ATZEKOZ AURRERA. Enrique Noya. Jai-Kiteko arduraduna

«Tetrisera jolastu behar izaten da txosnekin»

Jaia bada, nonahi ikus daitezke txosnak. Festa giroaren muina bihurtuta, udaro, herriz herri ibiltzen da Jai-Kit enpresako lantaldea txosnak muntatzen, parrandazaleen gozamenerako.

Bilbo
2014ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Bada Euskal Herriko jaiak bereizgarri egiten dituen ikur bat: txosna. Herri eta auzo gehienetan, horien inguruan garatzen da festa giroa. Baina parrandarako aukera emateaz gain, negoziorako abagunea ere ematen dute. Enrique Noyak txosnak muntatzen dituen Jai-Kit enpresa sortzea erabaki zuen, 2005ean. Geroztik, udaz uda ibili dira Euskal Herriko txokoak animatzeko etxolak ezartzen.

Nondik jaio zen mota horretako enpresa bat sortzeko ideia?

Getxoko jai batzordean denbora luzea eman ondoren, sektore hau nahiko ondo ezagutzen nuen; banekien nola funtzionatzen zuen. Beraz, negozio aukera bat agertu zenean, horri heldu genion, eta enpresa sortzea erabaki genuen.

Herriko jaiak direla eta, mugimendu handiena udan izaten da. Nolakoa da egoera neguan?

Denboraldiko lanbide bat da geurea. Normalean, bederatzi hilabetez lan egiten dugu; abenduan, urtarrilean eta otsailean ez dugu ia lanik izaten. Bestalde, lan karga ezberdina izaten da hilabetez hilabete. Martxoan lehenengo txosnak ezartzen hasten gara, baina ekainetik irailera arte izaten da lan handiena; izan ere, jai gehienak tarte horretan ospatzen dira gure inguruan. Neguan, ostera, oso gutxitan lan egiten dugu.

Txosnarik gabeko jaiak imajinatzen al dituzu?

Euskal Herrian ezingo nituzke imajinatu. Txosnak mota askotakoak izan daitezke, eta festaren edo tokiaren arabera, itxura alda diezaiekegu. Esaterako, jaietan muntatzen diren ohiko txosnak, karpak edo haima itxurakoak daude. Oro har euskal herritarrok asko edaten eta jaten dugunez, eta udan hori kalean egin dezakegunez, oso ohituta gaude herriko jaietan txosnak ikustera. Nik, beti, txikitatik ezagutu ditut txosnak herriko jaietan, nahiz eta horiek egurrezko lau oholtzarekin eginak izan. Beti egon dira presente.

Gure festen ikono bihurtu direla esan daiteke?

Nik baietz esango nuke. Nire ustez, txosnak eta kalimotxoa dira bertoko edozein herrik eta auzok amankomunean dituzten ikonoak. Euskal Herriko edozein tokitan ateratzen dugu festa kalera, eta horrek txosnak ezartzera gonbidatzen du.

Alkohola aipatu duzu. Gau giroan ezartzen direnez, jendeak errespetatu egiten ditu txosnak?

Betiko moduan, denetarik dago. Oro har bai, jendeak errespetatu egiten ditu, eta alokatzen dituztenek egoera onean itzultzen dizkigute. Baina ulertu behar da jai giroan erabiltzen direla, eta, batzuetan, hondatuta heltzen dira. Pintaketekin eta eranskinekin heltzea oso ohikoa izaten da. Hala ere, txosnak alokatzen dituztenak saiatzen dira hauek ongi zaintzen.

Zenbat txosna muntatu ohi dituzue herri bakoitzean?

Guk tamaina desberdineko egiturak eskaintzen ditugu, eta, horri esker, bakoitzak nahierara eska ditzake. Txikiak nahi badituzte, bat baino gehiago jar daitezke. Adibidez, auzo txikietako jaietan bakarra muntatu ohi dugu. Hala ere, kopurua aldatu ohi da herri eta festa ezberdinen arabera.

Zenbat denbora behar izaten duzue dena prest izateko?

Tetrisera jolastu behar izaten da txosnekin. Batzuetan, zuhaitz, kaleargi eta banku artean ibili behar dugu txosnak jarri ahal izateko. Baina, espazio libre nahikoa badugu, bi ordutan munta ditzakegu.

Euskal Herri osoan ibiltzen zarete? Eta Euskal Herritik kanpo?

Enpresa Berrizen [Bizkaia] daukagu, eta, batez ere, Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan aritzen gara. Kantabriara ere joan ohi gara, Bizkaitik gertu dauden herrietara. Oro har, euskal herritar asko ibiltzen dira herri horietan oporretan, eta txosnak ezartzeko eskaerak jasotzen ditugu.

Jaien garaia amaituta, txosna funtzioa emateaz gain, biltegi, aldagela edo stand bezala ere erabil daitezke estruktura horiek.

Gure egiturek, batez ere, txosna funtzioa hartzen dute. Horretaz gain, erabilera ezberdinak ematen dizkiete. Adibidez, Eibarren [Gipuzkoa] tonbola antzeko bat muntatzen dute udaro, eta produktuak zozketatzen dituzte. Hala ere, ostalaritza zerbitzuetarako prestatuta daude, salmahaia, harraska, hozkailua eta argiztapena baitituzte.

Krisiak eragin al dizue? Herrietan txosna gutxiago jartzen al dira?

Krisialdia beranduago igarri dugu. Hasieran ez genuen nabaritu; fakturazioa antzekoa izan ohi zen urtero. Baina, azkenaldian, txosna gutxiago eskatzen direla sumatu dugu, eta, gainera, prezioarekin negoziazioak egin behar direla. Horrez gain, karpa muntaketekin ere lehiatu behar dugu. Euskal Herriko klima dela eta, herri askotan, txosna ezarri beharrean, karpak jartzea aukeratzen dute. Beherakada izan da, baina ondo moldatzen gara. Herritarrek txosnak nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.