Kirolariak, izerditan, eta ikusleak, kalimotxoa eskuan. Halaxe egoten dira jaietako Andre Maria Zuriaren egun handian, Gasteizen. Txistularien doinuak, trikitilarienak, musika bandarenak, eta baita gaita jotzaileenak ere, den-denak entzuten ziren Foru plazatik, baina, egunero legez, herri kirolak ziren goizeko protagonista nagusiak. Jendez lepo zegoen plaza, eserleku guztiak beteta: bat libratu orduko, beste norbaitek betetzen zuen.
Eguzkia hodeien artetik ateratzen hasia zen goizak aurrera egin ahala, Foru plaza jendez betetzen zen bitartean. Plazaren alde batean emakumezkoen palako txapelketa bukatzear zegoela, enborrei azken ukituak ematen ari ziren beste aldean, ondoren aizkolariak haiekin aritzeko. Harri jasotzaileak ere txalekoak janzten ari ziren. Ikuskizuna eskaintzeko prest zeuden.
Denetarik ikus zitekeen plazako bazterretan: umeak, gaztetxoak, familiak, kuadrillak... Baina guztiak ez ziren gasteiztarrak; Gasteizko jaietara joaten zen bigarren aldia zen Miguel Ortiz de Zaraterentzat: «Ez ditut Gasteizko jaiak ondo ezagutzen, baina irrikan nago hau ikusteko. Ikaragarri gustatzen zaizkit herri kirolak, eta aprobetxatu nahi dut».
12:00etarako bete zen plaza. Jendea giro ezin hobean murgilduta zegoen, eta faboritoen inguruko iritzi ezberdinak entzuteko tartea izan zuten. Txalo zaparrada luze bat eta herri kirolen emanaldiari hasiera eman zion aurkezleak: «gora Gasteiz eta gora herri kirolak!».
Aizkolariekin hasi zen erakustaldia. Iker Vicente izan zen aizkolarietako bat. 51 kolpe eman zizkion enborrari. «Hori bai sasoia!», «Eup!» eta halakoak entzuten ziren publikoaren artean. Arkaitz Jauregi ere izan zen beste protagonistetako bat. Aizkorakada bakoitzean nabaria zen publikoaren tentsio eta urduritasuna.
Harri jasotzaileak
Eider Garcia eta Jokin Eizmendi harri jasotzaileek hartu zieten erreleboa aizkolariei. Txandaka eta harri ezberdinak altxatuz hasi zuten ikuskizuna. Berrehun kiloko harriarekin hasi zen Eizmendi. Jarraian, Garciak zilindro formako harria altxatu zuen; bost aldiz altxatu, gainera. Forma horretako harri bat jasotzen zuen Arabako lehen emakumearen saria jaso zuen, baita plazako guztien txaloak ere. Eskertuta eta hunkituta agertu zen publiko aurrean.
Ekitaldiari bukaera emateko, bi harri jasotzaileek esfera formako harri bat altxatu zuten: harria lepo gainera jaso, eta hari buelta ematen zioten beste eskuarekin eutsi bitartean. Eizmendik, Garciak ez bezala, harria hartu eta plaza osoa zeharkatu zuen, ertz bakoitzean geldituz eta publikoa agurtuz. Horrekin amaitu zen lehen eguneko espektakulua, baina, jaiak iraun bitartean, eguerdiro egingo dira herri kirolak Foru plazan.
Jendetza erakarri zuten herri kirolek, joko horiek ere herriarenak direla erakutsiz. Kaletik zetozen doinuetara gerturatzeko garaia zen: txarangak, txistuak, musika bandak, fanfarreak... Guztiak zeuden Foru plazako jendearen zain.