Hasi da Gasteizko jaietarako atzerako kontua. Gaur hasiko dira gasteiztarrak Andre Maria Zuriaren jaietarako motorrak berotzen. Hamar egun besterik ez dira falta Zeledonen jaitsierarako, eta 4.000 blusa eta neska inguru, goizean goizetik, abarkak jantzi eta kalera aterako dira, ohiturak agintzen duen bezala.
Tradizioa eta eboluzioa ez daude haserre Gasteizen. Izan ere, aldaketak gertatzen ari dira azken urteetan blusen eta nesken ospakizunean. Bigarrengoz egingo dute aurten ardo upel lasterketa; hain zuzen ere, iaz asto lasterketa ordezkatu zuena. Zezenketarik, baina, ez da izango aurten; aldiz, adarrak ikusi ahal izango dira, bigantxak egongo baitira, zezen plazan.
Kuadrilla guztiek egingo dute zezen plazara joateko ibilbidea, baina ez dira denak batera irtengo. Batasunik gabe heldu dira Santiago egunera blusen eta nesken kuadrillak, bakoitzak bere bidea hartu baitu.
Bitan banatu ziren kuadrillak, eta federazio bat sortu zuten batzordetik atera ziren zazpi kuadrillek. Federazio berrikoak izango dira lehenak kalejiran ateratzen, 16:15ean irtengo dira, 17:00etarako gainontzeko blusei eta neskei kaleak libre uzteko baldintzarekin.
Arratsaldea iritsi baino lehen, ordea, izango da zer egin. Dianarekin esnatuko da, 09:00etan, Plaza Berria, blusa eta neska kuadrillen arduraz. Bitartean, ikurrina omenduko du Gasteizko Udalak, lehen aldiz jarri zutenetik 40 urte pasatu diren honetan.
Azokak ere bai
Omenaldia ez da berri bakarra izango, ardo-upel lasterketak ere berrikuntzak izango ditu eta. Lehiakideek, binaka, bueltak emanda eta lurretik altxatu gabe, eraman beharko dituzte ardoz beteriko upelak. Laurogeita hamasei lagun inguru daude izena emanda, hogeita lau talde guztira; talde bakoitzetik, bi bikote. Gaurkoan, zailtasun txikiagoa izango dute upel lasterketetan parte hartuko duten bikoteek; izan ere, iaz, Blusen eta Nesken Batzordeak ikusi zuen gogorregia zela bi buelta bikote bakoitzarentzat. Beraz, gaurkoan, errelebo bat izango du lasterketak.
Egunari gustu pixka bat emateko, goizean goizetik hasita, baratxuri azoka egingo dute, Gasteizko kaleetan, urtero legez. Laurogei ekoizle bilduko dira aurten, Euskal Herrikoak eta Espainiakoak. Urte osorako baratxuriak erosteko aukera izango du San Frantzisko aldapara eta inguruetara biltzen den orok.
Herriko produktuak erosi nahi dituztenek ere urteroko hitzordua izango dute gaur. Izan ere, nekazarien eta abeltzainen azoka izango da, unibertsitate eremuan. Aurten, Euskal Sagardoa jatorrizko deitura sortu dela aitzakiahartuta, gune berezi bat egongo da produktu horiekin. Familia guztiak edukiko du aukera parte hartzeko, gainera; izan ere, muztioa aterako dute, haurren artean banatzeko, eta, nagusienek, aldiz sagardoa dastatzeko aukera i zango dute. Horrez gainera, ganaduen eta makinen erakusketa izango da, Foru Aldundiak antolatuta.
Blusa eta nesken eguna Gasteizen
Tradizioa ibilian moldatzen da
Blusa eta Neska kuadrilla guztiak ez dira batera irtengo, gaur, zezen plazara joateko kalejiran. Bigarren urtez egingo dute ardo-upel lasterketa, zezenketen ordez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu