitxiren erraldoiak ere dantzatu ditu. «Pisuaren arabera, asko aldatzen da dantzatzeko modua. Lehenengo erraldoiek, Terenciok eta Tomasak, 60 kilo inguruko pisua dute, eta arinagoak dira besteak».
Ketan desagertzear
Zezenketek duten lege babesaren aurkako sinadura bilketak ere presentzia handia izan du aurten txosnen eremuan. Lautan izan da lan horretan Idoia Negro Lasarte boluntarioa, esaterako, eta, haren arabera, eguneko 1.500 sinadura inguru bildu dituzte, guztira. «Jendea oso jatorra izan da. Egon dira aurpegi txar batzuk ere, baina alaitasuna izan da nagusi, eta askok eman dizkigute eskerrak egiten ari garen lanagatik». Osteguneko bilketari buruzko datu bat da horren froga. «40 sinadura sartzen dira orri bakoitzean, eta egun horretan boluntarioetako bakoitzak bederatzi orri bete zituen goitik behera».
Larunbata, beraz. Festaren azken-aurreko eguna. Eta azken gaua. Hiriari ere igartzen zaio nekearen urrina tarteka, baina festa da oraindik ere. Banaketa enpresa bateko langileak, esaterako, Albiako lorategien gerizpean ari dira atseden hartzen, bazkalorduko lanak heldu aurretxoan. Taka, taka. Danborra bizkarrean daraman musikari bat bere bandaren bila dabil, ibili ahala, praken atzeko poltsikoan gordetako baketekin, urrats bakoitzarekin, nahi gabeko martxa moduko bat joz. Kaleko musikari batek ingelesezko abesti bat kantatzen du ingeles antzeko hizkuntza batean. Eskale batek jendearen indiferentziari eskaintzen dio kartoizko edalontzi bat. Helioz betetako globoen saltzaileek aspertuta zaintzen dute grabitatea. Trontzarekin moztutako zur xafla bat daramala atera da ume bat Arriagako plazako herri kirol erakustalditik. Eta, noski, oraindik ere kolorez zipriztintzen dute jendetza konpartsen kamisetek eta zutik dira txosnak ere.
Egunerokoaren parte izan diren irudiak dira guztiak, gaur, bat-batean, Marijaia erre ostean, haren ketan desagertuz joango direnak.