Zeru lainotuaren azpian eta paisaia berde baten erdian elkartu dira sukaldaritzako profesionalak eta Euskal Herriko ekoizleak. Arrea jatetxeko Edorta Lamo eszenatokira igotzearekin batera hasi dira txaloak. Gastronomia sektoreko 250 profesionalek baino gehiagok osatzen duten publikoaren arreta dauka. Haren hitzek, suhartasunez beterik, etorkizun handiko egun baten hasiera markatu dute.
Mantalak antolatuta, euskal gastronomiaren epizentroa izan da Arkauti (Araba), Euskal Gastronomiaren Topaketaren hirugarren aldia egin baitute Nekazaritzako Elikagaien campusean. Arabako eta Euskal Herriko gastronomia sektorea batu nahi izan dute, eta, aldi berean, etorkizunari buruzko gogoeta egitera gonbidatu. Euskal gastronomia komunitatea bildu duen mahai inguru, tailer eta kultur emanaldien programarekin bete dute eguna, eta Arabako jakien altxorrak eta sukaldeetan irakiten dagoen talentua aldarrikatzea izan du helburu.
Gosari goxo batekin ekin diote egunari. Ondoren bai, bapo janda, hasi dira eguneko ekintzekin. Euskadiko paisaia gastronomikoa eta haren garapen agenteak hitzaldiak bildu du jende gehien. Aitor Arregik (Elkano), Maider Martinezek (DOP Idiazabal), Anna Montserratek (Mendialdeko Ogia) eta Alatz Bilbaok (Bakea) sektorearen etorkizunari buruz dituzten ikuspegien inguruan hitz egin dute.
Hasi da hartu-emana. Denek nabarmendu dute elkarren beharra: ekoizleek jatetxeak behar dituzte, eta alderantziz. «Nik Whatsappez hitz egiten dut nire bezeroekin; gertukoa da harremana», hasi da Martinez artzaina. Montserratek gauza bera egiten du ogiarekin. Eta, nola ez, sukaldariek badakite horri esker bermatzen dutela euren jatetxeetako plateren kalitate gorena. «Hasieratik saretu nintzen inguruko ekoizleekin. Oraindik gehiago ezagutu nahi ditut; beraz, publikoan norbait badago, badaki», esan du Bilbaok, barrez. Arregi da beteranoena, eta ondo ezagutzen du arraina ekartzen dion arrantzalea. Eztabaida sortzetik urrun, beraz, batak bestearen lana goraipatu du.
Hitzaldiak amaituta, gastronomia azokara joan dira gonbidatuak. Gastro Gaztea komunitateko sukaldari gazteak pintxo berritzaileak prestatzen ari dira. Hainbat proposamen dituzte, hala nola amuarrainarekin eta marrubiekin egindako elaborazioak. Euskal Ogien ogiak, gaztak, Euskal Gozogileak eta beste ere badaude. Eta gerturatu da jendea haiengana. «Pintxo bat, mesedez», eskatu du emakume batek. Dena irentsi du: «Ze ona!», poztu da.
Roberto Ruiz ekitaldiaren koordinatzailea eta Hika txakolindegiko sukaldaria arduratu da bazkariaz zerikusia zuen guztiaz. Irribarrez eta energiaz hitz egin du, egunak askorako eman baitu: «Topaketa hau erreferentzia puntua da; tradizioak eta modernitateak bat egiten dute gure sukaldaritzaren etorkizuna eraikitzeko. Aurten ere lortu dugu, eta garrantzitsua da guztiontzat ezagutzeko eta elkarrekin partekatzeko espazioak sortzea».
Euskal gastronomia ospatu ez ezik, zaporez eta sormenez betetako etorkizun bat irudikatu dute 250 gonbidatuek. Aurrerantzean, aurreikuspenak beteko diren ikusi beharko da; baina ezagutu, behintzat, ezagutuko dituzte.