Tribial jokoa, dosi txikitan

Codesyntax enpresak euskarazko tribial bat sortu du sakelako telefonoetarako: 'Egunean Behin'. Egunean partida bakarra joka daiteke, eta irabazleentzat sariak egongo dira astero.

50.000 galdera sortu dituzte oraingoz, eta gehiago jarri nahi dituzte. BERRIA.
Andoni Imaz.
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Pasatu da denbora aplikazioak sakelako telefonoetara iritsi zirenetik. Iaz, hamar urte bete zituen beti gazte dirudien ekosistema teknologikoak, eta munduko industriarik handienetako bat da egun. Pasatu da denbora, eta aldatu da denbora pasatzeko modua. Orain, edozein sakelakorekin, aldean eraman daitezke nahi beste denbora-pasa. Mundu zabaleko eskaintza mugagabea da, baina egon badaude euskarazko erreferenteak ere: Egunean Behin aplikazioa iritsi da sakelakoen merkatura. Codesyntax enpresak garatu du, eta, bi astean, 2.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena.

Izenak berak aurreratzen du jokoaren funtzionamendua: erabiltzaileek egunean partida bakarra joka dezakete, eta tribial moduko hamar galderari erantzun. Asmatutako erantzunen eta pasatutako denboraren arabera, puntuazio bat lortzen du bakoitzak, eta sailkapen orokorra egiten da parte hartzaile guztiekin. Egun, mila partidatik gora jokatzen dira. Astero, sailkapeneko lehenak sari bat jasotzen du. Aplikazioa App Storen deskargatu daiteke iOS gailuetan, eta Google Playn Android gailuetan.

Codesyntax enpresak bazuen tribial moduko joko bat kaleratzeko asmoa, eta duela urte erdi inguru hasi ziren garapen lanetan. Josu Azpillaga ingeniaria aritu da lan hori egiten. Hark azaldu du aplikazioak bi helburu dituela enpresarentzat: «Batetik, produktu bat ateratzea euskal munduari begira, euskaldunei eskaintza bat ematea denbora tarte polit bat pasatzeko». Dena den, enpresaren garapen propioek izaten dute beste helburu bat ere: «Teknologia berriak eta indarrean dauden garapen moduak gure ikerketa eta garapen lanerako baliatzea».

Duela bost urte inguru, Codesyntaxek bere lehen aplikazioa jarri zuen merkatuan: Tribual. Horrek ere tribial itxurako galdera-erantzunekin funtzionatzen zuen, eta horretarako sortutako materiala erabili dute Egunean Behin elikatzeko. Teknologia aldatu egin da ordutik, eta garatzaileek aukera izan dute aplikazioak egiteko modua eguneratzeko.

Tribual-en esperientziatik abiatuta, erabaki zuten itxura horretako aplikazio berri bat sortzea. Enpresak bazuen esperientzia, galderak sortzeko gaitasuna ere bai, eta nola egin pentsatzen hasi zen. Lehendabiziko ideia izan zen erabiltzaile guztiak eguneko ordu berean jokatzen jartzea, baina ez zioten etorkizun handirik ikusi. «Orduan, pentsatu genuen: galderak egingo ditugu, baina muga batekin; egunean partida bat. Tribual-en ikusi genuen jendea sartzen zela, hiruzpalau egunetan asko jokatzen zuela, eta gero, utzi». Sukarraldien ondorengo basamortua saihesteko asmatu dute eguneroko eta asteroko dinamika.

Euskaraz eta Euskal Herriaz

Erabiltzaileek egunean partida bakarra jokatzen duten arren, haien guztien arteko partida handi bat jokatzen da astero: nork lortuko sailkapen orokorreko lehen postua. Hala, sariak jarri dituzte irabazleentzat, «beste ekimenei ikusgarritasuna emateko». «Badakigu inork ez duela jokatuko ikuskizun bateko bi sarrerarengatik, baina balio dezake pixka bat motibatzeko». Korrikako materiala izan zen aurreneko asteko saria, eta Loraldiako Buztinezko etorkizuna ekitaldirako lau sarrera banatuko dituzte aste honetako jokalarien artean.

Guztiaren gainetik, ordea, galderek definitzen dute jokoa. «Batzuek hizkuntzak ikasteko baliatzen dituzte tribialak, edo gai batzuen inguruan aritzeko. Badaude munduan tokiko tribialak edo tribial tematikoak; zientziaren ingurukoak, adibidez». Azpillagak argi du zein zen haien helburua: «Galderak euskaraz egin nahi genituen, eta, gainera, Euskal Herriaren ingurukoak». Nola egin galdera horiek egunean partida bat jokatzeko moduan? «Denei ezin dizkiegu galdera berak eman; bestela, nik erantzuten baditut galderak eta aldamenekoari esan, hark badakizki erantzunak. Galdera asko behar dira, eta automatikoki sortu behar dira».

Tribual-etik hartu dituzte galdera asko, baina jo dute beste iturri batzuetara ere: euskarazko Wikipedia, haren atzean dagoen DBpedia, Google Maps, argazkiak geolokalizatzeko erabiltzen zen Panoramio, Hiztegi Batua eta sinonimoen hiztegia, besteak beste. Wikipediari esker, Euskal Herriko herrien datu basea dute: zenbat biztanle dituen bakoitzak, zer lurraldetan dagoen... Horrek aukera ematen die herri bakoitzeko galderak egiteko. 50.000 galdera inguru sortu dituzte dagoeneko, eta gehiago sortzeko asmoa dute. «Tarte batean egon daiteke literaturaren astea, eta literaturaren inguruko galderak atera Armiarmaren datu basetik. Horrelako gauzak ere egin nahi ditugu».

Sailkapen orokorreko lehiatik kanpo, aplikazioak ematen du talde txikiak sortzeko aukera ere, «lagunekin kafe bat jokatzeko». Gainera, etorriko da horietan aldaketaren bat, Azpillagak aurreratu duenez. «Gure nahia litzateke aurten jokoarekin jarraitzea, eta dinamika polit bat bilatzea. Ez dugu beste munduko pretentsiorik, baina aitzakia bat da jendeak egunean minutu bat pasatzeko euskaraz». Mundua une oro eskuetatik pasatzen den garaian, euskaraz jokatzeari denbora pixka bat ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.