Ilustrazioa soslai zehatz batzuei tokia egiteko darabil Genie Espinosa marrazkilariak (Bartzelona, 1984), gorputz handi eta deigarriak islatuta. Getxoko Serifalaris diseinuaren inguruko jaialdian hitzaldia emango du gaur, 12:30ean.
Zure lanen ardatzetako bat da feminismoa; begirada kritikoa, oro har. Hori islatzeko hasi zinen ilustrazioan?
Gero etorri zen. Hasieran, haurrentzako ilustrazioak egiten nituen, eta beti jarraitzen nituen editorearen edo arte zuzendariaren argibideak. Aniztasuna islatzeko asmoa sortu zitzaidan, beste kolektibo batzuei ahotsa ematekoa. Editoreren batekin arazoak izan nituen, eta orduan hasi nintzen helduentzako ilustrazioan, nire lengoaia esploratzen, eta interesatzen zitzaizkidan gauzez hizketan. Hori da etsaitasunezko eremuetan mugitzeko nire modua: nire marrazkien bidez, eremu seguruak sortu nahi ditut pertsona ez-normatiboentzat, ez-bitarrentzat, gurpildun aulkian doazenentzat, emakumeentzat...
Nola aldatu zen zure lengoaia?
Autonomo gisa sei urte neramatzanean, beheraldi bat izan nuen, eta nire jarduna aldatzea erabaki nuen: orduan hasi nintzen komikia eta fanzinea egiten, autoedizioaren inguruko jaialdietara joaten... Horrek bizitza salbatu dit, eta beste lan tresna batzuk eman dizkit. Komikiak askatasuna ematen du, eta are gehiago autoeditatuz gero. Esploratzeko tartea eman zidan.
Estilo deigarria duzu, forma esajeratuak egiten dituzu. Nahita?
Bai. 1990eko hamarkadan izan nintzen nerabe, eta iragarkietako emakumeekin ez nintzen identifikatzen. Oso altua izan naiz beti, eta eskolan beti nengoen atzean, beti nengoen molestatzen. Iruditeria kolektibo bat sortu nahi nuen toki asko okupatzen duten pertsonaia deformatuekin, oro har.
Estandarretatik ihes egiten duzu: azal urdineko pertsonaiak egiten dituzu, adibidez.
Edertasunaren kanon estandarra hautsi nahi dut, arautik ihes egin, arrakalak sortu. Beti egin izan diren gauzak egiteari utzi nahi diot, zaharkituak iruditzen baitzaizkit. Baina ez dira elkarren kontrakoak: pertsonaia batek izateak azal urdina, berdea edo morea ez du esan nahi ezin zaitezkeenik harekin identifikatua sentitu. Aukerak zabaltzen ditu.
Iaz Hoops eleberri grafikoa argitaratu zenuen, ordura arte jorratu gabeko formatuan. Zergatik?
Oso kuriosoa naizelako, beti dut esploratzeko gogoa. Beste formatuak lantzen dituzunean, azkenean aurkitzen dituzu lengoaia aplikatzeko beste modu batzuk, egiten ari zarenaren inguruan beste begirada bat eskaintzen dizuna. Fanzineak oso laburrak egiten nituen, gehienez hamabi orrikoak. Eleberriaren bozetoak egitean, zortzi edo hamar orri egiten nituen jarraian, eta gero atzera bueltatzen nintzen ulertzeko erritmoa, ea jarraitutasunik zuen, ea aspergarria zen... Pila bat kostatu zitzaidan, baina oso interesgarria izan zen.
Estiloa moldatu behar izan zenuen? Zer izan zen zailena?
Marrazteko modua. Arau batzuk ezarri behar izan nituen: izan behar zuen marrazteko estilo arin bat, astuna izan ez zedin eta jasan ahal izateko. Hasieran, 40 bat orri egin nituen, eta, begiratu nituenean, iruditu zitzaidan estilo hori jasanezina zela, xehetasunengatik, angeluengatik... Dena berregin behar izan nuen. Hiru urteko lana izan zen, geldialdiekin.
Ilustratzaile freelancea zara. Nolakoa da egoera?
Oso zaila, autonomo guztiena bezala. Autonomoen erregimenean alta ematea planteatzea neketsua da. Hasi nintzenean, ez zegoen laguntzarik. Eta, ondorioz, Erresuma Batura lekualdatu nintzen. Han ez dago kuotarik, eta gainera hango enpresa batekin hasia nintzen lan egiten. Ez dakit jarraitu ahal izango nuen hilean 250 euroko kuota ordaindu behar izan banu, ezer egiten hasi baino lehen.
ATZEKOZ AURRERA. Genie Espinosa. Ilustratzailea
«Toki seguruak sortu nahi ditut irudiekin»
Pertsonaia handiek eta deigarriek ardazten dituzte Espinosaren lanak. Oro har, edertasun kanonetik kanpo daude. Formatu berrien bila dabil beti, eta bere lehen eleberri grafikoa argitaratu du 2021ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu