ATZEKOZ AURRERA. Joxe Aldasoro. Iruñeko Egile Berrientzako Literatur Lehiaketako irabazlea

«Torturari buruz ez dugu hitz egiten, ez garelako gai»

'Biyer egueldi' lanari esker irabazi du saria Aldasorok. Espetxeratzearen ondorioen inguruan idatzi du: «Tortura heriotza ere bada».

IÑIGO URIZ / FOKU.
itsaso jauregi 2
Etxarri Aranatz
2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Haur hezkuntzako irakaslea goizetan, eta idazlea arratsaldetan. Joxe Aldasoro (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1974) duela hamar urte hasi zen kontakizun laburrak idazten, eta, hainbat lehiaketatan parte hartu eta gero, Iruñeko Egile Berrientzako Literatur Lehiaketa irabazi du, narrazioan, Biyer egueldi lanarekin. Juan Cruz protagonistaren eskutik, torturak utzitako arrastoa irudikatu du kontakizunean.

Nola hasten zara orri zuriaren aurrean zaudenean?

Ez dago prozesurik. Oso kaotikoa naiz. Azkeneko lana idazteko orduan, zortzi zirriborro egin nituen. Lehenengo hamar orriak irakurtzen nituen, eta pentsatzen nuen: «Honek ez du ezertarako balio». Nik nire buruan pelikula ikusten dut, baina pelikula ona ikusi arte hainbat saiakera egin behar ditut.

Biyer egueldi: zertan oinarritu zinen hura idazteko?

Torturatuok laugarren mailako herritarrak gara. Sufrimendu horren inguruan zerbait esan nahi nuen. Ez nintzen atrebitu lekukotza zuzenetan oinarritzen, batez ere errespetuarengatik. Ezinezkoa baita hor barruan sentitzen dena adieraztea. Batez ere unibertsitatean nengoen garaian oinarritu nintzen. Iruñean harrapatu zuten gazte bat txikituta utzi zutela gogoratzen dut,eta tipoa ez zen kapaz begirada mantentzeko. Beste pertsona bat erabat baliogabetuta atera zen. Tortura heriotza ere bada.

Torturak senideengan duen eragina erakustea garrantzitsua zen?

Bai, haiek ere sufritu baitute egoera, sekulako larritasunarekin. Torturatua espetxera joan edo kalera joan, ingurukoek jasan behar dute. Torturatuak ingurune bat baldin badauka, errazagoa da egoerari buelta ematea. Juan Cruzen amaren pertsonaia idazteko, nire amarengan oinarritu nintzen: nire anaia ere torturatu baitzuten. Amaren figura berezia dela uste dut: beti hor daude, bigarren lerroan, isilean.

Lagunen galderek tortura berpizten dute?

Bai, tortura berriro bizitzea da. Tortura gai tabua da neurri batean. Hor baitago karga astuna. Hor zaudenean izenak esaten dituzulako, eta errua beti daramazu gainean.Karga hori izugarria da, lotsa. Torturari buruz ez dugu hitz egiten, ez garelako gai. Oso zaila da.

Zergatik aurten Enrique Maiak ez ditu sariak eman, zure ustez?

Aurreko sariak entregatu baino aste batzuk lehenago, betoa jarri zion Pirritx eta Porrotxen emanaldiari, eta sari banaketan baten bat agertu zen pailazoz mozorrotuta, elkartasuna adieraziz. Harentzat ez da atsegina izango; ez dut uste askorik inporta zaionik, baina ez da argazki erakargarria. Hori nire hipotesia da, besterik ez.

Iruñeko Udalak euskal literatura sustatzen duela uste duzu?

Lehiaketa honen bitartez sustatzen dute, bai, baina, gero, euskararentzat inportanteagoak diren beste alor batzuk hor daude, baztertuta. Haur eskolen auzian, adibidez, beren benetako jarrera erakusten dute.

Kontakizuna zure kabuz ere argitaratu nahi duzu?

Argitaletxe batzuekin harremanetan jarri naiz, baina esan didate lan asko dituztela itxaron zerrendan. Gaur egun asko idazten da; oso zaila da zerbait publikatzea.

Euskal literatura indartsu dago, beraz?

Bai. Kontuan hartuta irakurle potentzialak ez garela asko, uste dut ekoizpena handia dela. Gero, literaturan aditua denak esango du: gauza bat da kantitatea, eta bestea kalitatea. Nik kalitatearen inguruan ezin dut ezer esan, baina ekoizpena handia da. Emakumeek batez ere ekoizpen politiko, kultural eta literario garrantzitsua ekarri dute.

Arrats gorri biyer egueldi esaldiarekin amaitu duzu narrazioa. Etxarri Aranazko esaera zaharra da?

Bai. Ilunabarrean zeruan ikusten den kolore gorrixkak esan nahi omen du hurrengo egunean eguraldi ona egingo duela. Amaiera baikorra da, ez dago besterik. Beste zirriborroetan erabili ditudan izenburuak bestelakoak ziren, baina baikortasuna transmititu nahi nuen. Torturarena latza da, baina aurrera egitea posible da. Egin behar da; beharturik gaude aurrera egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.