B ulegoko hotsen artean lan egitea, alboko lankidearen ohituretara egokitzea, lantokirainoko bidea egunero egin behar izatea... hainbat aldaketa izaten dira etxean lan egin ondoren lantokira itzultzean. Horregatik, enpresa askok egoera berrira egokitzeko planak prestatu dituzte.
Telelana ez zen erronka izan Oreka IT informatika enpresako langileentzat, Iraitz Perez de Goldarazena zuzendariaren arabera. Baliabideak zituzten, eta ongi moldatu ziren: «2020ko martxoan joan ginen etxera, eta Orekako langileen erantzuna aparta izan zen. Mundu guztiak eman zuen aurrerapausoa; kontzientziazio oso handia egon zen: ezin zen jaitsi bezeroei ematen genien zerbitzuaren kalitatea...». Ekainerako, ordea, bulegoak ireki zituzten, edukieraren %20an, eta aukeran utzi zuten joatea ala etxean geratzea.
Nork bere baldintzen arabera erabaki zuen nola jarraitu, eta konturatu dira Iruñeko eta Gasteizko langileek bulegora itzultzeko joera handiagoa izan dutela, bulego horietara iristea errazagoa baita: «Bizkaian, Leioan gaude, Getxora itsatsita, Bizkaia Zubiaren ondoan; hor, sarri auto ilarak izaten dira, bidesariak daude...».
Urritik aurrerako, ordea, plan bat prestatu dute, lantokira itzultzeko, alde txarrak ere nabaritzen hasiak zirelako: «Lantaldeen kohesio edo elkar ezagutzaren esparruan, konturatu gara lantalde askotan bazela jendea pixka bat arrotza zena; gurekin lanean ari zena ia inor ezagutu gabe. Bi urte denbora asko delako, eta jende berria sartu delako».
Plan berriarekin, oreka lortzen saiatuko dira, enpresaren izenak dion bezala: «Batetik, bermatzeko, nolabait, gure lantokiak oraindik izango direla elkarguneak, eta hartu-eman bat izateko han. Baina, bestetik, bermatzeko telelana egiteko aukera egoera jakin batzuetan dauden eta hala nahi duten langileei».
Hasieran erosotasuna galduko dutela sentitu arren, langileek begi onez ikusten dute erabakia, azaldu duenez: «Telelanaren ondoren, momentu batean, denei ematen die nagia, jantzi, etxetik atera, bulegora joan... Baina etortzen hasten direnean, asko eskertzen dute. Azken batean, etxean, konektatuta egonda ere, badago bakartze puntu bat».
Alde horretatik, belaunaldien arteko arrakala aipatu du. Izan ere, Orekan enpresako nagusienak «oso ohituta» daude bulegoetara, kultura horretan bizi izan baitira. Ordea, enpresan dauden langile gazteentzat, haien denbora kudeatzea erakargarriagoa da: «Ez dute izan aurretik kultura bat hamabost urtez bulegoetan nola lan egin den ikusteko».
Horiek ere gustura sentitzea nahi dute plan berriarekin. Lan egiteko hiru modu proposatuko dituzte: beti bulegotik; etxetik eta bulegotik txandaka, eta guztiz etxetik. Langile bakoitzak erabakiko du zein hautatu, eta sei hilabetean behin berrikusiko dituzte baldintzak.
Garrantzitsua da langile berrien errotazio tasa baxua izan dezaten, formakuntzan diru asko inbertitzen dutelako: «Trebakuntzan asko inbertitzen dugunez, aholkulari bat galtzen dugunean diru asko galtzen dugu. Gure zerbitzuari jarraikortasuna emateko oso garrantzitsua da, talentuari hemen eusteko eta jendearen motibazioan eragina izateko».
Kontziliaziorako tranpa
Elhuyarren, pandemiaren aurretik bazegoen telelanean aritzeko aukera hala eskatzen zuenarentzat. Horretarako arrazoi nagusiak bi izan ohi zirela azaldu du Lur Etxeberria Elhuyarreko berdintasun teknikariak: «Bat zen kontzentrazioa eta isiltasuna eskatzen zuten lanak hobekiago egiten zituztela etxean pertsona horiek, eta bigarrena zen etxetik lantokirako joan-etorriak aurreztea». Hirugarren tokian zegoen kontziliazioa, eta gehienbat emakumeek eskatzen zuten horretarako baimena.
Horregatik, kontziliazioari dagokionez, kontziente ziren telelanak garai jakin bateko zailtasunei erantzun arren genero rolak indartuko zituela: «Modu horretan, emakumeen gain jartzen ari gara etxean sortzen diren zaintza behar horiei erantzuteko ardura».
Pandemiaren ondorioz hori areagotu dela uste du, telelana «kontziliazio arazoak konpontzeko tresna gisa» aurkeztu delako, baina ez duelako konpondu arazoa: «Egin duena da lan ordaindua etxera eramatea, zaintza lanak egiten ditugun gune nagusira». Orduan ere, emakumeen bizkar geratu da gehienbat ingurukoak zaintzeko ardura.
Horregatik, ikuspegia zabaldu behar dela dio, eta zaintza eta lan sisteman jarri. Hain zuzen ere, biak uztartzeko formulak bilatu behar dira: «Gizartea antolatuta dagoen moduan, oso zaila da zaintza lanei erantzutea eta lan ordaindua egitea».
Errezeloz begiratzen dio etorkizunari, eta beldur da emakumeek telelanera joko ote duten zaintza lanak eta lan ordaindua bateratzeko, eta horrek haien etxeratze handiago bat ekarriko duen. Horregatik, zaintza sistema demokratizatzearen alde egin behar dela dio; dena etxean kokatu ordez, kontrako norabidea egin, eta zaintza kolektibizatu: «Emakumeen gain jartzen diren motxilak partekatu egin behar dira, eta gizonak gehiago inplikatu behar dira: pentsatu behar da zer egin, nola egin komunitateak ere zaintza lanetan inplikatzeko, eta erakunde publikoek ardura hartzeko».
Elkarren beharrak aztertu
Desoreka horiez kontziente da Aran Erasun Harago aholkularitzako langilea ere, eta enpresa bakoitzak egoera desberdin kudeatu du. Haragon, bide laguntza egiten dute enpresekin talde lanen eta harremanen esparruan, eta «oso prozesu desberdinak» ikusi dituztela azaldu du. Desoreka horiek konpontzeko, ordea, aholku jakinak bilatzea «oso itxia» iruditzen zaie, talde bakoitzak bere beharrak dituelako. Nahiago du lantegirako itzulera egokia izan dadin zer aldagai hartu behar diren aztertzea.
Aldagai horietako bat erabakiak hartzeko modua da. «Enpresak egin ote dizkien galderak langileei itzuli nahi duten ala ez jakiteko, nola ikusten duen bakoitzak, zer bizipen izan dituzten, galdetu eta gero erabaki duten edo galdetu gabe erabaki...».
Izan ere, 2020ko martxoan langile guztiak etxera joan ziren, derrigorrez, enpresatik kanpoko erabaki batek eraginda. Baina, gerora, enpresa bakoitzak erabaki du nola antolatu itzulera, eta azaldu du langileei galdetuta edo galdetu gabe lan giroa, lan baldintzak eta eraginkortasuna erabat aldatzen direla: «Zure beharrak eta esperientziak aintzat hartu badira, itzulera horrek lan eremura egokitzeko baldintzak izango ditu ziur asko, hainbat gauza kontuan hartu dituelako».
Harremanetan ere arreta jarri du Erasunek. Lantaldean konfiantza, elkar ezagutza eta bakoitzaren lan egiteko prozesuak landuta zeuzkaten kasuetan telelanean hobeto funtzionatu dutela dio: «Zuk talde konexioa landuta badaukazu, nahiz eta lekuz aldatu, konexio hori berriro lortzea errazagoa izan daiteke. Beste batzuetan, berriz, lanketa hori egin ez denetan, zailtasunak egon dira lantaldeak martxan jarraitzeko».
Bulegoetarako itzuleran, hortaz, aukera ikusten du «elkarri begiratzeko eta elkarrizketa batzuei leku egiteko», bakoitzaren beharrak zein diren aztertzeko: «Elkarrizketa horiei tartea ematen diezunean, aukera dago topatzeko elkarrekin lan egiteko aldagaiak, gakoak». Komunikazioan sakondu behar dela dio, azken finean.
Horretan sakontzen saiatu dira Haragon bertan, malgutasuna oinarritzat hartuta. Adibidez, sormena eskatzen dutenean, naturguneetan egiten dituzte bilerak, eta astelehenetan etxetik lan egitea ere adostu dute, astea hobeto antolatzen laguntzen dielako.
Presentzialtasunaren garrantzia nabarmendu du, dena den: «Lehen erabiltzen ez genituen aldaketa batzuk integratu ditugu, baina garrantzi handia eman diogu gauza batzuk orain ere presentzialki egiteari. Badagoelako zerbait hor ordezkaezina dena, talde logikan».
Telelanetik lantokira
Enpresak lantegietara itzultzen ari dira, nor bere erara eta erritmora. Testuinguru berrirako planak prestatu dituzte: langileen beharretara egokitu dira, eta behar duenari telelanean jarraitzeko aukera eman diote, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu