Tokian tokiko azoka, Gasteizen

Gasteizko Santa Barbara plazako azokan eskulangileen produktuak erosteko aukera dago.

Santa Barbarako azoka, Gasteizen. BERRIA
Santa Barbarako azoka, Gasteizen. BERRIA
itsaso jauregi 2
Gasteiz
2024ko ekainaren 20a
05:00
Entzun

Babatxoak, lekak, patatak, piperrak, gazta, perretxikoak, ogia, opilak, sagardoa eta ardoa. Barazkiak, fruta eta eskuz eginiko janaria nonahi. Eta produktu guztiak Arabakoak, kalitate eta prezio onean. Gasteiztarrek urte askoko tradizioari eutsi diote, eta ostegun eta larunbatetan Santa Barbara plazako azokara joan ohi dira baserriko produktuak erostera. Hiriaren erdi-erdian kokatutako azoka tradizionala da; inguruko ekoizleek beren produktu onenak eskaintzen dituzte bertan, eta 30 saltoki baino gehiagotan produktu freskoak aurkitu daitezke astero; baita gaur eta larunbatean ere.

Etengabea izaten da jendearen joan-etorria egun horietan, areago eguraldia lagun dutenean. Euria edo elurra ari duenean, berriz, jende gutxiago biltzen da erostera. Oraingoan, uda izanik, egun beroa espero dute, bezeroz jositako eguna. Azoka 07:30ean irekiko dute gaur, eta eguerdian itxiko dute, 14:00etan; larunbatean ere ordutegi bera izango du.

Gasteizen jakiak eta eskuz egindako produktuak kalean saltzeko azoka paratzea Erdi Aroko ohitura da. Aspalditik jasotako ondarea babesten dute oraindik ere gasteiztarrek, eta, ordutik, modu batean ala bestean eutsi egin diote tradizioari, garai berrietara egokituz, noski. Plaza Berrian jarri zuten aurreneko merkatua, eta urte luzez egon zen han. Azkenean, 1982. urtean Santa Barbara plazara aldatu zuten azoka. Gerora, salmenta ibiltari bihurtu zen azoka: lehenik, Mendizabalako aparkalekuan jarri zuten; handik gutxira, zezen plazaren ondoko aparkalekura aldatu zuten, eta Simon Bolibar plazara mugitu zuten ondoren. Azken urteotan, Santa Barbara plazara bueltatu da, eta han egon da urte luzez.

Etorkizunari begira

Merkatuan kezka sortzen duten gaietako bat bertara joaten den publikoarena da. Badira ogia, gazta eta produktu freskoak erostera joaten direnak, baina gero eta gutxiago, Alejandro Sainz merkatuko presidenteak azaldu duenez: «Gero eta jende gutxiago etortzen dela nabaritu dugu, eta horrek esan nahi du azoka ez dela toki erakargarria erosleentzat». Postuen beste aldean ere jende gutxiago sumatu dute; izan ere, saltzaileen artean gero eta hutsune gehiago daude, eta produktu batzuk jada ez dituzte saltzen, langile faltagatik.

Azken urteetan, azoka txikiko saltzaileek toldo zabalgarri gehigarriak jartzeko eskatu dute, pergolaren alde batean zeudenen antzekoak. Euria egiten duenean, produktua hondatu egiten da, eta kartoizko kutxak desegin egiten dira, eta hori «onartezina» da, zuzendariaren esanetan: «Gasteizko merkatu batek babestuta egon behar du, eta ez aire zabalean». Batzuetan, gainera, postuak haizeak eraman izan ditu, plazan dagoen babes faltagatik.

Zuzendariaren arabera, udan bisitari gehiago izaten dira azokaren inguruan, bertako produktu freskoak begiratzen, dastatzen eta erosten. Postuetara hurbiltzen diren bezeroen artean gehienak gasteiztarrak izaten direla argitu du zuzendariak, eta turista gutxi egoten direla normalean. Bertako bezeroengan jarri nahi dute arreta: tokian tokiko produktuak, Gasteizko bezeroentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.