Tolosan plaza bat inauguratu dute Euskal Pizkundea gogoan harturik

Aitzolek eta haren belaunaldikoek euskara eta euskal kulturaren alde egindako lana eskertu nahi izan dute

Jende ugari bildu zen Euskal Pizkundearen plazan, ekitaldiak zuzenean jarraitzeko. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Tolosa
2013ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Atzera begira jarri zen atzo Tolosako herria (Gipuzkoa). «Atzera begira, iragana ezagutu eta etorkizuna eraikitzeko». Halaxe adierazi zuen Ibai Iriarte Tolosako alkateak. Jose Ariztimuño Aitzol eta haren belaunaldikoen omenez, Euskal Pizkundea izendapena eman zioten Aranburu jauregiaren ondoko plazari. Hain zuzen ere, 1940. urtean, euskal pizkundean, «giltzarri» izan baitziren Aitzol eta enparauak. Euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuten lana eskertu zuen udalak, eta omenaldi xumea bezain hunkigarria antolatu zuen. «Izan zirelako gara orain garena, eta horrexegatik omendu ditugu», adierazi zuen Iriartek.

Gainezka egin zuen udaleko areto nagusiak. Lehenengo lerroan, Aitzolen senitartekoak eta udaleko ordezkariak eseri ziren; atzeko aulkietan, berriz, euskaltzaletasunari lotutako hainbat eta hainbat. Baita herritarrak ere. Omenaldiarekin abiatzeko, Iriartek berak hartu zuen hitza: «Bigarren Errepublikako garaian egoera tamalgarria zen, eta apurka-apurka, Euskal Pizkundea deritzon herri mugimendua sortu zuten. Bertan parte hartu zuten gizon-emakumeen zerrenda oparoa eta zabala izan zen. Era guztietako diziplina artistiko, politikagintza, hezkuntza nahiz beste eginkizunetara zabaldu zuten euskara». Ondorioz, Euskal Herriak sekulako pizkundea izan zuen, «sekula ezagutu ez den bezalakoa». Barru-barrutik mintzatu zen Iriarte, eta esaldi sakon batekin amaitu zuen: «Haiek ereindako hazitik ari gara sortzen lore berriak».

Hazia nola erein zuten bideo-dokumental baten bidez ikusi ahal izan zuten bertaratu zirenek. Aitzolen historia errepasatzen duen dokumental baten zati handi bat bistaratu zuen Arantzadi zientzia elkarteak —urrian estreinatuko du osorik, Aitzolen fusilamenduaren urteurrenarekin batera—. Hainbat testigantzaren berri izateko aukera eman zuen. Aditu ugari bildu ditu dokumentala osatzeko; besteak beste, Donostiako alkate ohi Ramon Labaien, Aitzolen senitarteko Aitzol Azpiroz, Mikel Aizpuru historialaria, Arantzadiko idazkari nagusi Juantxo Agirre eta EHUko irakasle Lourdes Otaegi.

Guztiek ere goraipatu egin zuten Aitzolek euskarari eta euskal kulturari eginiko ekarpena. Abertzaletasunagatik gizon konprometitua zela adierazi zuten. Otaegik gogoan hartu zuen haren ezaugarririk «nagusiena»: «Gertukoa zen Aitzol, euskara herrikoiaren zalea. Herritarrek ulertzeko moduko euskara maite zuen. Esaterako, literaturan euskara jasoa erabiltzen zen, eta ez zen horren aldekoa. Bertsolaritzatik hurbilekoa zen».

Bertsolariek ez zuten estimu handirik garai hartan; Aitzolek ekarri zuen aldaketa. «Sagardotegietatik herrira eraman zuen bertsoa. Txirrita eta beste hainbat aupatu zituen», nabarmendu zuen Otaegik. Bertsolaritzan ez ezik, prentsa idatzian eta sindikalismoan ere lan handia egin zuen Aitzolek. Sindikalismoa bultzatu zuen, langileen eskubideak bermatuko zituen erakunde baten beharraz jabetu zelako. Hala, ELAren sorreran parte hartu zuen.

Kontu horiek eta gehiago gogoratzen lagundu zuen bideo-dokumentalak. Aitzol torturatu eta hil zuteneko aipamenak ere ez ziren falta izan. Ordea, omenaldia arintzeko, Euskal Pizkundearen plazara bideratu ziren partaide guztiak. Bertan zituzten zain abeslariak eta dantzariak. Hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izan zuten. Besteak beste, Elene Arandia abeslariak lau kantu abestu zituen, Lask abesbatzaren laguntzaz. Antzerki bat ere egin zuten bi gaztek. Lizardiren, Lauaxetaren, Aitzolen eta beste hainbat euskaltzaleren olerkiak ere ez ziren falta izan.

Arreta gehien, dena den, Labaienengan jarri zuten bertan zirenek. Euskal Pizkundeari buruz mintzatu zen: «Pizkundeak euskal kultura sendotzen lagundu digu, eta nazioa sortzen. Hori bai, nazio zentzua ulertzea falta zaigu oraindik. Sendotu egin gara, baina gehienetan euskaldunok elkarren kontra egiten ari gara. Pizkundearen sinboloa bake sinboloa da. Hitz batean, berpizte sinboloa». Aberri Eguna ate-joka dagoela baliatu zuen hitzaldia amaitzeko: «Aberri Eguna ez da ekintza politikoa. Gure herri txiki bezain tinkoari omenaldia egin behar genioke. Pena dut gure instituzio publikoak ez direla partaide izaten».

Omenaldia amaitu aurretik, Iriartek mikrofonora hurbildu nahi izan zuen: «Euskararen alde hainbeste lan egin zutenen bide beretik ilusioz eta sendo jarraituko dugula aldarrikatu nahi nuke. Munduari adierazi hemen segitzen dugula euskaraz bizitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.