Hiru urte dira Xabier Rico Iturriotz (Gasteiz, 1953) hezkuntzatik erretiratu zela. Koldo Mitxelena institutuan amaitu zuen hezkuntza sisteman egindako bidea: ia-ia sorreratik bertatik ezagutu zuen ikastetxean, hain zuzen ere. Hezkuntzatik erretiratu bada ere, ez zaizkio egitekoak falta. Batetik, irakasle baino lehen, euskaltzale izan zen, eta horretan segitzen du; Geu elkarteko presidentea da, besteak beste. Bestetik, bertsotan jarraitzen du, elkartean afaldu ondoren, lagunartean. Azkenik, esperantoa sustatzen aritzen da, Etnismo aldizkarian.
Hezkuntza zainetan daramazula esan daiteke, zure gurasoei erreparatuta...
Biak ziren irakasleak, bai; baita aitaren aita ere. Aitaren familia Burgoskoa zen [Espainia]. Aitona herriz herri ibili zen eskolak ematen. Zuhatzura [Araba] heldu zen, eta han hil. Aitak 15 urte inguru zituen, eta Gasteizera etorri ziren bizitzera. Ama Hernanin [Gipuzkoa] jaio zen, amona bertakoa zelako. Familia horretako kide batzuek euskaraz egiten zuten. Ama ikastolara joan zen, errepublika garaian.
Nola izan zen zure haurtzaroa?
Sei hilabete inguru nituela, gurasoak konturatu ziren eskuineko eskua apenas erabiltzen nuela. Jaiotzetik nolabaiteko garun paralisi bat nuela antzeman zuten orduan. Horren ondorio dira ditudan ezaugarri fisiko batzuk. Edonola ere, gainontzeko umeena bezalako haurtzaroa izan nuen. Ikasketak ikastetxe publiko batean egin nituen, aitaren ikastetxean.
Aitaren ikastetxean bertan ikasi zenuen?
Mutilok bertan ikasi genuen, bai. Irakasle karlista bat izan nuen hasieran. Susmoa dut hitz egiteko zailtasuna, toteltasuna, eskola garai horretatik datorkidala. Irakasle hark infernuarekin sartu zigun beldurra terrorismo erlijiosoa zen! Zuzena ez zen zerbait egitekotan infernura joango nintzela pentsatuta bizi izan nintzen. Kezka eta ezinegon handiak nituen horrekin.
Ikasketetan aurrera egin ahala egoera hobetu al zen?
Bai, gero aita izan nuen maisu. Harekin ondo moldatu nintzen. Gero ingreso esaten zitzaion ikasturte bat beste irakasle batekin egin nuen: Jesus Lopez de Torrerekin. Sadiko bat zen. Behin ume bat hartu zuen, lurrera bota, zapaldu... Hobeto ez gogoratzea garai haiek.
Non egin zenituen goi mailako ikasketak?
Filosofia eta Letrak egiten hasi nintzen Gasteizen. Lehen bi ikasturteetan ikasgai komunak genituen: Historia, Filosofia, Literatura... Hurrengo ikasturteetan espezializazioa egin nuen. Historia ikasi nuen, Bartzelonan. Egiaz Valladolidera [Espainia] joan behar nuen, baina hango giroa... Katalana ikasi nuen, nola hitz egiten zuten entzunda.
Noiz izan zenuen harremana euskararekin?
Txikia nintzela Donostiara joaten ginen, udan. Han, helduek euskaraz egiten zuten haurrekin. Zenbait hitz ikasi genituen. Aitak jarrera irekia zuen euskararekiko; amaren familiako batzuek, esan bezala, euskaraz zekiten. Baina, frankismoarekin beldurtu, eta umeei euskaraz egiteari utzi zioten. Amak berak euskara galdu zuen.
Zuk, ordea, euskara ikastea erabaki zenuen. Noiz?
17 urte nituela-edo hasi nintzen ikasten, Gasteizko Lanbide eta Arte Eskolan. Ordurako hainbat hitz eta esaldi nekizkien. 1976an serioago hasi nintzen, baina, liburu dendan hasi ginenean, utzi egin behar izan nuen. Gerora amak lagundu zidan; oso garrantzitsua da ama niretzat. Liburu dendara etortzen zen, eta tarte hori klaseetara joateko baliatzen nuen.
Amarekin euskaraz egiten saiatzen al zinen?
Ama oso ikasle ona izan zen, oso emakume azkarra. Irakasle izateko lan eskaintza publikoan Gipuzkoako lehena izan zen, eta Espainiakoan bigarrena, pentsa! Dena den, euskararekin ez zen moldatzen. Hala aitortzen zuen, horren gainean hitz egiten genuenean: «Ez dakit zer gertatu zitzaidan euskararekin».
Liburu denda aipatu duzu. Nolakoa izan zen esperientzia?
Bartzelonatik Gasteizera itzuli nintzenean, etxean hitz egin genuen horren inguruan. Herrikoia izeneko liburu dendarekin hasi nintzen 1976an, Aiztogile kalean. Aitortu behar dut ekonomikoki ez zela batere errentagarria izan. Garai hartan amarekin bizi nintzelako; bestela, egoera ez zen bideragarria.
Nola uztartu zenituen liburu denda eta euskalgintza?
Liburu denda ireki genuenean, eta euskara ikasi ahala, hizkuntz paisaia moldatu genuen: bezeroek euskaraz eska zezaten, oharrak jarri genituen, kartelak ere ele bitan... Bezeroen erdiek euskaraz egin ziguten, duela 35 urte. Gaur egun ikusten dut dendari euskaldunek badutela oztopo bat: kostatzen zaie erabaki hori hartzea. Badaude oztopo batzuk, eta lagundu behar zaie jarrera alda dezaten. Gainera, garrantzitsua da euskarazko ereduetan ikasi zuten gazteekin lan egitea, beren jardueran euskaraz funtziona dezaten.
Nolakoa zen garai hartako euskaltzaletasuna Gasteizen?
Jende asko euskara ikasten ari zen, baina ez zegoen erabileraren aldeko talde antolaturik. Horregatik sortu genuen Gasteizko Euskal Herrian Euskaraz, hainbat lagunen artean: Kepa Mendia, Abel Urretxo... 1992an Geu elkartea sortu genuen. Urteen joanarekin krisi bat izan zuen, baina egun ondo dabil. Ikusten da jende gaztea ari dela lanean. Zuzendaritza batzordean jarraitzen dut, presidente, baina talde zuzendaritza da; nik ez dut aginte berezirik.
UEUn hitzaldi bat eman zenuen 1995ean: Arabako berezitasun soziopolitikoak eta normalizazioaren aldeko jarduerak. Hogei urte baino gehiago igaro dira ordutik; zer aldatuko zenuke orduan esan zenuenetik?
Garai hartatik hona gauza on batzuk egin dira: Mintzalaguna programa, adibidez. Azken urteetan, eta feministengandik ikasita, ahalduntzean arreta jarri izan da. Agurainen 75 orduz euskaraz bizitzearen aldeko ekinaldia egin zuten, ildo horretan. Halako ekinbideek lagunduko digute izan ditzakegun oztopo psikologikoak gainditzen.
1982an, Gasteizko bertso eskola ere sortu zenuten. Nola bururatu zitzaizuen bide hori hastea?
UEUra joan ginen hainbat lagun. Bertsolaritza saioak zeuden, eta parte hartzen zutenek bikain pasatzen zuten kopletan. Bagenekien Abornikanon [Araba] Abel Enbeita bizi zela. Hara joan ginen, eta gure bertso irakaslea izatea proposatu genion. Orduan hasi ginen bertsotan, eta, denbora gutxian, txapelketak ere antolatzen hasi ginen.
Ikasle hasi, eta, gerora, irakasle ere aritu zinen, ezta?
Bertso eskola Txusta tabernara pasatu zenean. Orduan hasi nintzen irakasle lanetan, hasten zirenekin. Ez dakit besterik egin al dudan, baina kartel pila bat jarri ditut: bertso eskola, euskararekin lotutako ekitaldiak...
Zein ekarpen egin dizu zuri bertsolaritzak?
Taulara igotzea baino gehiago, bertsotan egitea beti da abentura bat: aurrera egin ahala, ez dakizu zer esango duzun, amaituko ote duzun... Jauzi moduko bat da, ea zer ateratzen den. Hizkuntzarekin jolastea da. Tentsio puntu bat du, baina jolas polita da. Oholtza igotzearenak bertigo pixka bat ematen du. Aurten txapelketara aurkeztu naiz, baina aurreko lanketa egin gabe, eta hori beharrezkoa da txukun aritzeko.
Txapelketak utzi arren, bertsotan egiteari ez diozu utziko, ezta?
Ez, horri ez diot utziko. Asteazkenero lagun talde bat elkarte batean biltzen gara: afaldu, eta bertsotan egiten dugu.
Esan duzu txikitan beldurraren ondorioz-edo hitz toteltasuna agertu zitzaizun susmoa duzula. Taula gainean nola egiten zaio aurre beldur horri?
Kantuan ez du eragin handirik... Baina oso bitxia da. 6 urte nituela abesti lehiaketa bat zegoela ikusi, eta parte hartu nahi nuela esan nion familiari. Izebak abesti bat erakutsi zidan, italieraz, eta han kantatu nuen. Ez naiz bereziki abeslari ona, baina jendearen aurrean egon nahi nuen!
Beste bide batzuk urratu zenituen, baina, familiako ohiturari jarraituz, hezkuntzan hasi zinen.
Liburu dendan nengoen, eta, egun batetik bestera, esan zidaten Laudiora [Araba] joateko klaseak ematera. 1983. urtea zen. Esperientzia ona izan zen; irakasleekin oso giro polita zegoen, eta eskolak ematen... uste dut txapa handiegia eman niela [barre egin du]. Ikasleekin ere harreman ona izan nuen. Arratsaldez bertso eskolak ematen nizkien, eskola orduetatik kanpo. Hurrengo urteak Laudio eta Gasteiz artean eman nituen: Laudion urte bat, lau Gasteizen, Laudiora berriz gero...
1990. urtean Koldo Mitxelena institutura heldu zinen, Gasteizko lehen euskarazko institutura —1988an sortua—. Nolakoa zen?
Oso institutu txikia zen. Oso giro hurbila zegoen ikasleekin. Arratsaldeetan aldizkari bat argitaratzeko geratzen ginen bertan: Bele Txuria. Oso garai berezia izan zen. Ikasleek ekimen handia zuten. Egun ohikoak ez diren hamaika gauza egiten zituzten: adibidez, ikastetxeko kideen artean Oscar sarien modukoak banatu. Ikasturte hasiera batean, ikasle nagusietako batek suziri bat bota zuen balkoitik, lehen mailara heldutakoen aurrean. Institutuan euskaraz egin behar zela gogorarazi zien, besteak beste. Ikasle berriak harrituta geratu ziren...
Koldo Mitxelena ezarri aurreko borroka gogoratzen al duzu?
Garrantzitsua izan zen institutu hori. Gurasoak asko borrokatu ziren. Gainera, lehen belaunaldietako ikasleak ez ziren edonor. Kontzientzia handia zuten gurasoen seme-alabak ziren; euskarazko bidea ez zuen edonork aukeratzen urte haietan. Nik uste dut ikasleen maila, oro har, batezbestekotik gora zegoela.
Koldo Mitxelena institutua txikia zenean ezagutu zenuen, eta 600 ikasle inguru zituenean agurtu zenuen. Nola ikusten duzu ordutik hezkuntzak izan duen bilakaera?
Koldo Mitxelena asko hazi zen denbora gutxian. 1992an Laudiora joan nintzen berriz, eta, itzuli nintzenean, hiru eraikin hartzen zituen! Gerora, beste euskarazko institutu batzuk sortu ziren. Hezkuntzak hobera egin du; proiektu hobeak egiten dira, eta beste modu batean egiten da lan.
Irakasle ez ezik, ikasle ere izan zara. Hizkuntzekiko grina berezia antzematen zaizu: euskara, ingelesa, katalana...
Frantsesa ere ikasi nuen eskolan, eta gerora Frantziara joan nintzen horretan sakontzeko.
... eta esperantoa! Nola heldu zinen horra?
17 urterekin-edo, Emausko Trapuketariei lagundu nien, Gasteizen izan zirenean. Esperantoa ikasteko liburu zahar bat aurkitu nuen orduan. Interesgarria iruditu zitzaidan, eta buruan iltzatuta geratu zitzaidan. Hemen esperanto elkarte indartsu bat zegoen, eta hasi nintzen ikasten.
Zer da zuretzat esperantoa?
Konponbide justu bat iruditzen zait. Jendearen arteko harreman justuagoa sortzeko balio du. Esperantoz hitz egiten dutenen arteko harremanak askoz ere orekatuagoak dira. Jende guztiak egin behar du ahalegin bat.
Kontraesana al da euskaltzalea izatea eta esperantoa ere sustatzea?
Aniztasuna zaintzeko, nork bere hizkuntza izan behar du, eta, gero, nazioartean komunikatzeko, inoren hizkuntza izango ez den bat. Esperantisten artean kezka bat dago, batez ere eremu anglofonoan daudenen artean. Konturatzen dira beren hizkuntzak eragin duen zapalkuntzaz.
Esperantoaren historia ez da samurra. Nazismoa eta frankismoa jazarri egin zitzaizkion; Stalinek ere hizkuntza horren aurka egin zuen; AEBek, komunisten hizkuntza gisa jo, eta jazarri egin zioten... Zer egin du esperantoak hori guztia pairatzeko?
1919an Nazioen Elkartea sortu zenean proposatu zuten esperantoa zabaltzea. Frantzia sutu egin zen. Pentsatzen jarrita, estatu totalitario baten barruan ofiziala ez den beste hizkuntza batean hitz egitea susmagarria izan daiteke. 1936ko gerran, adibidez, errepublikanoek klaseak eman zituzten.
Xabier Rico Iturriotz. Euskaltzalea eta irakasle ohia
«Terrorismo erlijiosoa zen irakasle batek infernuarekin sartzen zigun beldurra»
Koldo Mitxelenan, Gasteizko euskarazko lehen institutuan, irakasle izan da Rico urteetan, duela hiru urte erretiratu zen arte. Bidea urratu zutenen konpromisoa gogorarazi du: «Euskarazko bidea ez zuen edonork aukeratzen urte haietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu