Maratila

Terra corsa 2

Aurelia Arkotxa.
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pino herria. Itsas bazterra turkesa kolore. Pinoak. Scaluko dorrea urari so. D80 errepidea badoa kostaz-kosta. Spar ttipi bat bide bazterrean. Aurrean den iturrian hitzak : «Souvenir reconnaissant à la mémoire de Félix Blasini maire de cette commune, 1912». Zurrutatik urak dario. Mendi mazelan goiti badoa herria. Pareta okre argiak, arrosak, zuriak. Elizaren dorrea. Terrazak eta pergolak. Harrizko eskailera ere badoa goiti. Etxeen atari aitzinetarik iragaten da. Eskaileraren mailetan haizeak baratzeetarik uzkalaraziak dituen laranjak. Hor bizi da Martine. Arrosa kolorezko karrika batean. Ragibus haren katua pergolan dago jarria printze baten gisan. «Autobusa, lehen, astean hiruetan pasatzen zen hemendik, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. Pino-Cagnano-Bastia egiten zuen. Jabea erretretara joan den geroztik asteazkenetan bakarrik pasatzen zaigu. Eta ez dakit gaur Cagnanotik pasatzen den ere. Ni 1936koa naiz. Lau urte inguru nituelarik Georgesen eta Françoiseren etxera eramaten ninduen aitak. Gero Lurora joan ziren. Orduan Lurora oinez gindoazen. Bidearen argitzeko petroliozko lanpa nik nuen pizten, eta itzaltzen zelarik aitak ninduen berriz pizten laguntzen. Luron Françoisek haur bat ukan zuen, muttiko ttipi bat. Eta nik nexka nuen nahi ukan zezan. Ñiñia ohakotik erorarazi nuen, ez bainintzen kontent. Ttipia nintzelarik Georgesek valsa nola dantza erakusten zidan mahai gainean. Hemen, oiloek etxeetarik 50 metrotan behar dute egon. Oilarrek ez dute kukurruku egin behar. Ezkilek ez dute jo behar. Turistengatik. Paristarrak. Ez ditugu maite. Hemen manatu nahi dute hemengoak balira bezala. Alkateak isilarazi behar izan ditu ezkilak ! Oren guzietan jotzen zutelako. Eta udatiarrak oporretan ez zirelako pausatzen ahal».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.