Tolosa kaleratzea «bidegabea» izan zela ebatzi du epaileak

Josetxo Lizartzak ere ez du jarraituko ETBko pilota emankizunetan, Bainetek hala erabakita

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Joxean Tolosa pilotari ohia 23 urtez aritu zen ETBrentzat pilota partidetan esatari lanetan. Ia gehienetan, Xabier Euzkitze kazetariaren alboan. Irailaren 29an aritu zen azkeneko aldiz ETBrentzat, Logroñon (Espainia). ETBren Kirol sailak zenbait aldaketa egin nahi zituen, eta denboraldi honetan Tolosarekin ez jarraitzea erabaki zuen. Baina pilotari ohiak auzitara eraman zuen ETB, kaleratzea «bidegabea» zela salatuta. Donostiako epaitegi batek arrazoia eman dio Tolosari, eta, sententziaren arabera, ETBk bost eguneko epea du Tolosa berriro lanean jartzeko ala kalte-ordainak emateko. Sententzia horri helegitea jar diezaiokete bai ETBk,bai pilotari ohiak. Izan ere, sententziak orobat dio talde publikoak Tolosarekin zuen harremanaren etetea ez dela «baliogabea».

Tolosak autonomo gisa egin zuen lan ETBrentzat 1995etik 2016ra, baina, Lan Ikuskaritzak esku hartu ostean, 2016an kontratu mugagabe partziala egin zion telebistak —astean lau ordukoa—.

2019ko irailaren 12an, ETBk gutun bidez jakinarazi zion kaleratzea Tolosari. Orduan, auzitara jo zuen pilotariak. Aste honetan eman duten sententziaren arabera, ETBren kaleratzearen arrazoia «orokorra» eta «zehaztasunik gabekoa» da. «Eta ez du arrazoitzen ETBk 'irudi berri bat' emateko nahia». ETBk erabakiko balu kalte-ordaina eman ordez Tolosa berriro lanean jartzea, kaleratzea gertatu zenetik sententzia atera den arteko soldatak ordaindu beharko lizkioke. Tolosak ez du gaiaren inguruan adierazpenik egin nahi.

Lizartza, Bainetetik kanpo

ETBko pilota emankizunetatik kanpo gelditu da Josetxo Lizartza ere, baina ez telebistaren erabakiz, baizik eta Bainet ekoiztetxearekin izandako desadostasunak direla eta. «Bainetek bukatu egin du nirekin», esan du Lizartzak. 1993ko irailetik aritu da kazetaria lanean Bainet ekoiztetxearentzat —larunbat arratsaldetako pilota jaialdien emankizunez arduratu da—. «Bidea polita izan da, emankorra, gustura egindakoa. Baina bukaera bat-batekoa izan da, ustekabekoa». Kazetariak nabarmendu du ekoiztetxeko lanarekin «erabateko inplikazioa» izan duela urteotan. 63 urte ditu kazetariak, eta orain hausnartu egin nahi du etorkizunaz. «Baina lanerako gogoz eta prest nago».

Lizartzaren hutsunea betetzeko, Joseba Urkiola ETBko Kirol zuzendariak azaldu du Xabier Euzkitze arituko dela esatari larunbatetako pilota jaialdietan. Lehen, ostiral gauetan eta igandeetan aritzen zen Euzkitze, eta orain larunbatetan eta igandeetan arituko da. Ostiral gauetako partidetan, berriz, Urkiola bera arituko da esatari.

Urkiolak nabarmendu du, bestalde, ETBk ez duela zerikusirik Baineten eta Lizartzaren arteko aferarekin. «Duela bi aste, ekoiztetxeak jakinarazi zigun esatari bat behar genuela urtarrilaren 4ko jaialdirako», gaineratu du ETBko ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.