Galtzear egon da, baina azkenerako eutsi dio. Transhumantzia usadio zaharra da, eta gaur egun ere badira urtaroaren arabera abereak bazkaleku batetik bestera eramaten dituzten artzainak. Euskal Herrian, gutxi dira. Urtero Pirinioetatik Bardeara, eta gero bueltan, ardiekin egiten den bidea da sonatuena gurean. Antzera egiten dute Espainian, Marokon, Turkian, Grezian, Libanon edo Tunisian, adibidez. Herrialde horietako egoera islatzen duen argazki erakusketa dago Madrilgo Lorategi Botanikoan, eta egileen artean, goierritar bat: Gema Arrugaeta. Martxoaren 15era bitarte ikus liteke.
Hain zuzen ere, bi erakusketatan bildu dituzte Arrugaetaren argazkiak, baina biak loturik daude. Batetik, On the Move (Mugimenduan), sei herrialdetako argazkilariek transhumantziari buruz egindako lanak agertzen dituena. Bestetik, Izadiaz, gizakiaz, euskal argazkilariaren bakarkako erakusketa. Azken horretan, Mugimenduan erakusketarako egindako lana zabaldu egin du.
Sei argazkilari, 60 argazki, eta gai bakarra: Mediterraneo inguruko transhumantzia. Wassim Ghozlani, Younes Tazi, Assad Saleh, Baris Koca eta Stamos Abatis argazkilarien lanak daude Arrugaetak egindakoekin batera. Haien arteko lotura bakarra, baina, gaia da. Lanak oso desberdinak dira, bakoitzak bere estiloa eta bere ingurua dituelako: «Bakoitzak askatasun osoz garatu du bere ideia», azaldu du Arrugaetak. Paisaiak soilik ez, transhumantzia eta abere motak ere ezberdinak dira. Transhumantziaasko basamortuan egiten dituzte, eta zaldiak erabili beharrean gameluen gainean joaten dira abeltzainak. Ardi latxarekin batera ikus litezke Turkiako ahuntz horiak, adibidez.
Bidea bai, baina abeltzainen ohiturak ere islatzen dituzte argazkiek. Adibidez, ardiekin luzez ibili ondoren basamortu erdian egiten dituzten bestak. «Oso gertu ditugun herrialdeak, eta era berean hain ezezagunak direnak pixka bat ezagutzeko aukera ematen du; oso jende eta bizimodu interesgarriak dira», azaldu du euskal argazkilariak.
Mugimenduan proiektua Suitzan sortu zen, Kultura eta Naturaren Aldeko Mediterraneoko Partzuergoaren ekinbidez. «Helburua transhumantzia gizartean ezagutaraztea zen, zenbait kasutan berreskuratzeko eta bestetan duindu eta gizarteratzeko», azaldu du Arrugaetak.
Gehienek transhumantzia mota bat eta artzain batek egindako ibilbidea aski izan dute proiektua egiteko. Arrugaetak, baina, ez zuen nahikoa. «Niri gaia eta argazkilaritza asko gustatzen zaizkidalako, eta aukera handia ikusten nuelako, buelta gehiago eman dut», azaldu du. Gainera, transhumantziaren txanponak dituen bi aldeak biltzen saiatu da, joana eta etorria.
Urte eta erdi aritu da abeltzainekin batera argazkiak egiten. Extremaduran (Espainia) hainbat transhumantzia motaren irudiak atera ditu: ardi merino zurienak eta beltzenak, eta Avilako behi beltzarenak. «Extremaduran transhumantziak garrantzi handia dauka», azaldu du. Ardi zuriek eta behiek hamar edo hamabi eguneko ibilbidea egiten dute bazkatoki batetik bestera.
Ardi beltzek, berriz, transtermitantzia egiten dute, hau da, transhumantzia laburra, egun bakarrekoa edo asko jota, bikoa. Arrugaetak behiena azpimarratu du: «Zaldien gainean egiten da, eta oso ikusgarria eta polita da». Negua Extremaduran igaro ondoren, Gredos mendilerrora abiatzen dira, eta negurako bueltan dira berriz.
Etxean ere aritu da. Erakusketak Mediterraneoko herrialdeetako transhumantzien argazkiak biltzen baditu ere, Arrugaetari Euskal Herriko irudiak sartzen utzi diote. Hala, urte eta erdi horretan Bardeatik Pirinioetarako ibilbidean, Aizkorrin eta Aralarren ere izan da lanean. Bardeatik Belaguara, eta buelta, biak atera zituen. «Horren argazki dezente sartu ditut, argia mundiala tokatu zitzaidalako, eta izugarri gozatu nuen».
Koloreen garrantzia
Argia eta kolorea, horiek dira Arrugaetaren bereizgarri. Azkenengo urteetan koloretako argazkigintza egin du, eta kolore bizien bila aritzen da. «Argiekin etengabe jokatzen dut, beti argiaren kalitatea asko zaintzea gustatzen zaidalako. Argi joko hori oso ondo ikusten da, eta gero koloreekin ere bai, baina betiere oreka bilatzen». Oreka alor artistikoaren eta deskriptiboaren artean. Izan ere, erakusketak irudi deskriptiboak eskatzen ditu, baina horrek ez dio galarazi alor artistikoari begiratzea, irudiei mugimendua emanez edo argiekin jokatuz.
Hamar irudi aukeratu behar izan ditu Mugimenduan erakusketarako, eta proiektuaren liburuan beste hamar aterako ditu. «Asko kostatu zitzaidan bakarrik hamar aukeratzea», aitortu du. Dena dela, lana askoz zabalagoa da, eta gehiago nahi duenak ondoko aretoan segi dezake. Bakarkako erakusketan transhumantzia bakoitzeko hamar-hamabi argazki paratu ditu ikusgai.
Bere irudien argi eta koloreak direla eta, askotan Photoshop erabiltzen duenetz galdetzen diote, baina ez, natura argazkigintzan ez du efekturik erabiltzea gogoko. «Argiekin ongi jokatzen jakinez gero eta argi horren bila joanez gero, koloreak berez etortzen dira biziak».
Argiari ez ezik, natura argazkilariek inguruneari moldatzen jakin behar dute. Izadiarekin jokatu, eguraldia dela, ingurunea dela, momentua dela, urtaroa dela. Hala azaldu du argazkilariak: «Kanpoan dauzkazun gauza guztiekin, argia, eguraldia, den-dena, argazki bat osatu behar duzu, batzuetan tokatzen denarekin, eta gehientsuenetan bilatzen duzunekin». Adibidez, Bardean euri zaparrada bota zuen, eta berehalaxe joan ziren aterpearen bila. Halakoetan, artzainekin gehiago solas egiteko aukerak sortzen dira, gutxienez.
Dena den, Arrugaeta ohiturik dago naturan lan egitera. Berak hiru gai jorratzen ditu nagusiki: natura, bidaiak eta landa eremua. Oso gogoko dituelako aritzen da horretan. «Bidaiatzea, niretzat,beharra da, eta natura eta landa ingurunea... bertan bizi naiz, denerako nire oinarria da natura», azaldu du.
Baldintza gogorrak
Ez da lan xamurra izan, baina gustuko maldan nekerik ez. «Sekulako beroa, ikaragarrizko hotza, eltxo festa izugarria, nekea goizean goiz jaiki eta gauean berandu arte ia-ia gelditu gabe ibiltzeaz. Baina nik gozatu dut, oso polita izan da, eta parajeak izugarriak», azaldu du.
Kamera eta gainerako tresnak soinean, ibilbidean gora eta behera aritu zen. Behien transhumantzian, adibidez, abeltzainak zaldien gainean ibili arren, berak oinez joan behar izaten zuen, argazkiak egiteko ez bailitzateke batere aproposa. Kamioi bat eta argazkilariaren furgoneta abiapuntuan uzten zuten, eta, gauean geltokira ailegatzean, noranahikoa hartu eta autoen bila joaten ziren. Hurrengo egunean berdin.
Ardiekin ez zen horrela. Norbaiten laguntza behar izaten zuen Arrugaetak autoaren bila joateko. Beste batzuetan, hitzartutako tokira ailegatu aurretik aparkatzen zuen, gauean autoaren bila oinez joan behar zuelako.
Bertatik bertara bizi izan du transhumantzia, eta abeltzainek duten egoeragatik kezka azaldu du Arrugaetak. Eskubideak aitortu ez, eta oztopo sobera izaten dituztela salatu du. «Zuzenean ikusi dut oso-oso gogorra dela, eta baldintza oso txarretan egin behar izaten dutela lan».
Oraingoz, Madrilen ikus litezke argazkilari goierritarraren azken lanak. Mugimenduan ez, baina Izadiaz, gizakiaz erakusketa Euskal Herrian ikusgai egon liteke aurrerago.
Transhumantzia bideko koloreak
Gema Arrugaeta argazkilari goierritarra Espainian eta Euskal Herrian ibili da urte eta erdiz abereak neguko bazkalekuetatik udakoetara eramateko usadioa bertatik bertara aztertzen eta argazkiak egiten. Emaitza Madrilen ikus daiteke, Lorategi Botanikoan jarri dituen bi erakusketetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu