Tradizio zaharren biltegia

Bilboko Euskal Museoa sortzea erabaki zutenetik 100 urte igaro dira. Euskal kultura eta ohiturak ikertu eta azaltzeko asmoarekin sortu zuten, eta egungo garaietara egokitzeko sasoian harrapatu du museoa mendeurrenak. Klaustroa estaltzeko asmoa beteko dute laster.

Kontsulatua. Kontsulatu zaharreko altzariak gordetzen dira hirugarren solairuan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Iragana, tradizioa eta historiarekiko jakin-minak sortu zuen duela mende bat, eta egun arrazoi berberek gidatzen dute Bilboko Zazpikaleetan dagoen Euskal Museoa. Eraikinak Gurutze kalea du alde batean, eta Unamuno plaza beste aldean. Hiriaren erdigunean, hain justu. Eta erdigune horretatik, euskal kulturaren eta etnografiaren inguruko jakintza bazterretik erdigunera eramaten du museoak. «Ez da atzerritarrentzat bakarrik, tokiko herritarrentzat pentsatuta dago batez ere», azaldu du Sorkunde Aiarza museoko koordinatzaileak. Baina onartu du, era berean, gaur-gaurkoz bilbotar eta bizkaitar askok ez dutela museoa ezagutzen. Mende bat bete berri badu ere, oraindik behar beste gizarteratu ez denaren seinale.

Horregatik aurkeztuko zuen Bilboko Udalak, akaso, Euskal Museoaren klaustroa estaltzeko asmoa otsailean. Zazpikaleak gehiago sustatzeko plan baten barruan egin zuen aurkezpen hori Xabier Otxandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Lanpostu zinegotziak. Era horretan, museoa Zazpikaleetako erreferentzia puntu bihurtu nahi du udalak, era ugaritako ekitaldiak han egin ahal izateko. «Beste erabilera batzuk gauzatzeko aukera emango digu proposamen berri horrek, beste erakusketa batzuk egiteko, eta Zazpikaleetako kultura azpiegitura garrantzitsuena bihurtzeko balioko du», Aiarzaren arabera. Jendea erakartzeko modua ere izango da, haren ustez. «Bisitari asko erakartzen ari gara azken urteetan egiten ari garen ekitaldiekin, baina oraindik jende askok ez du gure museoa ezagutzen».

Ildo horri lotuta ere, Euskal Museoak etorkizunera begira nolakoa izan nahi duen hausnartzen ari dira erakundeak eta museoa bera. Ildo estrategiko berriak lantzen ari dira XXI. mendeko museo bat eskaintzeko, egungo baliabideekin, eta egungo beharrei erantzuteko. «Funtzio estrategiko bat pentsatu behar dugu, zer pieza erakutsi behar diren, eta nola, zehazteko». Betiere helburu jakin batekin: euskal kultura ikertu eta zabaltzea. Azken batean, hori izan baita museoaren ibilbidea azken 100 urteetan, eta, luzera begira jarraituko badu, baliabide berriak txertatu behar direla garbi dauka Aiarzak.

Beharretik sortua

Egungo eskaeretara egokitzeko beharra dauka museoak egun, baina duela mende bat, batez ere hutsune bat betetzeko beharra zegoen. 1917. urtean iritsi ziren abertzaleak lehen aldiz erakunde bateko agintera, kasu honetan Bizkaiko Foru Aldundira, eta «euskal kultura mantendu eta ez galtzeko lanari ekin zioten», Aiarzak azaldu duenez. Duela mende bat hartu zuten museoa sortzeko erabaki hori, garai hartan iraganarekiko, historiarekiko eta tradizioarekiko interes handia baitzegoen. Izan ere, tradizioa eta historia baliagarriak ziren norberaren existentzia eta nortasuna azaltzeko. Izpiritu horrekin hasi zen garai hartako Etnografia Museoa aztarna historikoak berreskuratzeko eta babesteko lanean. Horregatik, 1917. urtea hartzen da Euskal Museoaren historiaren abiapuntu gisa.

Urte horretako ekainaren 11n onartu zuen foru aldundiak«etnografia museoa sortzea, Euskal Herriko ezaugarriekin lotuta dauden objektu guztiak biltzeko», garai hartako agiriek dioten moduan. Museoaren inaugurazioa urte batzuk geroago iritsi zen, ordea: 1921. urtean. Baina mende bat bete berri da euskal kultura eta ohiturak babestu eta gordetzeko hartutako erabaki hartatik. Bizkaiko Foru Aldundiak Plaza Barrian zuen egoitzan izan zuen lehen aterpe Etnografia Museoak, baina 1918. urtean egun dagoen eraikineko klaustrora eraman zituzten ordura arte bildu ahal izan zituzten objektu eta piezak. San Andres ikastetxea zeukaten han jesuitek, eta haiekin akordio bat lortu ondoren hasi ziren klaustroan pieza arkeologiko eta etnografikoak biltzen.

Gaur egun Euskal Museoaetnografiari eskainitako gunea baldin bada ere, hasiera batean etnografia eta arkeologia, biak, hartzen zituen. Horregatik daude Gurutze kaletik museoak duen sarreran bi plaka: batek Euskal Etnografiaren museoa jartzen du, eta, besteak, Arkeologia museoa. Handik sartzen da bidaiaria Euskal Museoak izan zuen lehen erakusgelara, klaustrora. Gaur egun ez bezala, estalita zegoen klaustroaren lehen solairua, eta hantxe bildu zituzten lehen piezak. Mende erdi bat geroago, berriz estaliko dute museoaren klaustroa, baina hirugarren solairutik.

Garatuz joan den museoa

Garai hartan ikus zitezkeen pieza batzuk ikus daitezke gaur ere klaustroan. Han metatzen dituzte sarkofagoak, jauregietako armarriak, ateburuak eta baita ateak ere. Erdian, museoaren ikono bihurtu den Mikeldia. Iurretan (Bizkaia) topatu zuten Burdin Aroko eskultura. Zein funtzio betetzen zuen ez dakite, gaur-gaurkoz. «Idoloen funtzioa bete zezakeela uste da, mugarria ere izan zitekeen, edo abereen ernalketarako», dio Aiarzak. Funtzioa edozein izanda ere, pieza berezia da Mikeldia, Iberiar penintsulan garaikideak dituen antzeko beste eskulturetan ez bezala, hanka arteko tartean ez duelako hutsunerik, borobil bat baizik.

Klaustroan bertan ikus daitezkeen piezak hasiera hartan zeudenetako batzuk ziren, baina garai hartako objektu asko galdu egin ziren 1936ko gerraren ostean. «Pieza batzuk atzerrira eraman behar izan ziren, beste asko Bizkaian bertan gorde ziren, eta beste asko desagertu egin ziren». Euskal kutsua zuen guztia ezabatzeko asmoarekin iritsi ziren frankistak Bilbora, eta horrek eragin zuzena izan zuen museoan. Itxita egon zen zenbait urtez, harik eta 1956an berriz zabaldu zuten arte. Baina ordura arte ez bezala, Bizkaira mugatu zen museoaren ikerketa esparrua. Hamar urte geroago, 1967an, ondare aberatsa lortu zuen museoak. Hainbeste, non klaustroa txiki geratu zen. Hura handitzeko lanak urte bete geroago hasi ziren. 1970eko hamarkadan, Euskal Museoaren eraikinak egun duen itxura zeukan, klaustroa eta handik gora dauden hiru solairuak museoaren esku geratu baitziren.

Frankismoa amaituta, aldatu zuen ikuspegia berriz museoak, eta Karmele Goñi etnografoak hartu zuen gidaritza. Ikuspegi museistikoak txertatu zituen, eta, egokitzapenak gorabehera, gaurikus daitekeen erakusketa hareneskuetatik igarotakoa dela esan daiteke. «Orduan hasi ziren erbestera eramandako pieza asko itzultzen, eta lan handia izan zuen alde horretatik».

Klaustrotik igo, eta lehen solairuan hasten da erakusketa iraunkor hori. Itsasoarekin eta mendiarekin. Artzantza eta euskaldunek itsasoan egindako hainbat jarduera ikus daitezke. Hamaika objektu eta gailu daude gordeta: gazta egiteko tresnak, kaikuak, ardi larruak, artzainen jantziak, itsasoko tresnak... Azkenean, ondare hori erakusten baitu museoak. «Maiz gertatu izan zaigu ikasleren bat etorri, eta bere aititak edo amamak halako eta besteko tresnak zituztela gogoratzea», Aiarzaren esanetan. Eta hori da museoak duen asmoa, ondare ukiezin hori denek ezagutu ahal izatea, eta ahanzturan ez geratzea.

Alde horretatik, jantziek garrantzi sinboliko handia zeukaten iraganean, janzten zen horrek kultura baten identitatea ere markatzen zuelako. Euskal Herriko kaikuak, eta bestelako oihalak ikus daitezke bigarren solairuan, horiek egiteko tresneriarekin batera. Portzelana, edo burdina lantzeko olekin ere berdin. Horiek guztiek identitate propio bat garatzen lagundu dute, ohitura batzuk eta horrekin batera baita ondare ukiezin bat. Ohitura horiek ezagutu ahal izateko objektuak ikus daitezke horregatik museoan.

Hirugarren solairuan gordetzen du Euskal Museoak bere beste pieza preziatuetako bat: kontsularen etxea. Bilboko San Anton elizaren ondoan zegoen iraganean kontsulatua, eta han zeuden altzari eta objektuak biltzen dituzte areto handi batean. Garai hartako merkataritza harreman eta tratatuak hantxe hitzartu eta negoziatu ziren, altzari horien parean. Horregatik, azken solairu horretara iristearekin batera, kontsulatu hartan egotearekin pareka daiteke. Eta horregatik akaso, hiru urtean behin, kontsulatu berriak aukeratzen direnean, San Anton elizatik Euskal Museoaren hirugarren solairura joaten dira kontsul izendatu berriak hantxe egiteko bere karguaren zina. Ohitura eta usadio zaharrak biltzen dituen museoan egiten dute gaur egun ere ekitaldi tradizional hori. Objektuen biltegi soil izateaz gain, ohitura zaharren lekuko ere izateraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.