Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (IV). Ranthambore, India.

Tigrearen orroak

Ranthamboreko parke nazionala ordoki baten ertzean dago. Tigrea da bertako izarra, baina XXI. mendearen hasieran, populazioak behera egin zuen, 40tik 26ra. Egun, 60 tigre daude.

Ranthambore parke nazionaleko sarrera. JUAN LUIS MUGERTZA UNANUE.
2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Otsailaren 15ean, gaueko hamaikak inguruan, heldu ginen Delhi Berriko Indira Ghandi aireportura. Bizkar zorroak jaso, aduanako ohiko tramiteak egin, 350 euro aldatu (1€=75,60 rupia), eta martxa. Aireportuko beirazko ateek ezker-eskuinera egin zuten, eta hantxe genituen zain, harrapariak egoten diren bezalaxe, guri begira. Baina hauek ez dira haize korronteez baliatzen gure moduko heldu berriei ongietorria emateko. Hauek beharrak eta esperientziak erakutsitako sena darabilte arreta bereganatzeko, eta bertakoekin irabazten ez dutena gure modukoekin irabazteko. Taxi! Taxi! Taxi! Ostatuaren izena esan, Param Palace. How much is it?, galdetu, eta batzuek 800 errupia eskatu, beste batzuek 600, eta guk, It´s very expensive. The hotel is not far, erantzun. Gero, marmarra atzean entzun, eta aireportutik at «Prepaid taxi» kartela agerian zuen egurrezko txosna batera zuzendu genituen pausoak, gauak estaltzen zuen kutsadura oso nabarmen uzten zuelarik. Gure helmugaren helbidea erakutsi, Rd Number 2, near IGI Airport, mahaiaren gainean zuen mapan topatu, eta 250 errupia ordaintzeko esan zigun bertako morroiak, taxi itxurako autoaren gidariak berarekin joateko esan bitartean. Egindako tartea laburra izan zen, baina kale ilun eta estuen artean zegoen ostatu ziztrina topatzeko denbora, luzea. Dutxatzeko ur berorik ez, eta izarak zikinak. Lehenengo kontaktuak Indiari tamaina hartzeko balio izango zuelakoan saiatu ginen lo egiten. Halarik ere, 1.000 errupia ordainduta, ezin gehiagorik eskatu. Gainera, aukeratutako lo lekua oso ondo zegoen kokatuta, hurrengo egunean Sultanpur santutegira joateko, eta txoriak behatzeko. Izan ere, hegazti migratzaile askok (kurrilo damatxoak, pelikano arrosak...) Sultanpur aintzira inguruan hartzen dute atseden indarberritzeko; ahaztu gabe urte osoan dauden egoiliarrak (uroilo urdinak, lertxunak...).

Parke Nazionala

1980an izendatu zuten parke nazionalera joateko, aukera asko egon arren (hegazkina, autoa, taxia, trena), guk Delhi Berrian hartu genuen trena. Horretarako, Hazrat Nizamuddin geltokira joan ginen, eta, bost ordu egin ostean, Sawai Madhopurrera heldu ginen. Bertan merkeago lo egiteko aukera baldin bazegoen ere, guk tren geltokian «tuc-tuc» bat hartu, 200 errupia ordaindu, eta Parke Nazionaleko sarreratik gertu, hamar kilometrora dauden errepide bazterreko hotelen batean lo egin genuen, zaratatik kanpo.

Ranthamboreko natura ingurune xarmagarri eta lasai hau ordoki baten ertzean dago kokaturik, eta Banas errekak, iparraldean, eta Chambal errekak, hegoaldean, mugatzen dute. XXI. mendearen hasieran (2003-2006), tigreen populazioak 40tik 26ra behera egin zuen. Isileko ehiztariek eta nekazariek, zeintzuek parkeko baliabide naturalak (egurra, ardientzako lekuak...) hornitzeko zerabiltzaten, harrapakinak beldurtu eta ugalketa oztopatu egiten zituzten. Egoerari aurre egiteko, tokiko gobernuak bertakoekin hitz egin zuen akordio batera heltzeko. Egun, Ranthamboren 60 tigre daude, eta zenbaki horrek gora egiteko, parke barruko gune batzuk zedarritzea erabaki dute, tigreek gizakion interferentzia txikiagoa izateko, eta bake ederrean ibiltzeko.

Erreserbako izarra den tigreaz gain, badaude parkean beste hainbat ugaztun eta narrasti: leopardoak, basoko katuak, karakalak, txakalak, hienak, basurdeak, langur grisak, hartz bezudoak, Indiako pitoiak eta zingira-krokodiloak, besteak beste. Eta txoriak gogoko izanez gero, ornitologoek oso aukera handia dute egoiliar eta migratzaile espezie preziatuak ikusteko, bai parke barruan, baita parketik kanpo dauden inguruetan ere.

Parkera, safariak egiteko, egokitutako jeep edo kamioietan baino ezin da sartu, eta aukera bat baino gehiago dago hiru orduko safariak egiteko: aire zabaleko kamioi batean (canter izenekoan), hogei lagunekin, edota jeep batean, sei lagunekin. Safarien sarrerak erosteko bi aukera daude: errazena, eta garestiena, bidaia agentzia batera joatea da, eta beraiek tramite guztiak egitea. Zailena, eta merkeena, norberak kudeatzea. Horretarako, online zerbitzua erabili behar, eta Rajasthaneko parkeetako webgunera jo: https://fmdss.forest.rajasthan.gov.in.

Behin erreserba egin eta gero, Sawai Madophurrera heltzean, parkearen bulegotik pasatu behar da egiaztatzeko (Forest Safari Booking Office, Shilpgram, Village Ramsinghpura, Ranthambore Road, Sawai Madhopur), baina hotel gehienek tramite hori egiten dute 500 errupia ordainduta.

Oinatzen atzetik

Eguerdiko ordu bi eta erdiak dira. Parkeko ate nagusiko sarreran, gidak ohiko tramiteak egin ditu, eta jeepak Ranthamboreko Parke Nazionaleko tigrearen eremu zabalera zuzendu gaitu safari-kideok, lur gorriz apaindutako bidexka estuetatik. Tarte batzuetan eroso, beste askotan bilin-balan, baina beti kili-kiliak sabelean, behin baino gehiagotan irudikatutako tigrea behatzeko asmotan. Batzuetan, gidaren zertzeladek lagundu digute jeep barrukoon isiltasuna eteten. Orduan, parean suertatuko gazelen, tximinoen, basurdeen, oreinen, eta txorien inguruan mintzatu da, edota zoruan tigreak utzitako aztarna arrarena edota emearena den esan digu. Besteetan, beste jeepeko gidakideekin topo egin dute, eta informazioa elkarri eman diote, eta momentuan jabetu gara, nahiz eta hindi ulertu ez, berri onik ez dagoela, eta etsipenean erori gara safari-kideok. Tigrea ikustea ez da erraza. Eremua oso handia da, belartza zenbait lekutan oso trinkoa, eta bidexka askok, noraezean, sigi-saga egiten dute. Baina, halako batean, sastraketan zarata txiki bat entzun dugu. Gidak, esku keinu batez, txoferrari gelditzeko esan dio, eta guztion begiek zuzendutako lekura egin dute. Tigrea egon badago, nonbait hor, ikusezin, bisitarien ezkutuan, zeharkatzen ari den basoa begiez, belarriez arakatzen. Bai, hantxe dugu inoiz ahaztuko ez dugun felidoa, aurpegiaren belarrien aldeko patilla zuri dotoreak, eta esne-itxurako sabela, eta bularra, gari kolore eta marra ilunez apainduta. Bere hanka handiek, beltz kolore kuxin itxurakoek, artikulazio leunak eta indartsuak dituzte, eta ibilera malgua eta elastikoa. Gezurra badirudi ere, horrelako baten ferekak edozeinen burua erraz asko erauziko luke.

Poliki-poliki, gugana hurbildu da, eta zuhaitz baten enborraren kontra zuzendu du ipurtaldea. Aharrausika egin du, bere karniboro hortz-hagin beldurgarriak begi bistan uzten dituelarik, eta lurrean nagiak atera ditu. Orduan, argazki-makinen botoiak sakatzean, atzamar urduriek, behin eta berriro, klik, klik, klik zaratatsua egin dute. Gero, ostera, emeki altxatu, inguruetara begiratu, axolagabe, parean duen bidexka gurutzatu, jauzi txiki bat egin, eta, berriro, gelditu egin da eroritako enbor baten azpian, patxada ederrean, aurrez aurre, tamaina ertaineko «sambar» izeneko orein talde bati begira. Izan ere, tigrea gai da denbora luzez zain egoteko. Jeep barrukook, bitartean, itxaroten gaude gordinkeriaren irudiak ikusteko, jakinda zer-nolako mina eragingo dion ehizakiari.

Bat-batean, sambar baten orroak beste oreinak jakinaren gainean jarri ditu. Hauek geldi daude, eta guztiek norabide berean egin dute so. Arriskuak usaina zabaldu du. Oihanaren tentsioa handiagoa da. Krokodiloak horretaz jabeturik-edo, lakuaren igebelarretan geldi daude, begi handiak ur azalean nabarmen uzten. Alabaina, denbora tarteak aurrera egin du, eta oreinek tigrearena ahaztu egin dute, ezer gertatu izan ez balitz bezala, baina oso gaizki egin dute, itxurako lasaitasuna urratu egin baita. Tigrea, ezkutuko gordelekutik, ziztu bizian oldartu egin da orein multzoaren kontra, eta, guztiek hanka egin badute ere, begiz jotako harrapakina haginetan du ondo helduta, ito bitartean. Arrastaka eraman du ezkutuko leku batera begiluzeengandik aparte, patxada ederrean egoteko. Hori bai, jan aurretik, ehizakiari ilea kenduko dio, eta, jakia egoera onean egon bitartean, egun batzuetan ez da ingurutik urrunduko sarraskijaleek ez jateko. Behin gosea asebete ostean, loak hartuko du, eta ez du zirkinik egingo berriro edateko ez bada. Safarikook bagoaz, oso pozik. Bien bitartean, Ranthamboreko lakuak, errekatxoak, eta oihanak bertako animalien bizitza eta heriotzaren arteko eszenatokia izaten jarraituko dute.

Etzi: Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (eta V): Gure ahalen eta magalen mugan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.