Suziria zaratatsua izanagatik, kutsadura ere sortzen du. Hondakinak biltzeko sistema berria jarri dutenetik tolosarrek kontzientzia handiagoa dutela iritzita, inauteriei hasiera emateko beste modu bat proposatu zuen Kabi-Alai elkarteko buruak: txupinazoarekin hasi beharrean, txarangetako txapen soinuarekin hastea. «Zuek agintzen badiguzue suziria bota ondoren dena behar bezala jasoko duzuela, txupinazoa botako dugu. Zer nahiago dituzue txindatak edo suziriak?». Leporaino beteta zegoen Tolosako (Gipuzkoa) Plaza Zaharrak aho batez egin zuen oihu: «Txupinazoa!». Herritarren nahiari men eginez eman zion su txupinazoari Joakin Izagirre aurtengo inauterizale kutunak.
Izagirre suziriari su ematen ari zitzaionean, tentsioa nabari zen plazan. Ostegun gizena zen, Tolosako inauterien abiapuntua. Irrikan zeuden plazan bildutakoak. Haur, gazte zein heldu, denak txilaba soinean zutela. Gaztetxoetako asko, berriz, koloretako buzoa jantzita. Jedartean zeuden Isabel Ibañez eta Ismael Lete ama-semeak, txilaba eta guzti. Inauteriak «behingoagatik» iritsi direla-eta pozik zeuden. «Kristoren gogoarekin gaude», zioen Letek. «Tolosarrentzat benetan bereziak dira inauteriak, gau eta egunez ibiltzen gara kalean». Etxera beharrezko lo orduak egitera baino ez direla joaten nabarmendu zuen Ibañezek.
Txupinazoarekin batera lehertu zen festa plaza zaharrean. Txarangaren doinuek lagunduta ekin zioten dantzari Ibañezek, Letek eta plazan zeuden beste ehunka pertsonak. Kalejira hasi zutenean, izan zen momentu itogarririk, denek nahi baitzuten plazatik atera eta txarangaren doinura parrandan joan. Pintxana eta Kabi Alai aritu ziren atzo kaleak alaitzen. Julen San Martin Pintxanakoak adierazi zuen kaleak girotzeko asmotan baino gehiago, lehertzeko asmotan zebiltzala. «Arratsaldean ere arituko gara jotzen, zezen plazarako igoera eta jaitsiera egingo ditugu. Gaurko [atzoko] txaranga ofiziala baikara, eta zezenei sarrera ematea tokatzen zaigu».
Kantoirik kantoi, musika
Kalerik kale entzuten ziren doinuak, eta jendea ez zitzaien baztertzen. Eguraldia ere lagun izan zuten. Aurreko astean baino epelago zegoen, eta eguzkiaren berotasuna ere sentitu zen. Kalean egoteko gogoa ematen zuen atzo, eta tolosarrek ez zioten uko egin nahi horri.
Inma Mujika kuadrillarekin batera zebilen. Emozio handiko ekitalditzat jotzen du txupinazoa. «Mantendu beharrekoa da». Urtero legez jaien hasiera «zoragarri» irten zelako, gustura zegoen. Egun asko dituzte Tolosako inauteriek. Aukeratzekotan ostegun gizena aukeratuko luke, baina egun bakoitzak bere xarma duela dio. «Hurrengo egunetan kanpoko jende ugari etorriko da; osteguna gureagoa izaten da, ia-ia tolosarrentzat bakarrik».
Hurrengo egunetako jende uholdea hartzeko prest daude tabernariak. Atzo eguerdirako, hala ere, jendearen sartu-irten handia zeukaten. Tragoa eskuetan baitzebiltzan tolosarrak dantzan. Txorizo pintxoak ere ez zituzten urruti. Ohiturari jarrituz, taberna eta dendariek pintxo bana ematen baitzieten bertaratzen zirenei.
Plaza Berrian zebiltzan Maria Etxezarreta, Naroa Gorostidi eta Eneko Santos. Azterketak bukatu berri dituztenez, atzo «parranda handia» egiteko asmoa zuten. Inauteriak, horregatik, «garai ezin hobean» datozkie urduritasun denak gorputzetik uxatzeko. Emaitzen berri ez zuten oraindik, eta, alde horretatik, jaiak lasaiago ospatuko dituztela zioten. Lagunekin bazkaltzekoak ziren, eta, ondoren, zezen plazara joateko plana zuten. «Saltoka», txarangaren erritmora.
Hori da Tolosako inauterietan inoiz huts egiten ez duen beste ekitaldietako bat. Zezen plazaren neurriengatik esaten dute betetzen zaila dela. Ospe hori, ordea, erabat alboratzen da, inauterietan leporaino betetzen delako. Kuadrilla guztien ohitura izaten da. Etxera gutxik joko zuten atzo. Lorena Renedok, behintzat, ez zuen horretarako asmorik. «Bazkaldu, afaldu eta behar den guztia kalean egingo dugu». Ostegun gizena bera nahikoa ospakizun izanagatik, bazuen festarako aitzakia handiago bat: haren urtebetetze eguna zen. «Ezin kexatuko naiz». Gustuko ditu inauteriak, baina aurten ezin izango ditu behar bezala ospatu: «Ikasten ari naiz Pasaian, eta han ez dut jaiegunik». Arrazoi beragatik aurten karrozarik ere ezin izan duela egin aitortu du. «Bakoitzaren bizimodua horren desberdina denez, ezin izan dugu kuadrilla elkartu». Leteri ere gauza bera gertatu zaio. «Ez dugu karrozarik egin, denbora faltagatik gehienbat».
Naturari lotutako pregoia
Orgak egiten iaioa da Joakin Izagirre, aurtengo inauterizale kutuna. Urteetan egin ditu karrozak. Txupinazoa bota aurretik, omenaldia egin zioten Izagirreri atzo Tolosako udaletxeko pleno aretoan. Kabi Alai kongregazioareneskutik jaso zuen izendapena, 50 urteetan egindako lanagatik; —Izagirre horko kide da. Hunkituta jaso zuen saria tolosarrak.
Kabi Alai elkarteko mazoduna da Unai Iparragirre. Udaletxeko balkoira irten aurretik egin zituen adierazpenak. Adin aniztasunagatik gustatzen zaizkio inauteriak. «Gazteak eta zaharrak ateratzen dira; polita da elkarbizitza hori ikustea». Kezkak albo batean utzi, eta parrandan ateratzeko animatu zuen jendea Iruretagoienak. Pregoia irakurtzean ere aldarrikapen berari eutsi zioten Kabi Alaikoek. Baina aurretik aurtengo erabakiak adierazi zituzten.Natura «inoiz baino gehiago» zaintzeko hautua eginzuten. Horretarako, Kyotoko Protokoloa betetzeko neurriak hartuko dituztela azaldu zuten, baita zarata jaisteko ere.
Inauterizale porrokatu batzuek, ordea, bezperan, asteazken gauean, hasi zuten festa. Vista Alegre txarangakoek duela 25 urtetik dute ohitura hori. Ofizialki edo ez, argi dago festazaleen paradisu bihurtu dela Tolosa; etzitik asteartera, berriz, mozorrotuta ateratzeko aukera izango da.
Tolosarren izenean
Plaza Zaharrean bilduta zegoen jendetzaren eskakizuna beteta bota dute txupinazoa. Hurrengo bost egunetan kolorez eta imajinazioz beteko dira Tolosako kaleak. Mozorroak, baina, igandean aterako dituzte armairutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu