Komunikazioa

Tolosaldeko Ataria komunikazio talde berria martxan, bihartik aurrera

'Galtzaundi Aldizkaria', 'Tolosaldeko Hitza' eta Txolarre irratia enpresa zein erredakzio bakarrean bilduko dira

Ainhoa Oiartzabal Tolosaldeko Atariaren arduraduna, lankideekin, atzo erredakzioan. IDOIA ZABALETA  / ARGAZKI PRESS.
Ainhitze Ruiz.
2013ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Tolosaldeko Ataria izena du ostiralean Gipuzkoan martxan jarriko den proiektu komunikatibo berriak. Tolosaldeko Hitza-k, Galtzaundi Aldizkaria-k eta Txolarre irratiak bat egin dute, Tolosaldeko Komunikazio Taldea (TKT) sortzeko. Horren ondorioz, lehenengo biak kazeta bakar bihurtuko dira: Ataria. Interneteko gunea Tolosaldeko Ataria izango da, eta uninetan, Ataria Irratia arituko da.

Aurretik ere elkarlanean ari ziren hedabide hauek, baina, funtsean, bakoitzak bere ibilbidea egin du (10 urtetik gorakoa denak). Orain, teknologia berrien aroari begira, batera jarduteko garaia dela erabaki dute. Horrela, «indarrak batu, baliabideak optimizatu eta eraginkorragoak izateko ahalegina» egingo dute. Ainhoa Olartzabal Atariko arduradunak esan duenez, «iritsi da unea beste jauzi bat egiteko, adibidez interneteko plataforma sendo bat egiteko». Hor bakarka baino, «denok batera jardutea hobeto zela argi ikusten zen».

Bihar argitaratuko da proiektu berri honen zero zenbakia. Ataria-ko arduradunak esan duenez, paperari dagokionez, gaur egun Hitza-ren argitalpen egunei eutsiko die: astearte, asteazken eta ostegunean zortzi orri argitaratuko dituzte. Ostiralekoa 24 orriko astekaria izango da, eta, bestelako albisteak jasotzeaz gain, asteburura begirako produktua eskainiko du. Paperarekin batera, atari digitalaren «zero ordua» izango da bihar, eta irratiarekin igandean hasiko dira, Kilometroak jaiarekin batera.

Atari digitala izango da batasunaren emaitza nagusia, euskarri desberdinak ez ezik, herritarrek zuzenean parte har dezakete bertan. Interneteko atariak hainbat ezaugarri izango ditu: gaurkotasuneko albisteak, gazteentzako gune bat, blogak sortzeko aukera, eskualde guztiko agenda, zorion agurrak jartzeko aukera, eskelak, iragarki laburrak, eguraldia, gida komertziala...

«Kilometroaken ondoren gure erronka Tolosaldearen ispilu izatea izango da», dio Oiartzabalek. «Tolosaldeko 28 herritako berri garrantzitsuenak zabaldu nahi ditugu, herritar guztiek beren burua ikus dezaten». Egitasmo honen helburua da Tolosaldeko 28 herrietako erreferentzia bihurtzea, herritarren parte hartzea bultzatzea eta 28 herrietako eragile nahiz norbanakoen intereseko gaiak euren parte hartze zuzenarekin lantzea.

Osagarriak

Komunikabide bakoitzak bere kapitalik onena jarri du, prozesua, haustura beharrean, jarraipen ordenatua izan dadin. Bakoitzak bere esperientzia ekarri du Tolosako erredakzio bateratura. Hasiera batean, «komunikabideen logoei eutsiko diegu azpimarka gisa, jendeak geu garela jakin dezan», esan du arduradunak.

Euskalgintza da Tolosaldeko Atariaren oinarri nagusia, euskararen normalizazioan eragiten duen komunikabidea da, eta hori sustatu nahi dute. Euskalduntzeko behar berezia duten alorrei begirako lanketa berezia egingo dute. «Batzuetan ahaztu egiten dugu zein esfortzu eskatzen duen euskarazko komunikabide bat kalean izateak, hutsune asko daude, eta horretan lanean jarraitu behar dugu», dio Oiartzabalek.

Oraingoz, abendura arte jarri dute proba epea. Urte amaiera arte, orain arteko eskaintzari eutsiko diote, eta, urtarriletik aurrera, beste kolpe bat eman nahi dute: irratsaioa luzatu eta atari digitala gehiago garatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.