Tirokatze 'tronpatuak'

Hilabeteko epean tiroz jota agertu dira: arrano txiki bat eta belatz handi bat hilik, eta elanio urdin bat zaurituta. Salaketak eginda daude, baina egiteko moduak eta egiten (ez) duten bideak sortu du zalantza. Elanioa osatzen ari da «apurka».

Joxean Albisu Arrano Etxekoa, elanio urdina eskuetan duela. ARRANO ETXEA.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Tirokatzearen ondoan tronpatzea idazte hutsak hotzikara ematen du, eta tronpatu denaren borondateak zalantza eragiten du. Hiltzeko gaitasuna eta baliabideak legez eman zaizkionaren tronpatzeak baitira askotan, eta legez babestuta dauden espezieak baitira hildakoak gehiegitan. Hilabete baino gutxiagoan gertatu da Gipuzkoan. Hiru hegazti harrapari agertu dira tiroz jota: arrano txiki bat (Hieraaetus pennatus) Errezilen, urriaren 6an; elanio urdin bat (Elanus caeruleus) Seguran, urriaren 16an; eta belatz handi bat (Falco peregrinus) Hondarribian, urriaren 24an. Arrano txikia eta belatz handia hil egin dira; elanio urdina Donostiako Arrano Etxean osatzen ari da, «apurka-apurka».

Tamalez, ez da fenomeno berria. Ehiza garaian gora egiten dute horrelakoek; datuek hala diote. Baina zeintzuk dira protokoloak, zeintzuk pizten diren alarmak, abiatzen diren prozedurak, jartzen direna salaketak, eta horiek egiten duten bidea? Hegaztia topatu duenak abiatzen du bidea, baina bakoitzak berea hartzen du. Batzuk aldundiko basozainekin jartzen dira harremanetan; besteak, Arrano Etxearekin —basa fauna berreskuratzeko zentro baimendua hura da Gipuzkoan—, eta badago zuzenean talde ekologistengana jotzen duenik ere.

Zein da, adibidez, elanio urdinaren auziak egin duen bidea? «Segurako herritar batek deitu zuen, hegazti bat zaurituta topatu zuela esanez. 'Elanio bat omen da', esan nion aitari. Hark ezetz, konfundituko zela. Besteak baietz, ezagutzen zituela hegaztiak, eta hura elanio bat zela. Harri eta zur gelditu zen aita ikusi zuenean», azaldu du Artitza Albisuk, Arrano Etxeko Joxean Albisuren alabak. 35 urteko eskarmentua dute Joxean Albisuk eta Mertxe Garcia bikotekideak animaliak artatzen, eta aurreneko aldiz jaso dute elanio bat. Ohikoa da prozedura: Abere albaitaritzakoek erradiografiak eta txostenak egiten dituzte. «Tirokatuta dagoela baieztatu, eta, tirokatu ezin daitekeen espezie bat dela ikusten badugu, aldundiari jakinarazten diogu», argitu du Albisuk.

Hala egin dute oraingoan ere. Iñigo Mendiola Gipuzkoako Aldundiko Basa Animalien eta Landareen zerbitzuko burua da. Argitu du basozainek abiatu zutela ikerketa, baina ez duela «fruiturik» eman. «Kasu hauetan oso zaila da pistaren bat topatzea. Azaldu zen tokian, zaila da jakitea ehiztari bat izan zen, bertako baserritar bat izan zen... Guk frogak behar ditugu aurrera jotzeko, espediente bat irekitzeko, eta, delitua badago, fiskaltzara jotzeko. Ez badaukagu nondik heldu, oso zaila da. Kasu honetan, ez dugu ezer aurkitu, dakiguna da norbaitek tiroa bota diola elanioari, baina ez dakigu ezer gehiago. Eta hori gertatzen da kasu gehienetan».

Eguzki talde ekologistak eman zuen elanio urdinarekin gertatutakoaren berri, eta salatu du aldundiak ez duela «behar beste» egiten. «Kasu hauek normalean barne mailan geratzen dira, eta ez dugu jakiten zer gertatzen den animaliarekin. Eta hori, guk jakiten dugunetan. Basozainek biltzen dituzten beste zenbaitetan ez dugu ezer jakiten. Aldundiak inoiz edo ia inoiz ez ditu publiko egiten halakoak. Ulertezina egiten zaigu hori. Sute baten edo istripu baten berri jendartean zabaltzen bada, zergatik ez eman ehizaren ondorioz edo tranpa baten ondorioz zauritutako edo hildako animalia baten berri?», galdetu du Eguzkiko Garikoitz Plazaolak.

Urrutirago ere badoa Eguzki.Arazoa «zabalagoa» dela dio Plazaolak, aldundia «behartuta» dagoela babestutako espezieen inguruko gertakarien berri ematera: «Ingurumeneko fiskalari edo epaileari, haiek baitira gertakariak ingurumenaren legea hausten duen edo ez erabaki dezaketen bakarrak. Beraz, basozainak eta aldundiak informazio hori epai bidean jartzera behartuta daude, eta, gaur egun, hori ez da gertatzen», salatu du Eguzkik. «Hori dela eta, guk ezagutzen ditugun kasu guztien berri ematen diogu fiskaltzari. Gehienetan, ez gara oso baikorrak erruduna topatzearekin, baina uste dugu garbi geratu behar duela lege hauste bat gertatu dela, errudunak kartzela zigorra jasotzeko moduko lege hausteak egiten baititu».

Elanioaren kasuak ez du biderik egin. Astebete geroago Hondarribian gertatutakoak, ordea, bai. Jaizkibelgo ehiza postuen aurrean belatz handi bat agertu zen tiroz hilda. Aldundiaren behin-behineko erabakia izan da ehiza lerroa ixtea; hamar ehiza postu. «Ehiza lerro baten aurrean agertu zen belatza. Ikerketarako bidea ematen digu horrek; non eta nola azaldu zen jakinda, lotura hori badago, eta aukera ematen digu ikerketan sakontzeko. Postuak aztertzen ari gara, han zeuden ehiztariak... Ikerketak irekita jarraitzen du», azaldu du Iñigo Mendiolak.

Plazaola Eguzkikoak dio hori dela, hain zuzen, haiek «behin eta berriro» eskatu dutena: babestutako hegazti hori ehiza gune edo lerro batean agertzen denean, lerro hori ixtea. «Oraingoz, salbuespen bat da, baina guk nahi genuke hori ohiko bihurtzea, arau bihurtzea. Aldundiak, legea eskuetan hartuta, egin dezake. Hondarribikoa da horren froga», azpimarratu du Plazaolak.

Baina Eguzkik egindako salaketa «doanekoa» dela dio Mendiolak, eta «merke» ateratzen zaiela halakoak esatea. «Ingurumeneko fiskalarekin adostuta daukagu jokabidea, fiskala beti egon da jakinaren gainean, bazekien hau ikertuko genuela, ahal dugun bakoitzean irekitzen dugula espediente administratibo bat, baina horretarako norbait eduki behar dugu salatuta; nork egin duen, zer egin duen... hori ez badaukagu, ezin dugu espedienterik ireki, baina fiskalarekin beti egoten gara harremanetan, jakin dezan noraino iritsi garen».

Aldundiko teknikarien eta basozainen «inplikazioa» erabatekoa dela nabarmendu du Mendiolak: «Eguzkik dioena ez da egia. Ez dakite ezer, gurekin ez dira harremanetan jarri».

Ehiztariak, «seinalatuta»

Garbi dagoena da babestutako hiru espezie tirokatuta agertu direla, eta horietako bat, ehiza postu baten aurrean. Gipuzkoako Ehiza Federazioko koordinatzaile orokor Haritz Ezeizak argi dauka lehendik ere «seinalatuta» daudela, eta horrelakoek «min ikaragarria» egiten dietela. Postuak ixteari buruz balorazio «ezin okerragoa» egin du: «11.000 ehiztari gara, eta kasuak oso gutxi dira, zorionez. Azken urteetan gauzak asko aldatu dira, eta ehiztaria geroz eta kontzientziatuago dago, ez horrekin bakarrik, baita ere natura zaintzearekin, postuen garbitasunarekin, kartutxo azalak biltzearekin...».

Ezeizak dio batzuetan «ezbeharrak» gertatzen direla: «Ez dauka inolako justifikaziorik, ez naiz justifikatzen ari, ehiztariok oso garbi daukagu tiroa bota baino lehenago jakin behar duzula zeri ari zaren tiroa botatzen. Zalantzan bazaude, ez duzu tiroa bota behar. Hobe da uso batek alde egitea, belatz bat botatzea baino».

Kontua da «ezinezkoa» dela belatz handi baten hegaldia, edo elanio urdin batena, gaur egun ehizarako baimenduta dauden espezieenekin nahastea. Hori dio Aranzadi zientzia elkarteko ornitologo Juan Arizagak: «Ezinezkoa».

2020an tirokatuak: 33 ale

Arrano Etxeak urtero egiten du txostena, eta han agertzen diren hegazti batzuen hegaldia nahastea ere ezinezkoa da. Artitza Albisuk eman du datua: 2020an, tirokatutako 33 hegazti jaso zituzten. Horietatik hamabi ehizatu daitezkeenak ziren. Beste hogeita bat, horien erdia, harrapariak dira. Tartean, hiru sai arre [Gyps fulvus], tiroz hildakoak. «Sai arre bati tiro egitea ez da nahi gabe egindakoa; hori nahita egindako zerbait da. Zer bilatzen duzu horretan? Horrelakorik ezin dut ulertu», hausnartu du ehiztarien koordinatzaile Ezeizak. Mende honetan Arrano Etxean jasotako hegazti tirokatuen batezbestekoa 55 alekoa da, eta osatuta askatzen dituztenena, %70ekoa.

Kalteak agerikoak dira, baina ezkutukoak ere bai. Belatz handiaren kasuan, Arizaga ornitologoak dio «bertako» espeziea dela, nahiko ongi «errotuta» dagoela, baina hilketa bakoitzak «sekulako» eragina duela haien populazioan: «Haien iraupena oso lotuta dagoelako helduen iraupenari. Beraz, heldu bat hiltzen den bakoitzean, zaildu egiten da espezieak aurrera egitea». Elanio urdinari buruz, Arizagak dio «bitxikeria» bat dela, ez duela Gipuzkoan habiarik egiten, baina geroz eta ohikoagoa dela ale batzuk ikustea, eta Seguran botatako hori «dispertsioan» zegoen ale gazte bat izango zela.

Eta elanioa ari da osatzen Arrano Etxean. Ez du bere kabuz jaten, baina onartzen du janaria. Hego bat hautsia du, eta perdigoiak ditu gorputz osoan. Joxean Albisu eta Mertxe Garciaren egongelako epelean egingo du aurrera, egitekotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.