Seinaleak badira zerbaiten seinale: Usansolo, gure herria jartzen du kalean eta balkoietan zintzilikatuta dauzkaten banderatxoetan. Pankarta esanguratsu bat ere badute, hesi batean jarrita: guraize batzuek bereizten dute bertan Usansolo Galdakaotik. «Usansolok jada erabaki du», dio biloba zaintzen ari den amamak, pozik eta harro. Unkina ikastetxean aurrera eta atzera dabil jendea. Bizikletan eta futbolean haurtxoak, helduenei bozkalekura laguntzen haien gurasoak. Herri bat, itxuraz eta izatez.
Bizkaiko 113. udalerria behar luke izan Usansolok. Joan den azaroan berretsi zuten Galdakaotik bereizteko erabakia, baina ez da guztiz gauzatu, eta berezia da egoera: Usansoloko biztanleek gerora haiena izango ez den alkate bat eta udal talde bat aukeratu dituzte. Zergatik? Ez direlako garaiz iritsi hauteskundeetara. Herria ez delako agertzen toki erakundeen erregistroan, eta ez duelako hautesle erroldarik. Gainera, Estatuaren Abokatutzak helegitea jarri zion azaroko ebazpenari, Usansolok ez zuelako gainditzen 5.000 biztanleren langa. Usansolo udalerri bihurtzeko prozesua eteteko ere eskatu zuen abokatutzak behin-behineko neurri gisa, baina otsailaren amaieran EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu: auzia ebatzi bitartean, tramiteetan aurrera jarraitzen dute Usansolon.
Ilusioa, eta tristura apur bat
Eta eman dute jada izena toki erakundeen erregistroan —ebazpenaren zain daude—, eta izendatu dute jada Usansolon udala osatzeko batzordea ere. 11 lagunek osatu dute: Usansolo Herria plataformako zortzi kidek eta EAJko hiruk. 2019ko udal hauteskundeetan Galdakaon izandako emaitzak hartu dituzte aintzat.
Kudeaketa batzorde horren buru da Usansolo Herria plataformako Agustin Azpiroz. Batera eta bestera dabil lanean, eta onartu du baduela halako sentimendu nahasketa bat: «Oso ilusionatuta gaude. Duela lau urte ez genuen asko esperoko egoera honetan egotea, baina apur bat triste ere bagaude, ez garelako garaiz iritsi hauteskundeetara».
Iñaki Urgoitik ere duela lau urtekoa du gogoan: «Duela lau urte, Galdakaoko udalaren kolorea aldatu zen. Gobernu taldean sartu ginen, alkatearen aldetik gure eskaera aurrera eramateko konpromisoa lortu genuen, eta hala izan da. Beti esan dugu hor ikusten dela orain artekoa borondate falta zela, ez besterik». Galdakaoko Udalean Usansolo Herria plataformako zinegotziak izan dira Urgoiti eta Azpiroz. Berriz ere emaitza onak lortzearen garrantziaz mintzo da Urgoiti: «Hor egon behar dugu, eta zer gertatzen den zaindu. Kudeaketa batzordean ordezkaritza bermatu behar dugu, zeren gu hor ez bagaude, inork ez du hau aurrera eramango. EAJk orain dio alde dagoela eta alde dagoela, baina orain arte haiek ziren prozesu honetan oztopoak jartzen zituztenak».
Izan ere, kudeaketa batzorde hori moldatu egin beharko dute aurtengo hauteskundeen emaitzen arabera, baina helburua da 2027ko hauteskundeetan Usansoloko alkatea aukeratzea, eta ez Galdakaokoa. Garbi dauka hori Maria Angeles Barañanok ere: «Gaur horrela egingo dugu, derrigortuta egingo dugu horrela, baina azken aldiz; hori ziur».
Ama adinduarekin batera bozkatu du Barañanok Unkina ikastetxean, eta irribarre batekin atera dira biak. Elastiko berdeak —Usansolo Herria plataformakoen kolorea— eta motxilan daraman txapak salatu dute. «Guk badakigu zein den gure helburua. Lau urte barru 5.000 biztanle baino gehiago izango gara, eta jada ez da oztoporik egongo, baina hori alde batera utzita, guk jada erabaki dugu. Orain arte bakarrik sentitu gara, baina orain politikarien babesa ere badaukagu, eta aurrera egingo dugu guztiok elkarrekin, oztoporik gabe. Herri bat gara».
ATZEKOZ AURRERA
Trantsiziorako bozak
Usansolo Bizkaiko 113. udalerria da izatez, baina, erregistroak eta helegiteak tarteko, ez dira garaiz iritsi hauteskundeetara. Galdakaoko udal taldea aukeratu dute berriro: «Baina azken aldiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu