Joan den urtean berritu zen taldeak antolatu du aurtengo aldia. 2018tik 2021era arte ez zen Lapurtarren Biltzarrik izan, orduko taldekideek lekukoa pasatu tu nahi baitzuten, baina ez zuten hori hartzeko prest zen inor aurkitzen. Halere, joan den urtean, talde berri bat sortzea lortu zuten.
Talde berriak 1979tik aurrera izan den jaia dinamizatzen jakin du, eta Uztaritzeko biztanleak eta Lapurdiko guztiak biltzea du helburu. Izan ere, talde berriko gazte gehienak Uztaritzekoak dira, baina Lapurdiko beste herri batzuetako gazteak ere batu dira: Larresoro, Zuraide, Jatsu, Haltsu, Itsasu eta Kanbokoak, besteak beste.
Goizetik hasiko dira eguneko egitarauarekin. 11:00etan, karroen desfilea egingo dute. Lapurdiko hainbat herritako gazteek karroak egin dituzte herriko kaleetan barrena desfilatzeko. Jeiki lapurtarrak izango da aurtengo festarako jarri duten gaia. Gainera, desfileak iraun bitartean, bertsolariek, gaiteroek eta trikitilariek girotuko dituzte Uztaritzeko kaleak.
Ondoren, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute. Aurten, gainera, Xalbador Kolegioaren aldekoa izango da. Bazkariak iraun bitartean, Kuxkuxtu txarangak alaituko du giroa. Aurreratu dute aurtengo menua chilia haragiarekin izango dela.
Kontzertuak egingo dituzte arratsaldean. Gaitisaneko orkestra izango da jotzen lehena, 18:00etan; Frigo taldea izango da hurrengoa, eta 20:00etan joko du; azkenik, Kilimak taldeak emango du kontzertua, gaueko hamarretan.
Antzinakoa biziberrituz
Bizkaiko Batzar Nagusien edo Nafarroako Gorteen moduan, finantza autonomia izan zen Lapurdiko Biltzarraren eginkizuna. 1567tik 1789ra arte iraun zuen biltzarrak. Antzina, Uztaritze izan zen Lapurdiko hiriburu historikoa.
Probintzia guztiko herrietako ordezkariak biltzen ziren bertan, herritarren mezuak ordezkari guztiei helarazteko. Frantziako Iraultzak herritarren hitzak isilarazi zituen arte. Historiari leial, aurten ere, antolatzaile gazteek zentzua berrezarri nahi izan diote festa egunari.