Ez da oharkabean igarotzen: kupula zuri bat dago Intxaurrondo eskola zenaren teilatuan, Durangon (Bizkaia). Eta, barruan, behatoki astronomiko aitzindari bat. Han zen herria urrunago zegoenean; larreek, behiek eta ardiek inguratzen zutenean eraikina; artean eskola zenean. Eta herriak irentsi ostean, lehengo belarra etxebizitza mordo batek ordezkatua duela eta Intxaurrondo eskola jada desagertuta dagoela, nabarmen gailentzen da behatokia oraindik ere, Joaquin Rueda irakasle ohiak (Durango, 1938) proiektatu zuen leku berean. Berrogei urte daramatza han.
Ruedak lekukoa emana dio aspalditik Ludi Rueda alabari, eta emakumeak igotzen ditu orain kupularaino eramaten duten eskailera maldatsuak. «Txikitan, behatokira igotzen ginenean, kupula biratzea gustatzen zitzaigun gehien», kontatu du alabak, egituraren heldulekuetako bati oratuta. Familia ondarea da: Joaquin Ruedak aspaldi transmititu zion alabari astronomiarekiko lilura, baita garai hartako oroitzapenak ere. Hala, alabak osatu du, tarteka, aitaren memoria.
Txikitan zaletu zinen zientziarekin?
Ama maistra izan zen, eta gauza askotan tematu zen.
Zientzietatik joatea ez zen zure erabakia izan, beraz?
Tira, amak sustatu zidan zientziarekiko zaletasuna. Laurogei ikasle zituen orain Durangoko liburutegia dagoen tokian. La Villako eskola publikoan ibili zen, politika irakasten zuen... denetatik. Udalak kontratatu zuen eskola publikorako. Francoren garaian, eskolak propaganda egiteko erabiltzen zituzten.
Noiz hasi zinen klaseak ematen?
23 urterekin. Lan bizitza osoan irakaslea izan naiz. Irakaslea izan nintzen Mendiolan eta Izurtzan, eta gero Jesuitetara pasatu nintzen.
Hain justu, Mendiola eskolak ehun urte bete ditu aurten. Nola gogoratzen duzu?
Hiru urtez egon nintzen. Eta Jesuitetako errektorea etorri zen nigana, hango irakasle askori eskolaz kanpoko klaseak ematen bainizkien; haietako asko aurrera atera nituen. Hainbat aldiz etorri zen nire bila. Ni pozik nengoen Mendiolan. Han egon naiz inoizko pozen.
«Jesuitetako errektorea hainbat aldiz etorri zen nire bila. Baina ni Mendiola eskolan egon naiz inoizko pozen»
Mendiolatik Jesuitetara joan zinen, beraz?
Azkenean konbentzitu ninduten. Jesuitetan hamar urtez egon nintzen, eskolan aldaketa batzuk egiten hasi ziren arte; metodologia aldatu zuten, adibidez. Orduan, La Villako eskolara joan nintzen. Falangeko burua hil zenean, neu aukeratu ninduten eskolako zuzendari. Eskolak herrian sakabanatuta zeuden: San Fausto, Ospitalea, Intxaurrondo... [1970eko hamarkadaren bukaeran] Isabel Lertxundi inspektore buruarekin batera, Landakoko proiektua egin genuen. Berehala egin zen eraikina.
Ordurako bazenuen behatokia ipintzeko asmoa?
Zientzia modu praktikoan irakastea gustatu izan zait beti. Irteerak egiten genituen, fosilak bilatzeko, landareak... Denetarik. Kurtso bukaeran, Bartzelonako Zientziaren Museora joaten ginen. Museo hartan kupula bat zegoen. Eta Madrilgo behatokian egon nintzenean ere, kupulak ikusi nituen. Gauza bakarra falta zitzaien: teleskopioa. Madrilgo batek esan zidan kupula horiek Bilboko portura heldu zirela, eta Urkiola menditik igaro zirela, Madrilera heltzeko. Imajinatzen dut norbaitek Alemaniara eskatuko zituela, Alemania beti izan baita aitzindari ikerketa kontu horietan. Bartzelonako museoko kupula ikusi nuenean, galdetu nuen zenbat kostatuko litzatekeen halako bat. Azkenean, Lleidako [Herrialde Katalanak] gizon batek egin zuen, beira zuntzez eta poliesterrez; astronomia kontuekin zerikusia zuen gizon hark, kupulak egiten zituen, teleskopioak... Kupula ez zen oso garestia izan. Artisautza lana izan zen; eskuz mugitzen da...
Alemaniako kupulak bai, garestiak izango ziren...
Bai, oso. Materialen kalitateagatik. Alemaniako kupula erabat metalikoa zen, eta telekomandoa zuen. [«Teleskopioa babestuagoa egongo litzateke», erantsi du alabak. «Orain, adibidez, ura sartzen da, denborak higatu egin du...»]. Ea metaliko bat lortzen dugun [irribarre]. Udala ez zegoen prest Alemaniako bat ordaintzeko.
Nola lortu zenuen behatokia ipin zezaten?
Garai hartan, udalaren batzarretan asko parte hartzen nuen. Udalak Intxaurrondo eskolako eraikina zabaltzeko obrak onartu zituen, ez baikinen kabitzen. Proiektuko arkitekto arduraduna nire ikasle ohi bat zen. Eraikinaren estalduraren azpian zulo bat zegoen, eta, Bartzelonako Zientziaren Museoan ikusitakoaren ondoren, proposatu nien utz zezatela hor gelatxo bat, baita hutsune biribil bat ere. «Zertarako?», galdetu zidan alkateak. «Dirua dugunean, kupula bat ipintzeko», erantzun nion. Udala ados egon zen: kupula egin zuten, eta, gero, teleskopio bat erosi genuen. Behatokia nahiko merke atera zen.
«Kupula Lleidako gizon batek egin zuen, beira zuntzez eta poliesterrez. Ez zen oso garestia izan. Artisautza lana izan zen»
1985erako kokatuta zegoen behatokia.
Ekainaren 15ean inauguratu zen.
Zer harrera izan zuen?
Oso ona. Leku mordo batetik deitu ziguten. Madrilgo eta Bartzelonako behatokietakoak interesatu ziren —behatoki horiek kostu handia izan zuten—, baita Ceutako jendea ere, Melillakoa, Malagakoa... [Espainia]. Behatokia zuen [Espainiako] estatuko aurreneko eskola izan zen. Eskola asko ere hemendik igaro ziren.
Durangotik kanpokoak ere bai?
Bai, bai. Are, Logroñokoak eta Burgoskoak [Espainia].
Behatokia inauguratu zenean, hemen inguruan antzeko proiektuak egin zituzten?
Santanderren [Espainia] interes handia erakutsi zuten. Gurea inauguratu eta hamar urte geroago, behatoki bat instalatu zuten hango mendi batean.
Eta gertuago?
Ezer ez. Eskoletan, hau baino ez zegoen. Izkin [Araba] badago behatoki bat, baina hango astronomia elkarteak ipinitakoa da.
Behatokiaren eskutik etorri zitzaizun astronomiarekiko interesa?
Denetarik probatzea gustatzen zitzaidan. Zientzia eta matematika bide beretik doaz, baina zehaztu beharra dago. Bizkaian, 1980ko hamarkadan, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetan laborategiak ipini zituenean, zortzi irakasle liberatu gintuzten trebatu gintezen. Eta orduan erabaki nuen astronomian sakontzea. Liberatuta egon nintzenean, Marokora joan nintzen eklipse bat ikustera, esaterako.
«1980ko hamarkadan, Eusko Jaurlaritzak laborategiak ipini zituenean, zortzi irakasle liberatu gintuzten»
Instituzioetan zientzia bultzatzeko gogoa zuten, beraz? Garai ona zen behatokia bezalako proiektuetarako?
Bai. Liberatutako irakasleek beste irakasle batzuk trebatu genituen laborategian. Batzuek bazuten gogoa mikroskopio batetik begiratzeko eta abar. Baina gehienei ez zitzaien interesatzen laborategia. Lan bikoitza zela esaten zuten.
Zuk, baina, irakaskuntzaren alde praktikoa nabarmendu izan duzu beti. Horren erakusle da behatokia, besteak beste.
Bai. Teleskopio batekin Ilargiari begiratzea, Jupiterri, Saturnori, Artizarrari... begiratzeko beste modu bat da. [«Askotan errepikatu izan duzu: ‘Adimenean ez da ezer geratzen ez bada aurretik zentzumenetatik sartu’», oroitu du alabak. Haren ikaslea ere izan baitzen. Gogoratu du, halaber, hiltegira bidaltzen zituela behi begien bila, begiok ireki eta kristalinoari begiratzeko; edo sumendiak egiten zituztela; edo azido sulfurikoa ekoitzi]. Azkenean, astronomia gela bat ipini zuten [2007an]; ni erretiratua nengoen ordurako.
Behatokiak ia berrogei urte ditu, eta milaka pertsona igaro dira sortu zenetik.
Egun batzuetan, igo, eta ezin izaten zen ezer ikusi. Eta ariketak egiten genituen.
Teleskopioa zelako jendeari gehien interesatzen zitzaiona, ezta?
Bai, hori da. Baina bazeuden maketa eta aparatu batzuk ere, AEBetan erosi genituenak. Ageri ziren Eguzkia, Ilargia, izarrak... Astroen mugimendua esplikatzeko erabiltzen genituen, eklipseen sorrera azaltzeko... Eta baskulak ere bagenituen, neurtzen zutenak pisua Lur planetan eta Ilargian, eta horietan oinarrituta grabitatea azaltzen genuen. Material hori hemen dago oraindik.
«Izarrak eskatu zuen herriko argiak alda zitzaten, ze lehengo farolek argia norabide guztietara ematen zuten»
1992an Izarra astronomia elkartea sortu zenuten. Zergatik?
Behatokiaren inguruan sortu zen elkartea, jende asko etortzen hasi baitzen. Zale asko zegoen.
Hainbat bidaia ere egin zenituzten elkartearekin, ezta?
Nire emaztea, Felisa Agirre Barrutieta, zeinak euskaraz bikain zekien, hamar urtez izan zen elkarte astronomikoko presidentea. 1990eko urteetan, bizpahiru aldiz joan ginen Tolosara [Frantzia], Europako NASA bisitatzera. Ikusteko atsegina zen. Espaziontzien erreprodukzioak dituzte, eta Ilargira bidali zituzten modulu batzuk ere ikusi genituen. Modulu horiek harritu ninduten gehien. Poitiersera [Frantzia] ere joan ginen behin, eklipse oso bat ikustera.
1999-2000ko ikasturtean erretiratu zinen. Zer harreman izan duzu ordutik behatokiarekin?
Azken urteetan, plaza kendu ziguten, hizkuntza eskakizunengatik —lehenengoa genuen, eta bigarrena eskatzen zuten—. Ordutik aurrera, behatokiko kontuekin bakarrik ibili nintzen. Aktibo egon nintzen denbora batez. Gero, beste irakasle bat izendatu zuten astronomia gelaz arduratzeko [Esteban Esteban]. Eta Izarra elkartearekin, Urkiolara joaten ginen behatzera, Iruñeko eta Madrilgo planetarioetara, astronomia kurtsoak egiten genituen...
Azken urteetan, argiaren kutsadura arazo bihurtu da zerua behatzeko?
Tabira inguruan biribilgune bat ipini zutenean, adibidez, foku oso garai bat ipini zuten, ia behatokiaren mailan zegoena, eta nahiko oztopatzen zuen behaketa. Eta Izarrak eskaera bat egin zuen herriko argiak alda zitzaten, ze lehengo farolak bola antzekoak ziren, eta argia norabide guztietara ematen zuten. Energia asko xahutzen zen, eta argi kutsadura nabarmena eragiten zuten. Argi berriekin, udalak nahikotxo aurreztu zuen.