Cristina Gallego. Aktorea

«Toki guztietan borrokatzen gara maitasunak irauteko»

Antzerkian, zineman eta telebistan ibili izan da Gallego. Enrique San Franciscorekin batera, 'Se quieren' antzezlana aurkezten dabil orain, eta Donostiako Antzoki Zaharrean izango dira bihartik aurrera.

BERRIA.
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Cristina Gallego (Caceres, Espainia, 1979) eta Enrique San Francisco aktore bikotea Donostian izango da bihartik igandera bitarte. Se quieren antzezlana aurkezten dabiltza, eta Antzoki Zaharrean eskainiko dute, 20:00etan. Obra hori Muriel Robin eta Pierre Palmade autore frantsesek idatzi zuten, eta Gabriel Olivaresek zuzentzen du gaztelaniazko bertsio hau.

Zein da obra horretan transmititzen duzuen mezua?

Egia esan, uste dut obra horrek ez duela mezu argirik. Bikotekideen arteko harremanei buruzko komedia bat da, eta eguneroko bizitzan gertatzen diren egoerak azaltzen ditugu. Ez dago irakaspenik; ez dugu halakorik nahi ere. Nolabait esateko, maitasuna arazo ororen gainetik dago, eta horregatik amaieraraino iritsi behar da. Kanpotik begiratuta, ez diegu gauzei hainbesteko garrantzia eman behar; eta hori da, hain zuzen, gehienetan egiten duguna.

Testuaren autoreek diotenez, bikotekideen arteko arazoak berberak izaten dira askotan, ezberdintasun geografiko eta kulturalen gainetik. Zuk zer diozu?

Bai, ados nago horrekin. Toki guztietan borrokatzen gara maitasunak iraun dezan. Pixka bat bidaiatu ostean eta bikotekideen arteko harremanak ikusirik, gai unibertsala dela esango nuke; maitasunak arazo berak ekartzen ditu hemen, Txinan eta gizaki guztiengan. Jendeak oso gertuko sentitzen ditu antzerkian azaltzen diren egoerak, eta identifikatuak sentitzen dira. Era berean, zama gainetik kentzeko balio du, ez baita gauza bera egoera bat zure azalean bizitzea edo aulkitik ikustea. Muturrera eraman dugu gaia, baina, hala ere, oso erreala da. Ez gara jendearen ikuspegitik urrundu. Hori arrakastarako bermea da; izan ere, obra oso urrutira eramanda ere, denek ulertuko lukete.

Zeintzuk dira aipatzen dituzuen arazo horiek?

Antzezlanean agertzen den lehen arazoa ezkontza egunekoa da. Nire pertsonaia zalantzan hasiko da, ezkondu nahi duen ala ez erabaki ezinik. Azkenean, ezkontzea erabakiko du, eta arazoak bata bestearen atzetik hasiko dira: harreman zailak gurasoekin, komunikazio arazoak... Eszena batean, adibidez, afari bat dute, baina elkarri abisatzea ahaztuko zaie. Beste batean, neskak gidabaimena atera eta lehen aldiz autoa hartzen duenean, desastre hutsa da, eta hor ere liskarra piztuko da. Urteen poderioz, bikotearen sentikortasuna areagotu egingo da, eta horrek buruhausteak ekarriko dizkie: bananduko al gara? Zergatik jarraitzen dugu elkarrekin? Bikote asko gaizki daude, ez dira ongi moldatzen eta agian hobe da banantzea. Sakonean, ordea, elkar maite dute, eta hori da harremanari eusten dion bizkarezurra. Amaiera polita du: eskutik helduta amaitzen dugu.

Donostiaz gain, emanaldi gehiago egingo dituzue?

Madrilgo denboraldia oso ona izan zen, eta ez genekien jendeak nola hartuko gintuen handik kanpo. Abuztuan hasi genuen bira, eta Espainiako hegoaldea zeharkatu genuen. Gero, Torrelavegan eta Santanderren izan ginen, eta Plasencia eta Almeria ere zain ditugu. Oso pozik gaude izandako harrerarekin, arrakasta handia izaten ari garelako. Orain Donostian eta Ermuan probatuko dugu. Gustatuko litzaiguke urte amaieraraino horrela jarraitzea. Gainera, Enrique oso pertsona berezia da, eta duela urtebete elkar ezagutu genuenean, konexio handia sortu zen bion artean. Ordutik hona, elkar gehiago ezagutuz joan gara, eta gure arteko harremana asko hobetu da. Luxu handia da harekin lan egitea; etengabe gauza berriak ikasten ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.