Irakurri hemen serieko artikulu guztiak
«Pistola batekin mehatxatu ninduten behin». Halakoak eguneroko ogi izaten zirela dio Yogurinha Borovak. 1990eko hamarkada betea zen orduan, eta drag-ak urrezko aroa zuen genero artistiko gisa, nahiz eta klandestinitateak eta gaueko giroak asko baldintzatu horretan aritzen zirenak. «Hura bolborategi bat zen».
Zorionez, aldatuz joan zen egoera, eta ostrazismo hura atzean gelditua da egun. Transformista mitikoek lekukoa utzi zietenetik drag errege-erreginei, muga imajinaezinetara zabaldu dute artea. Izan ere, bigarren loraldian da egun genero artistiko hori. Garaian garaiko izarrak imitatzen zituen transformismo klasikoa eta ondorengo trabestismo baldar eta klandestinoa diziplina anitzeko drag bilakatu da orain. Euskarri digital berriek bulkada berezia eman diote, gainera, modua eman baitute diziplina askotariko eremuetara zabaltzeko.
«Jendeak uste du makillatzea, ileorde bat jartzea eta abestea besterik ez dela, baina lan handia dago atzetik»ALBINA STARDUST'Drag' erregina
Halaber, generoaren barrerak gurutzatu ditu diziplinak, eta urteetan hain hermetikoa izan dena zabaldu egin da. Belaunaldi erreleboak ere berebiziko garrantzia izan du artearen segida bermatzeko, nahiz eta transformista beteranoen aburuz alde handia egon gizaldi batetik bestera. Batzuen esperientziak eta besteen freskotasunak korronte artistiko berritzaile eta sendoa azaleratu dute, ordea. Horren adierazle garbia da Euskal Herriko drag komunitatea, hamarkadaz hamarkada amaraun bat ehundu baitute hartako kideek, sare sendoa osatzeraino.
Baldintza duinen eske
«Drag mugimendua izugarri handitu da, eta horrek lagundu du gure bizimodua ikusgarriago egiten eta baldintzak hobetzen», esan du Yogurinha Borovak. Halaber, azaldu du genero artistiko gisa ere aldatu dela, kutsu artistikoagoa hartu baitu. Diziplina etengabe aldatzen ari da. «Baina asko dago egiteke oraindik». Izan ere, ibilbide luzea egin du drag-ak, eta, gorabeherak gorabehera, beste horrenbeste du egiteko normalizazio betea lortze aldera. «Egoera asko hobetu bada ere, ezin gara erabat lasaitu», esan du Albina Stardustek irmo. Lan-baldintzak, esaterako, maiz oso kaxkarrak izaten dira, salatu duenez: «Baldintza oinarrizkoenak baino ez ditugu eskatzen». Izan ere, jatetxe batean egin zuen lan denbora batez, ezkondu aurreko agurrak girotzen, eta azaldu du komunetan aldatu behar izaten zuela, bezeroentzako komun beretan. «Komunak pixa eta kaka egiteko tokiak dira, ez aldagelak».
«Guk beti izan dugu argi euskarak eta euskal kulturak ardaztuko dutela gure lana; euskara transbertsal bihurtzen da da horrela»
MARUXAK Trabestiak
Horrek agerian uzten du diziplina zenbateraino gutxiesten den, sakrifizio andana dakarren arren. «Jendeak uste du makillatzea, ileorde bat jartzea eta abestea besterik ez dela, baina lan handia dago atzetik». Hain zuzen ere, ordubeteko ikuskizuna egiteko, egun osoa eman behar izaten dute prestatzen, eta makillajea eta arropak garestiak izaten dira, Stardustek esan duenez: «Hori guztia ordaindu egin behar da, gastu asko dira, eta jendeak gehiago baloratu beharko luke hori».
Yogurinha Borova arduratuta dago trabestifobiarekin. Esaterako, zenbait emakumek iraindu egin zuten behin feminismoaren izenean, iritzita drag-a feminitateaz iseka egiteko tresna bat zela. «A zer-nolako feministak», esan du ironikoki. Dioenez, egun ere gertatzen dira horrelakoak. «Donostiara joan nintzen haurrentzako ikuskizun bat egitera, eta hainbat dei anonimo jaso zituen zentroak, haurrak doktrinatuko genituelakoan».
Drag-a eta euskara
Albina Stardusti bateraezinak iruditzen zitzaizkion euskara eta drag-a, baina konturatu zen Euskal Herrian kultura hori hedatu nahi bazuen euskaraz aritzea zela eraginkorrena. Yogurinha Borova ezagutu zuenean, txunditurik gelditu zen, hura izan baitzen lehenengoa trabestismoa eta euskara lotzen. «Yogurinha nire drag ama da, hark ireki zidan bidea». Beraz, euskarazko edukiak sortzeari ekin zion, eta, bistakoa denez, eragin handia izan du: 2021etik, ETBko Biba zuek! saioan dabil lanean Albina, LGTBI kolektiboaren inguruko gaiak lantzen.
Hibridazio horrek ahoa itxi die askori, eta orain dela gutxi arte pentsaezina zen fenomeno bati bide eman. Yogurinha Borovak ederki asko daki hori, hainbatetan gutxietsi baitute euskara eta transformismoa uztartzeagatik. Izan ere, euskararen bideari aspaldi ekin zion, baina jaso zituen fruituak ez ziren izan esperotakoak. «Aitzindaria zen oso trabesti batek euskaraz kantatzea, baina ez zidaten kasurik egin».
«Giroan murgiltzeko Bilbora edo halako hiri handi batera joateak amorratu egiten ninduen; lasaiago nago orain, herri txikiak eta erromeriak asko 'mamarratxeatzen' dabiltzalako»ALEX ARTZELUS, 'ALEX LATEX'Altxalili kabareteko kidea
Orain egoera aldatuz doa, eta euskarak bere tokia hartu duela dio. «Euskara altxor bat da, esparru guztietara zabaldu beharrekoa. Errentagarritasunari begiratuko banio, ingelesez egingo nituzke abestiak». Maruxak taldeak ere horretan dihardu, eta euskarari atxikita daudela berretsi dute. «Guk beti izan dugu argi euskarak eta euskal kulturak ardaztuko dutela gure lana». Izan ere, iruditzen zaie aberasgarria dela ezohiko bide batetik euskararen alde egitea. «Euskara transbertsal bihurtzen da horrela».
Besteak beste LGTBI kolektiboaren barrenean euskara sustatzeko helburuarekin sortu zuten Altxalili kolektiboa Ipar Euskal Herriko hainbat «maritxu eta bollerak». «Zeozer euskaraz egin nahi genuen; nazkaturik nengoen gay izateagatik giroko esparruetan erdaraz egin behar izateaz», esan du kolektiboko kide Alex Artzelus Alex Latex-ek. Halaber, Iparraldeko landa eremuetako LGTBI komunitatea oholtzaratzeko ahalegina ere egiten dute kolektiboko kideek. «Giroan murgiltzeko Bilbora edo halako hiri handi batera joateak amorratu egiten nunduen», esan du Alex Latexek. Izan ere, herri ttipietako erromeriak dira haren habitat naturala: «Halako lekuetan libre sentitzea eta sexilioa amaitzea ere bada gure helburua». Halere, egoera aldatuz doala erantsi du: «Lasaiago nago orain, herri txikiak eta erromeriak asko mamarratxeatzen ari direlako».
«Trabestifobia, homofobia eta transfobia gehiegi dago oraindik jendartean»NAGORE GORETrabestia
Gizartea zenbateraino eraldatu den galdegin dio Nagore Gorek bere buruari: «Trabestifobia, homofobia eta transfobia gehiegi dago oraindik jendartean». Halaz ere, aurreko belaunaldietakoen lana goraipatu du Albinak, ateak ireki baitizkie belaunaldi berriei: «La Otxoak, Yogurinhak, Asier Bilbaok, Felliniek... bidea urratu dute, eta guri borrokan segitzeko kemena eman». Denek ala denek uste dute generoa bezala aurreiritziak ere erantz daitezkeela, eta, argi dute bazterretik bada ere artea performatzen eta aldarrikatzen jarraituko dutela, kosta ahala kosta.