Egunetik egunera gehiago dira beren jarduna bertan behera uztera behartuta dauden elizak. Kristau fededunen beherakadak, elizgizon izateko bokazio ezak eta santutegietako kostu handiek giltzapean egotera behartu dituzte Euskal Herriko hainbat tenplu, komentu eta monasterio. Apurka-apurka, milaka urteko tradizioa itzalduz joan da, eta, bien bitartean, lizunak eta herdoilak bere egin dituzte kultur aberastasun handiko eraikin ugari.
Baina egoera hori ez zaie egokitu tenplu guztiei, eta, azken urteetan, errautsetatik piztea lortu dute hainbat santutegik. Ondare historiko horiek ez galtzearren, bestelako erabilera baten bila hasi dira euskal geografiako hainbat udalerri, eta kultur etxe bihurtzearen formula bilakatu dute arrakastatsuen. Eraberritze prozesu luzeen ostean, gurutzeak bafleekin aldatu dizkiete elizei, santuen irudiak zeuden tokietan fokuak jarri dituzte, eta iraganeko aldareak agertoki bihurtzea lortu dute.
Azpeitian (Gipuzkoa), esaterako, San Agustin elizak inoiz baino distiratsuago dihardu, iaz zabaldu zutenetik. XVI. mendeko eraikinak hogei urte zeramatzan erlijio lanetarako erabili gabe, eta 2000. urtean udalak eraberritze planari babes ekonomikoa eman zion urteko aurrekontuetan. Hala, hamarkada bat eta hainbat buruhausteren ondoren, santutegi ohia kultur etxe bihurtu du Azpeitiak, eta, hilabete gutxi baditu ere, agenda ezin dinamikoagoa izatea lortu du. «Hutsune handi bat betetzea zuen helburu San Agustin eraberritzearen proiektuak», dio Kepa Urbieta kutur etxeko dinamizatzaileak, «herrian ez zegoelako kultur aretorik, eta ekintza guztiak kalean egitera behartuta geundelako». Egun, Soreasu antzokiarekin batera, udalerriko kulturgune nagusi bihurtu da eliza —baita hango taberna eta jatetxea ere—, eta egunetik egunera ekintza gehiago eskaintzen ditu.
Mezatik kontzertuetara
Mendebaldera joaz, Ibaizabalen bazterrean, Euskal Herrian inoiz eginiko eraberritze proiektu handinahienetako batek musika, antzerki eta ikuskizun saioak eskaintzen ditu gauero. Sanagustinen egin bezala, Bilboko Bilborock kulturgunea zabaltzeak piztu egin zuen hainbat urtean hiriburuko alderdi zaharrean sarraila botata eman zituen tenplu historiko bat. XVII. mendeaz geroztik, hiriburuko alderdi zaharrean dago santutegia, eta, eginiko eraberritze lanei esker, inguruan inoiz birziklatutako eliza handiena da kulturgunea: 1.330 metro koadroko eremua du, hiru solairu, zazpi entsegu gela eta 500 lagunentzako antzoki bat. Horiez gain, hantxe dago Euskal Herriko Musika Artxibategia, eta 10.000 lan baino gehiago ditu gordeta.
«Kanpotik, eliza bat dirudi; baina sarrera igaro bezain laster, kultura bihurtzen da protagonista nagusia», dio Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol zinegotzi Sabin Anuzitak. Filosofia hori bere egin, eta arrakastaz arrakasta idatzi dituzte kulturgunearen historiaren orrialdeak. Iaz, 220 ekintza eskaini zituzten Bilborrocken, eta, egunetik egunera, egitarau askotarikoagoak prestatzen dituztela diote kudeatzaileek. «Hamar urtean denetarik ikusi dut bertan», dio auzoko bizilagun batek, «rock kontzertuak, antzerki emanaldiak, bertsosaioak, baita era guztietako hitzaldiak ere!». Arrakasta horren formula gertukotasunean dagoela iritzi dio Anuzitak: «Eraikineko bigarren solairua hiriko musika taldeek erabiltzen dute, eta nahi beste aldiz joan daitezke horra entseatzera».
Herritarren eskura egoteko sen horrek egin ditu arrakastatsuBilborock eta Sanagustin proiektuak. Durangon (Bizkaia), erantzun berbera izan du San Agustin komentu ohia arte eszenikoetako gune bihurtzeak. «Halakoetan funtsezkoa da herritarrek eraikina eta proiektua bere sentitzea», dio Maider Larrañaga guneko arduradunetako batek. Iraganean Agustinen lagundiko komentu zena 1998an berriro zabaldu zuten durangarrek, eta, egun, herriko kultura gune nagusietako bat da. «Kultur etxe izan aurretik, ospitalea, alondegia, gurutze gorriaren egoitza eta arte galeria izan da Sanagustin», azaldu du Larrañagak; «baina, azkenean, Durangon adituak garen horrekin eman diogu behin betiko erabilera: antzerkiarekin eta ikuskizunekin».
Erabilera alternatiboak
Tenplu eta komentu gehienak kultur etxe bihurtu badituzte ere, ez da halako eraikinei eman zaien erabilera bakarra. Iruñeko Arrotxapea auzoan, esaterako, Done Petri monasterio ohia eraberritu zutenez geroztik, hiru zerbitzu eskaintzen ditu: Ingurumen Heziketarako Museoa, auzoko udal liburutegia, eta koadernaketa eskola-tailerra. «Monasterioak 30 urte zeramatzan abandonatuta, hutsik ala okupez beteta», azaldu du Agenda 21 plataformako kide Marina Jimenezek, «eta, eraberritze proiektua abiatu bazuten ere, ez zegoen argi zein erabilera izan zezakeen».
Baina erabilera ezin hobe batekin egin zuten topo. 1999an, udalak eginiko galdeketa baten bidez, ikusi zuten ingurumena zela iruindarren kezka nagusietako bat, eta, monasterioa eraberritzen ari zirela aprobetxatuz, han kokatu zuten haren gaineko museoa. «Dimentsioak ezin aproposagoak ziren», esan du Jimenezek, «eta kokagunea apur bat urrun badago ere, aukera ona iruditu zitzaigun». 2003an zabaldu zuten Ingurumen Heziketarako Museoa, eta, orduz geroztik, garapen iraunkorrarekin zerikusia duten ekintzak antolatzen dituzte egunero. «Jendeari oso atsegina zaio hona etortzea eta gure ekintzetan parte hartzea, ingurua eta monasterioa bera zoragarria delako», iritzi dio Jimenezek.
Eraikin horiek nortasun berria duten arren, jatorriko esentziak irmo dirau. Ez dira elizak, ez komentuak, ez monasterioak, kulturaren bilguneak baizik. Baina berrikuntzez lepo badaude ere, eta kanpoko itxurak barrukoarekin zer ikusirik ez duen arren, eraikin bakoitzak bere jatorriko estiloa gorde nahi izan du. «Halako altxorrak galtzea sekulako hondamendia litzateke, eta, hala, errespetu handiz egin behar izan genituen eraberritze lanak», aitortu du Natxo Barberena teknikariak. Arrotxapeako Done Petri monasterioa eraldatu zuten eskola tailerretako batean jardun zuen jo eta su, eta azaldu du teknika oso bitxiak erabili behar izan zituztela eraikinaren berezko itxurari leial izatearren. Monasterioaren hainbat bazter eraberritu gabe utzi behar izan zituzten, hala nola ziegak.
Gauza bera gertatu zen gainontzeko santutegietan. Azpeitiko Sanagustin kultur etxean, erlijio kontaketetako pertsonaiez lepo dagoen erretaulak oholtzaren atzean jarraitzen du, eta, gora begiratuz gero, sabaia amaigabea dela gogorarazten dio gangak bertaratzen den orori. Bilborockeko aretoan, berriz, zutabeak harrizkoak dira, lurra marmolezkoa, eta arku urdinek eserlekuak inguratzen dituzte. Durangon, Sanagustin kulturguneko antzerki saioak konplexuagoak izan ohi dira, paretak zuriak direlako eta iluntasunarekin jokatzea oso zaila delako. «Halako eraikinak ziren bezala gordetzeak hainbat erronka dakartza, maila teknikoan batez ere», azaldu du Maider Larrañaga durangarrak, «ez baita erraza iraganeko eskemen bidez eraikitako guneetan egungo argiztatze eta soinu mekanismoak ipintzea».
Baina halako arazoak traba handia bilaka daitezkeen arren, proiektu horiekiko apustu garbia berretsi dute kudeatzaileek. «Jendea liluratuta geratzen da», dio Marina Jimenezek Done Petri monasterioari buruz mintzatzean, «guztiz ezohikoak diren eraikinak direlako». Kepa Urbietak antzeko iritzia du Azpeitiko Sanagustini buruz, eta, beste hainbesteren moduan, esan du halako ekimenek eredugarriak izan beharko luketela abandonatutako eraikin historikoei erabilera berri bat emateko: «Zer egingo zenukete bertan behera utzitako 600m2-ekin? Garrantzitsua da halako birziklatzeak egitea, erabilgarriak izan daitezkeen arren eraikin ugari ez direlako erabiltzen». Sabin Antzuita Bilboko Udaleko zinegotziak iritzi dio halako proiektuek funtzionatu egiten dutela, baina funtsezkoa dela aukera guztiak ongi aztertzea, ez direlako batere errazak eta merkeak.
Ezarian
Tenplu birziklatuak
Eliza abandonatuak kultur etxe bihurtu dituzte Euskal Herriko hainbat udalerritan. Halako ekimenen aldeko jarrera adierazi dute herritar ugarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu