Udako proposamenak

Tomatea lehen lerroan

Tomatearen Eguna ospatuko dute igande honetan Cadreitan, hamalaugarren aldiz.

Tomate deskarga bat, artxiboko irudi batean. ANDREU ESTEBAN / EFE
Tomate deskarga bat, artxiboko irudi batean. ANDREU ESTEBAN / EFE
2024ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun

Cherrya, hemengoa, adar tomatea, txikia... Tomate mota asko eta asko dira aurki daitezke merkatuan, eta udako jakirik kutunenetakoa da jende askorentzat.

Nafarroan produktu oso preziatua da tomatea, eta, Cadreitan (Nafarroa), zer esanik ez. Tomatea eta haren kontserbazioa oso jarduera garrantzitsua izan dira urte askoan Cadreitan. Ez alferrik, herriak omenaldia egiten dio tomateari urtean behin, egun bat adin guztietarako moduko jardueraz beteta: lehiaketak, dastaketak, musika...

Igandean ospatuko dute aurtengo Tomatearen Eguna; hamalaugarrena izango da. Urtero bezala, jarduera gastronomikoak eta aisialdikoak uztartuko dituzte, tomatea beti presente dagoela.

Egitarau zabala

Ekintza sorta zabala antolatu du Cadreitako Udalak iganderako. Egunari 10:00etan emango diote hasiera. Bertan, tomatea osagai nagusi gisa duten plateren lehiaketa egingo da. Parte hartzaileek udalbatzar aretoan aurkeztu beharko dute beren platera, 10:00ak baino lehen. Lehiaketako sariak hauek izango dira: bi pertsonarentzako dastaketa menua Remigio jatetxean, eta bi lagunentzako bidaia bat.

10:30ean, agintarien harrera egingo dute, udaletxeko plazan. Ordu berean, tomate itsusienaren eta pisutsuenaren lehiaketarako eta diana jaurtiketarako izen emateak irekiko dituzte, plazako frontoian. Ehun euroko saria jasoko dute tomate itsusienak eta pisutsuenak, eta diana jaurtiketak, berriz, bi sari izango ditu: igerilekurako abonua haurren kategorian, eta ehun euroko saria helduenean. Horrez gain, tomateei buruzko marrazkien lehiaketa ere ordu berean izango da, hori ere plazako frontoian —haurrentzat izango da—. Lehiaketa horretan ere igerilekurako abonuak eskuratuko dituzte irabazleek.

Horren ostean, 11:00etan, Virgen del Rosario jubilatuen elkarteak Tomatearen Eguneko pregoia irakurriko du, eta, jarraian, udal bandak, agintariekin batera, postuetan zehar ibiliko dira; postu horietan, zenbait enpresak beren produktuak erakutsiko dituzte. Tomate jaurtiketako izen ematea 11:00etatik 12:30era bitartean egin beharko da, Nafarroa etorbideko postuan. Urtero bezala, tiketak salduko dira. Sei euro balioko du bakoitzak, eta, horiekin, hiru ardo eta hiru pintxo hartzeko aukera izango da. Ardo kopa bat ere oparituko dute tiketa erostean.

13:00etan egingo da tomate jaurtiketako lehiaketa, San Migel pasealekuan: tomatea urrunen jaurtitzen duenak irabaziko du. 14:30ean, herri bazkariaren txanda izango da. Plazan egingo dute, eta En Esenzia orkestra arituko da giroa alaitzen.

Eguneko azken ekitaldia 18:30etik 20:30era izango da. Teodoro Bergara ganadutegiko bigantxak izango dira herriko kaleetan. Egun osoan, aukera egongo da tomatea nahitaezko osagai gisa duten pintxoak probatzeko herriko tabernetan. Tonbola bat ere izango da, sari eta guzti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.