Telesail digital bat euskaraz eta 4Kn egingo dute, Next Station-i esker

Proiektuak azaroaren 15era arte aurkez daitezke. 2018ko irailean estreinatuko dute irabazlea

Jokin Etxeberria, Diego Urrutxi eta Elbio A. Nielsen, Next Station laborategiko koordinatzaileak. BERRIA.
urtzi urkizu
2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Eiken ikus-entzunezko klusterrak eta EITBk formatu berritzaileak sortzeko laborategi bat jarri zuten martxan iaz. Media Attack, Develop HUB eta J.O.K. Films ekoizpen etxeek koordinatzen dute Next Station egitasmoa,eta, aurreneko deialdiaren ostean, aurten soilik euskarazko lanentzat egin dute deialdia. Telesail digital bat 4K teknologian ekoizteko aukera emango du Next Station 2-eko deialdiak, eta aukeratutako proiektua 2018ko irailean estreinatuko dute Interneten eta ETBn.

Deialdia zabaldu dute dagoeneko, eta hautagaiek azaroaren 15era arte daukate aukera euren lanak proposatzeko. Jokin Etxeberria Next Stationeko sortzaile, antolatzaile eta ekoizleak esan du erraza dela hautagaitza aurkeztea: «Proiektua aurkezteko, gure sare sozialetako kontuak jarraitu behar dira lehenbizi: @nextstationclub Instagramen etaFacebooken. Selfiepitch bideo bat bidali behar da, eta hautagaiak hor aurkeztu behar dubere ideia. Gehienbat, ideia baloratzen dugu». Xehetasunak www.nextstation.club webgunean aurki daitezke. Webgunean PDFbat deskargatu behar da, eskatutako informazioa bete, eta klubeko kudeatzaileei bidali.

Luis Berastegik garatutako metodologia baten bitartez, lehenengo behaketan hogei proiektu bilduko dituzte. Horietatik hiru lan aukeratuko dituzte, eta hiru horiek errendimendu handiko egonaldi batzuetan parte hartuko dute Bilbon eta Donostian. «Lehen egonaldia Mondragon Unibertsitateko Bilbo Berrikuntza Faktoriaren egoitzan izango dute hiru finalistek. Gero, Donostiako Tabakaleran proiektua lantzeko aukera izango dute, sektoreko profesionalekin. Baldintzak oso onak dira, kontuan izanda telesaila ekoitziko dela eta diru ordaina jasoko dutela», azaldu du J.O.K. Films ekoizpen etxeko ekoizleak.

Telmo Trenado animatzaile

Next Station egitasmoaren bigarren aldian Telmo Trenado mago eta youtuberra ariko da animatzaile. «Gure zeremonia maisua izango da. Sare sozialetan kluba animatzen arituko da, eta komunikabide tradizionaletan proiektua aurkeztuko du. Funtsean, euskaldunak animatzen ariko da, haien serie digitalaren pitch-a aurkez dezaten».

Next Stationeko aurreneko aldian bost finalistek gaztelaniazko saioak aurkeztu zituzten —gutxi batzuk aurkeztu ziren euskaraz—.Aurten, ordea, euskarazkoak izan beharko dute proiektu guztiek. Etxeberriak nabarmendu du, gainera, ekoizpen prozesu osoa euskaraz egingo dutela.

Next Station-eko sustatzaileek iragarri dute, bestalde, telesail digital irabazlea aurkezteko hainbat jaialditara joango direla: Gasteizko FesTVal, Donostiako Zinemaldia, Lekeitioko Euskal Zine Bilera (Bizkaia) eta Hazparneko Zinegin jaialdia (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.