Telemadrid kateko administrazio kontseiluak behin betiko berregituraketa plana hitzartu zuen herenegun. Proposamena PPren aldeko 10 botorekin atera da aurrera. PSOEko eta IUko zazpi kontseilariek kontra bozkatu dute. Berregituraketa planak 860 langile kaleratzea jasotzen du. Hau da, kate autonomikoan, lehen, 1.169 langile ziren, eta, orain, 300 langile izango dira. Hala ere, onartutako plan horretan, hasierako proposamenean espero baino hirurogei lagun gutxiago kaleratzea jasotzen da. Langileek enpresari egotzi diote hori «irudia garbitzeko saio hutsa» dela; «hasieratik zeukaten aurreikusita kaleratze kopuru hori gutxitzea». Deloitte eta Cuatrecasas enpresek egin dute bideragarritasun plana, eta lan horrengatik 169.400 euro jaso dituzte. Langileek eta zuzendaritzak hamaika ahalegin egin dituzte hitzarmen bat lortzeko, baina ez dira ados jarri.
Lantaldea %75 murriztearen ondorioz, Telemadridek albistegiak bakarrik egingo ditu. Egungo programaziotik beste bi saiori ere eutsiko die: Madrileños por el mundo eta Madrid directo. Biak kanpoko enpresa batek ekoitziko ditu, ordea. Ignacio Gonzalez Madrilgo erkidegoko presidenteak adierazi du orain administrazio kontseiluaren tamaina txikitzea proposatuko duela; 18 kidetik 7ra.
Ia hilabete iluntasunean
Protesta asko egin dituzte langileek azken hilabetean. Abenduaren hasieran, greba hasi zuten, eta kate autonomikoak emanaldiak eten zituen. Ordutik, beltzean egon da. Erabakiaren ondotik, baina, langileek bertan behera utzi dituzte lanuzteak. Gaur itzuli dira emanaldiak. Madrilgo erkidegoko presidenteak adierazi du langileen jarrera «guztiz onartezina» dela: «Ez dut ezagutzen murrizketen ondorioz emanaldiak eten dituen hedabiderik».
Komunikazioa
Telemadridek 826 langile kaleratzea onartu du
PPren gehiengoarekin, berregituraketa plana adostu dute; hilabeteko prostesten ostean, gaur hasiko ditu emanaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu