Tokikoek bat egin dute Urola Kostan

UKT Urolako Komunikazio Taldea kooperatiba sortu dute Gipuzkoako eskualdeko euskarazko sei komunikabidek

Zarauzko erredakzioa, artxiboko irudi batean. UROLA KOSTAKO HITZA.
jakes goikoetxea
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Urola Kosta, Gipuzkoan. Eskualde euskalduna. Aspalditik, 1990eko hamarkadatik, errotutako eta erreferentzia bihurtutako euskarazko herri aldizkariak; geroago webgune ere bihurtuak. Eskualdeko egunkari bat eta telebista bat ere bai. Elkarrekin lan egitera gero eta ohituagoak bai, elkarrekin gero eta konfiantza handiagoa lortutakoak bai, baina bakoitza bere martxarekin. Guztiak txikiak eta, ondorioz, erronka gehienak handi eta, batzuk, handiegi.

Horregatik, guztiak irabazi asmorik gabeko kooperatiba batean elkartzeko apustua egin dute: UKT Urolako Komunikazio Taldea. Berez, iazko ekainean bihurtu ziren kooperatiba, eta, ordutik, kooperatiba osatzeko urratsak egin dituzte. Aurten, aurkezpen bat egin nahi zuten, baina asmoa bertan behera utzi zuten, izurriteagatik. Orain eman dute egindako urratsaren berri.

Sei komunikabidek bat egin dute: egunkari batek (Urola Kostako Hitza; BERRIA Taldeak parte hartzen du), lau aldizkarik (Zumaiako Baleike, Orioko eta Aiako Karkara, Azkoitiko Maxixatzen eta Azpeitiko Uztarria) eta telebista batek (Erlo). Proiektuaren barruan zazpi webgune sartzen dira, sei komunikabide horienak eta zarauzkohitza.eus. Baita sare sozialetan dituzten 21 kanalak ere.

Elkartuta, batuta, datozen erronkei hobeto aurre egingo dietela uste dute. Gorka Zabaleta zuzendari nagusiak bi erronka zehatz nabarmendu ditu: ikus-entzunezkoak indartzea eta digitalizazioa. «Hankamotz geunden», onartu du. Gero eta gehiago kontsumitzen dira ikus-entzunezkoak. «Baina oso zaila da horri bakoitzak bere kabuz aurre egitea. Inbertsio gehiago, antolaketa, lantalde zabalagoa... behar dira».

Beste erronka nagusia digitalizazioa da. Urola Kostako euskarazko komunikabideak indartsuak dira Interneten: haien webguneek 21.413 bisita dituzte egunero. «Baina Internet sekulako abiaduran doa, eta talde indartsua behar da gurpil horri jarraitzeko», Zabaletaren arabera.

Indarrak batzea, egiturak sortzea eta egitura horiek sendotzea izan da orain arteko lehentasuna. Lanak hobeto antolatzeko. Ez hainbeste produktuak aldatzea, arlo horretan urratsak egin badituzte ere: aldizkarien formatua eta maketazioa bateratu, guztiak koloretan argitaratu...

Produktuek jarraituko dute

Horrek eta bat egiteak ez du esan nahi, ordea, komunikabide bakoitzak bere nortasuna galduko duenik. Tokian tokiko markek eta produktuek kalean jarraituko dute, eta haiek babesten dituzten elkarteek ere bai: «Hainbeste urtetan egindako lan horri, erro horiei, eutsi nahi diegu, horrek ematen baitio zentzua proiektuari».

Lan egiteko modua aldatu dute. Lantalde bakar baten gisan lan egiten dute, koordinatuta. «Hori izan da», Zabaletak nabarmendu duenez, «erronkarik handienetakoa». Lan egiteko modu egoki bat aurkitzea. «Oraindik bilatzen ari gara».

Egitura berrian zuzendaritza indartu dute, aurrera begirako, luzera begirako ikuspegia izan ahal izateko: «Hedabide txikia zarenean, talde txikia zarenean, nahiko lan izaten duzu egunerokoari erantzuteko, eguneroko martxak jan egiten zaitu, eta ez dizu denborarik ematen aurrera begirako planteamenduak egiteko; horrelako egitura batek, aldiz, bai».

Egitura zabalago eta sendoago bat izanda, langileak espezializatzeko, zeregin batzuetan zentratzeko aukerak handiagoak izango dira.

Komunikabideez gain, komunikazio zerbitzuak eta komertzialak ere eskaintzen ditu UKTk. Marketin talde «indartsua» osatu dutela uste du Zabaletak, «bezeroak nahi duena eskaintzeko».

Aldaketak aldaketa, helburua ez da aldatu: «Herritarrei ahalik eta komunikabiderik onenak eskaintzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.