Urduri mugitzen dituzte arraunak almadiazainek, dena prest dagoela ziurtatzeko. Lau hilabetez aritu dira Burgin (Nafarroa) Almadien Eguna buru-belarri prestatzen, eta bi astean behin elkartzen dira almadiazainak Ezka erreka almadien gainean zeharkatzeko. Lanbidea ezagutarazteko eta ospatzeko elkartzen dira urtero, eta beti dute Burgi helmuga gisa, Ezka ibaiaren emarian behera. Euria dela eta, bizkorrago iritsi dira helmugara, antzinako ofizioa herritarrei berriz ere gogora ekarriz.
Almadia gainera igo gabe, baina dena prest dagoela ziurtatzeko, alde batetik bestera dabil Koldo Zilbeti Nafarroako Almadiazainen kultur elkarteko lehendakaria. Urteroko urduritasuna sumatzen du tripetan, baina boluntarioen laguntza nabarmendu du: «Aurten laguntzaile asko etorri dira guregana, gazte asko batez ere. Gure lekukoa hartu dutela ikustea oso polita da».
Egurrak portua utzi baino lehen, hura jakin-minez miatzera hurbildu dira umeak. Horietako bat besoetan hartu du Zilbetik, eta leunki almadia gainean utzi. Irribarre bete hortz agertu da gaztetxoa; belaunaldi berriko almadiazaina, akaso. Egurrez sortutako ibilgailutik urruntzerakoan herren egin du Zilbetik; izan ere, istripu bat izan zuen eguna prestatzen ari zenean; hala ere, ez du mina duela onartuko astelehenera arte.
Ibaian, azkar
Dena prest dagoela ikusita, almadiazainek sokak askatu, lau arraunak eskuetan hartu, eta Ezka ibaiaren bideari jarraitzea erabaki dute. «Amona!», oihukatu du batek, bere amonari muxu bat bidaliz. Astrid Cerdena dantzariak txaloekin agurtu ditu: «Oso garrantzitsua da hau ospatzea, ez baita ahaztu behar lanbidea oso gogorra zela». Goizean herriko plazan dantzatu du Cerdenak, baina orain almadia gainean dauden bere lagunak agurtzea egokitu zaio: «Txikitatik ikusten genituen almadiazainak, eta orain nire lagunak dira». Joan den urtean bere lagunak almadietan igota ikusi zituenean hasi zen negarrez; aurten, herrira iritsi arte itxoingo du malkoak isurtzeko.
«Badatoz?», galdetu dio Nerea Arregik amonari. Mendeetako ohitura da almadiena, eta drone batek iragarri du iritsiera. Tramankulua ez du batere maite ibaiertzean dagoen txakurrak, eta zaunka hasi zaio. «Nik harri bat botako nioke, palestinarren estilora», esan du txakurraren zaindariak. Ezkilak eta Raphaelen Mi gran noche abestiarekin batera iritsi da hamabietan lehenbiziko almadia Burgiko presara. Txalo artean eta oso azkar jaitsi da zubiaren bestalderaino. Bigarrena motelago jaitsi da, baina txalo artean iritsi da helmugara.
Isabel de Carlos almadiazaina jaitsi da salto bakar batean bigarren almadiatik. Bidea «arrakastatsua» izan dela esan du, eta uste zutena baino lehenago iritsi direla. Harrotasunez begiratu die lankideei, eta mendeetan egin den tradizioaren pisua sentitzen du bere gain: «Atzera begiratu eta nire lagunak hor ikusteak, guretzat hain garrantzitsua den bidea egiten, harrotasunez betetzen nau. Denborarekin eboluzionatzen jakin duen tradizioa da».