Irakurri hemen serie honetako artikulua guztiak
Elortza eta Zekuiano (Araba) arteko tunela iraganeko istorioak kontatzen dituen pasabide zirraragarria da. Natura eta memoria elkartzen diren toki batean, Arabako Mendialdearen erdian, tunelak iraganera bidaia bat egitera gonbidatzen ditu bisitariak, esperientzia multisentsorial bati esker. Vasco-Navarro ibilbide berdean dagoen pasabide esanguratsuenetako bat da, antzinako Vasco-Navarro trenbidearen oroigarri; El trenico ere esaten zaio.
143 kilometroko luzerarekin, Vasco-Navarro trenbidea Bergara (Gipuzkoa) eta Lizarra (Nafarroa) lotzen zituen trenbide estuko burdinbidea zen. The Anglo-Vasco-Navarro Railway Company Limited konpainiakoak 1887an hasi ziren egiten, eta 1889an jarri zuten martxan. Debagoiena gurutzatzen zuen Gipuzkoan, Lautada eta Mendialdea Araban, eta Estellerria Nafarroan. Euskal Herrian aitzindaria izan zen haren elektrifikazioa, eta garai hartako Europako tren linea onenen mailan jarri zen.
Elortza eta Zekuiano arteko tunela trenbide sistema horren zati garrantzitsu bat izan zen. Berebiziko garrantzia izan zuen eskualdearen garapen ekonomikoan, salgaien garraioa erraztu baitzuen; bereziki industria produktuena. Tunela eraikitzea, lineako beste azpiegitura batzuk egitea bezala, erronka tekniko handia izan zen. 36ko gerraren ondoren hasi zen trenbidearen gainbehera, eta 1967ko abenduaren 31n egin zuen azken bidaia.
1959an errailak kendu zituzten. Egun, Vasco-Navarro trenaren ibilbide berdea da Araban txirrindulari eta oinezko gehien hartzen duen ibilbidea; urtero, batez beste, 220.000 bisitari pasatzen dira oinez edo bizikletaz tuneletik. 2018an, Arabako Foru Aldundiak 256.000 euro inbertitu zituen Elortza-Zekuiano arteko tunela zaharberritzeko. Arriskurik ez zegoen arren, Ingurumen eta Hirigintza Sailaren ustez komeni zen lan horiek egitea. «Azpiegituran pitzadura eta sabel batzuk» agertu zirela argudiatu zuten.
Esku hartzea
Ondare historiko horren memoria biziberritzeko eta gordetzeko ahaleginean, aldundiak zenbait «esku hartze artistiko egitea» erabaki zuen Vasco-Navarro ibilbide berdean, eta bereziki tunelean. Horretarako, Irantzu Lekue artistaren zuzendaritzapean, 2019an, ARTgia taldea aritu zen Bidearen aztarnak erakusketa prestatzen.
Lekuek nabarmendu duenez, «esku hartze artistikoak, tunelaren itxura biziberritzeaz gain, bisitariak historia aberatsarekin lotzeko modu berri bat ere eskaini du». Guztira, 45 horma irudi egin zituzten, hormigoizko 45 paretaren gainean. Eta tunela aire zabaleko galeria bihurtu zuten, non arteak eta historiak bat egiten zuten.
Margolan horiek ez dira apaingarri hutsak; bakoitzak esanahi historiko eta kulturala du, artistak azaldu duenez: «Pintura motiboek Vasco-Navarro trenarekin eta horrek eskualdean duen inpaktuarekin lotutako mugarri eta gertaera garrantzitsuak irudikatzen dituzte. Irudien artean, istripu historikoak, bertako fauna, erromeriak eta inguruko pertsonaia enblematikoak daude».
Baina bada bereziki nabarmentzen den marrazki bat. «Isaac Puente mediku anarkista irudikatu genuen, adibidez, baita sorginkeriak egin izanaz akusatu zituzten eskualdeko emakumeak eta trenarekin zerikusi estua duten gertaera historikoak ere». Bisitariek, artea miresteaz gain, eskualdearen iraganari eta trenbideak izan zuen eraginari buruzko gogoeta egin dezakete.
Margolan guztiak, gainera, silikatozko pinturekin egin zituen Lekuek. Nahita aukeratu zuen, ingurumenean ahalik eta inpaktu gutxiena izateko. Pintura horiek, mineral naturaletatik sortuak, kimikoki erreakzionatzen dute hormigoiarekin, eta horrek haien iraunkortasuna eta denboraren iraganarekiko erresistentzia ziurtatzen du.
Ikuskizun bisuala izateaz gain, esperientzia multisentsoriala eskaintzen du tunelak. Bisitariak pasabidean aurrera doazen bitartean, trenbidea zegoen garaiko soinuak entzungo dituzte: «Trenaren soinua, animaliena… Margolanez aparte, soinuak entzuten dira tunelean zehar», gehitu du Lekuek.
Babestua
Esku hartze artistikoak bizitza berri bat eman dio tunelari, eta Vasco-Navarro ibilbide berdea zeharkatzen duten bisitarientzat interesgune erakargarri bihurtu. Lekuek azpimarratu du nola sortze prozesuan txirrindulari eta ibiltari asko gelditu ziren lana miresteko, artistekin elkarreraginean aritzeko eta trenbidearen historiari buruz gehiago ikasteko. Hala ere, proiektuaren arrakasta ez datza soilik turistak erakartzeko duen gaitasunean, baita tokiko komunitatearen inplikazioan ere, pertenentzia eta harrotasun zentzua sortuz.
Arabako Mendialdeko biztanleek prozesu artistikoan izan duten parte hartzeak lotura komunitarioak indartu zituen: «Herri askotatik etorri ziren parte hartzera. Apellaniz, Maeztu, Elortza, Aletxa, Atauri eta baita Kanpezutik ere».
Eusko Jaurlaritzak ere Vasco-Navarro ibilbide berdea babes bereziko kultura ondasun izendatu zuen joan den urtean. Babes horrek bermatzen du ibilbidean etorkizunean egin beharreko edozein esku hartze, Elortza eta Zekuiano arteko tunela barne, kontu handiz planifikatu eta baimendu beharko duela aldundiak, «ondare hori etorkizuneko belaunaldientzat zainduko dela bermatuz».
Lekueren proiektuari esker, tunel zahar bat edertzeaz gain, bisitariak eskualdearen historia aberatsarekin lotzen dituen narratiba bat egitea ere lortu du. Arabako txoko hau jende gehiagok ezagutzeko gogoa piztuz amaitu du artistak: «Elortza eta Zekuiano arteko tunela adibide ona da erakusteko nola historiaren eta komunitatearen arteko lankidetzak esperientzia guztiz esanguratsu eta gogoangarriak sor ditzakeen».
fitxa
- Izena: Elortza eta Zekuiano arteko tunela.
- Non dago: Arraia-Maeztun (Araba).
- Zer zeharkatzen du: Muino bat.
- Zertarako eraiki zen: Vasco-Navarro ibilbidea egiten zuen trena pasatzeko.
Nork eraiki zuen: The Anglo-Vasco-Navarro Railway Company Limited konpainiak.
Noiz inauguratu zuten: 1889an.
Luzera: 336 metro.