Tolosa ere Bizkarsoro da

Euskal Herriko zazpi lurraldeetan estreinatu dute 'Bizkarsoro' filma. Tolosan jendetza bildu da filma ikusteko eta Josu Martinezekin bizipenak partekatzeko. Ikusle asko hunkitu ditu filmak.

'BIZKARSORO'
Josu Martinez, herenegun, Tolosako Leidor aretoan. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Tolosa
2024ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

San Frantzisko pasealekuan, Tolosan (Gipuzkoa), jende andana dago ilaran. Leidor aretoan sartzeko hain ilara luzerik ez omen da egon Ama begira zazu-tik; hori da zain dagoen gizon batek nabarmendu duena. Ilaran dago Ana Mari ere. Azaldu du Laskorain ikastolaren bidez izan duela emanaldiaren berri: «Goizean etxeko gazteena etorri da ikustera, eta, harekin eztabaidatzeko, gu gatoz arratsaldez». «Iruditzen zait orain arte jasotako ikuspegitik diferentea izango dela», uste du Imanolek. Iraia lagunekin joan da, interesatuta: «Herri imajinario bat da, baina edozein herritan gerta zitekeen». Tolosan ere bai.

Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro filma ikustera joan ziren herritar ugari herenegun Tolosako Leidor aretora. Ipar Euskal Herriko fikziozko herri batean kokatuta dago filma, XX. mendean, eta euskarak eta euskaldunek jasandako errepresioa du hizpide. Donostiako Zinemaldian aurkeztu ondoren, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan estreinatu zuten herenegun: Gasteizen, Durangon (Bizkaia), Tolosan, Baionan, Donibane Garazin, Altsasun (Nafarroa) eta Maulen.

Jendea besaulkietan esertzen hasia da, baita Josu Martinez bera ere. Jendetza ikusteak «poz handia» ematen diola aitortu du: «Gainera, esan didate Gasteizen eta Durangon dena saldu dela, baita Donibane Garazin eta Baionan ere. Erakusten du jendea gogotsu dagoela». 

Kike Amonarrizek, Galtzaundi elkartearen izenean, aulkitik altxarazi du Martinez. «Zer kontatu nahi izan duzu, esaldi batean, hiltzailea zein den esan gabe?», galdetu dio zuzendariari. «Esaldi batean esango dudan gauza bakarra da hiltzailea egon badagoela», erantzun dio. Argiak itzali dira. Bizkarsoro hasi da.

Bihurritutako bidea

«Dakitenek erabiliz/ ez dakitenek ikasiz/ herri bat osaturik/ euskaraz nahi dugu bizi», xuxurlatu dute ikusleek, filmaren amaiera borobilari jarraituz. Argiak piztu dituzte, eta txalo zaparradak blaitu du Leidor. Amonarriz eta Martinez zutitu dira, eta publikoari eman diote ahotsa. «Ea, Idiazabaldik [Gipuzkoa] etorritakoak badira... tolosarretatik ez hasteko», esan du Amonarrizek, eta idiazabaldar batek hartu du hitza; Gure Esku Dago-ko eledun izandako Anjel Oiarbidek, hain zuzen: «Ikaragarri gustatu zait. Egia esango dizut: ez dakit noiz hunkitu nintzen azkeneko aldiz eta zerk hunkitu ninduen horrenbeste. Zenbat bihurritu diguten gure bide naturala!».

«Nik legezkoa ez zen ikastola batean ikasi nuen, eta ikastolaren aldeko jaialdiak-eta ezagutu ditut», esanez hasi da Tolosako andre bat: «Ume garaia gogorarazi dit. Iparraldera joaten nintzen frantsesa ikastera. Hango aitatxi euskalduna zen, eta hemendik joaten ginenokin euskaraz hitz egiten zuen, ez zeukalako beste aukerarik», gogoratu du. Martinezek kontatu dio Baigorrin (Nafarroa Beherea) 1970eko hamarkadan izan zela aukera ikastola bat sortzeko, baina ez zutela lortu azkenean: «Ikastolaren kontra zeuden askoren seme-alaben seme-alabak ikastolan daude egun».

Hitz egiteko erraztasunik ez duela dioen gizon batek hartu du hitza bukaeran: «Niri gertatu izan zait eskolan euskaraz hitz egiten ez uztea. Nik hori ezagutu dut, eta oso hunkituta egon naiz. Eskerrik asko!». Txalo artean babestu du Leidorrek. Izan ere, Bizkarsoro Tolosa ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.