Telelanaren etengailuak

Telelanaren ondorioz, etxeetako energia kontsumoak gora egin du. Nahiz eta aurretiko egoeran kontsumitzen zenarekin ezin konparatu, adituek eskatu dute etorkizunean kutsadura are gehiago murrizteko neurriak hartzeko.

BERRIA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Hainbat ikerketak argitaratu dutenez, telelanean aritzearen ondorioz, oro har, kutsadura nabarmen gutxitu da. EHUk argitaratutako ikerketa baten arabera, adibidez, %27 murriztu da karbono isuria azken asteetan. Baina, kontuan hartu beharreko faktore batez ere ohartarazi dute: etxeetako energia kontsumoak gora egin duela. Ziurtzat eman dute, halaber, telelanean aritzeak kutsadura murrizteaz gain, energia kontsumo orokorra murriztea eragin duela, baina ez da azterketarik egin hori horrela dela adierazteko. Horregatik, egoeraren azterketa jasangarri eta energetikoa egin nahi bada, adituek argi azaldu dute: alde batetik gutxitu dena etxeetan zenbat handitu den ikusi beharko litzateke.

Telelanean aritzeak kontsumitzeko era guztiz aldatu baitu. Etxetik lan egitearen ondorioz, lantokiko energia kontsumoa bakoitzaren etxera lekualdatu da, eta, ondorioz,etxebizitzetako elektrizitate eta gas kontsumoa nabarmen handitu da. Esaterako, konfinamenduaren hasieran hotza egin zuen, eta, lanpostuak deszentralizatzean, berotu beharreko aire bolumena handitu egin zen. Alvaro Campos EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza eskolako irakasleak azaldu duenez, askoz eraginkorragoa da bulego bat berotzea, telelanean ari diren langile guztien etxeak berotzea baino.

Hain zuzen, berogailuen alorra izan da kontsumo gorakada izan dutenetako bat. «Telelanean aritzearen ondorioz, askoz etxebizitza gehiago berotu behar izan dira». Normalean egunean zehar berotze sistema horiek itzalita egoten dira, eta konfinamenduko lehen asteetan galdara asko piztu zirela nabarmendu du Camposek.

«Halaber, kontsumo elektrikoa handitzeak kutsadura igotzea dakar, eta berotze sistema bakoitzaren arabera kutsadura ere desberdina da; besteak beste, sistema elektrikoari loturiko berogailuak edota gas naturala darabiltenak daude». Hain zuzen, nabarmendu du gas natural horrek erregai fosila izanik karbono dioxidoa isurtzen duela.

Energia berriztagarriak

Telelanak gizartearen kontsumitzeko erak aldatuko dituela eta, energia berriztagarriak mahai gainean jarri ditu EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza eskolako irakasleak. «Interesgarria litzateke energia berriztagarriak bultzatzea, etxeetako kontsumo elektrikoa handitu egingo bada», azaldu du. Haren ustez, energia berriztagarrien erabilera baino gehiago, eraikinetako kontsumo elektrikoa handitu beharko da: «Autokontsumo berriztagarria sustatu behar da». Hots, dioenez, instalazioak etxebizitza eraikinean kokatu beharko lirateke. «Askoz eraginkorragoa da elektrizitatea kontsumo lekuetan ekoiztea, milaka kilometrora instalazio erraldoi bat izatea baino».

Horregatik, telelanaren ondorioz etxebizitzek eta kontsumo elektrikoak garrantzia hartuko badute, eraikinak sorgailu edota eragile aktibo bihurtu behar direla dio Camposek. Eta, horretarako, eraikin bakoitzak bere instalazioa izatea proposatu du: «Sistema energetiko eraginkorra izateko, autokontsumo fotovoltaikoa edo eraikinetan energia berriztagarria sustatzea litzateke aukerarik onena». Kontsumo orduak ere kontuan hartu beharko lirateke, eraginkorragoa izateko. Camposek, baina, nabarmendu du gaur egun instalazio fotovoltaiko gutxi dagoela, eta, gainera, zati hori zentral tradizionalek kudeatzen dutela gaineratu du. «Egungo planteamenduan, zoritxarrez, energia berriztagarriek ez lukete eragin nabarmenik izango».

Greenpeace erakundea ere bat dator: energia berriztagarriei dagokienez, egoki eta beharrezkotzat jotzen dute autokontsumo ekipamenduak instalatzea. «Betiere enpresaren kontura joango litzateke; eguzki plakak jartzea aukera posible bat da».

'Streaming'-aren erabilera

Streaming-ak sortzen duen energiaz ere ohartarazi du Campos irakasleak: «Streaming-ak etxeetako energia kontsumoa handitzen du, baina, batik bat, zerbitzarietako kontsumo energetikoan eragiten du». Zerbitzari horiek pabiloi edo lantoki handietan egoten dira, eta pertsonen arteko komunikazio birtualak posible egiten dituzte. Bideo deiak egiteko edota telesailak plataforma digitalen bidez ikusteko erabiltzen da streaming-a batez ere; zenbat eta streaming gehiago, zerbitzari gehiago eta energia kontsumo handiagoa.

«Kontuan izan behar dugu kalitate oneko telesail bat ikusteak edo bideo dei bat egiteak ondorioak dakartzatela, ekonomikoak eta ingurumenari lotuak». Bideo deietan, adibidez, irudiaren kalitatea gutxitzea gomendatu duCamposek, energetikoki hain garestia atera ez dadin. Azpimarratu du, kasu honetan, etxeak baino gehiago zerbitzari irlek mantendu dute Internet zutik. «Kontuan hartu behar genuke gure gailuetan gero eta megabyte gehiago ditugun heinean, azpiegitura handiagoa behar dela hori biltzeko, eta horrek energia kontsumoa areagotzen duela». Bestalde, erosketak Internet bidez egiteak, adibidez, sareko kontsumoa handitzeaz gain produktua garraiatzeko eta banatzeko beharrezko energia kontsumitzea dakarrela gogoratu du Campos irakasleak.

Streaming-az eta elektrizitateaz gain, telelanerako erabiltzen diren gailuak produzitzeak ere energia kontsumo handia dakar. «Ez soilik ekoizteak, zakarretara botatzeak ere energia kontsumitzen du», azaldu du Iñaki Zuazo EHUko Bilboko Ingeniaritza eskolako irakasleak. «Ziklo osoan energia beharrizanak oso garrantzitsuak dira, hots, telelanerako beharrezkoak diren azpiegitura guztiek kontsumo energetikoa dakarte berarekin». Alabaina, Zuazok argi utzi nahi izan du, oro har, argitaratu diren ikerketen arabera telelanean aritzeak aurreztea dakarrela. «Etxeetan gehiago kontsumituko da, baina balantza batean jarriz gero, kopuruei dagokienez, hobea dirudi telelanak, eta hala erakusten dute orain arteko datuek». Halaber, telelanaren ohitura geldituko bada, Ingeniaritza Eskolako irakasleak beharrezkotzat jo du izango duen eragina aztertzea. Horretarako, Camposek gakoetako bat hezkuntza dela uste du. «Jendea kontzientziatu behar da, eta gizarte mailako konpromisoa hartu behar da».

Camposen arabera, telelanean aritzeak bestelako eztabaidak ere sortu ditu. Hasteko, aztertu beharko litzateke bakarrik bizi den pertsona batentzat zein neurritan izango den errentagarria. «Sentsibilizazioa garrantzitsua da, baina gauzak beste modu batera planteatzen hasi beharko ginateke, erronka zein den aztertu eta nola aurre egin dakiokeen eztabaidatzea da gakoa». Camposen arabera, soluzio bat kontsumoa mugatzea litzake, baina egun hori ezinezkoa dela deritzo. Halaber, ohartarazi du kontsumoa murrizteko prezioak igotzen badira baliabide gutxien dituzten pertsonak kanpoan geldituko liratekeela. «Energia oso garrantzitsua da pertsonen garapenerako, eta pertsona guztiek energiarako sarbidea izan dezaten prezio politika bat ezartzea aztertu beharko litzake, hala, baliabide gutxien dituzten pertsonak ere kontuan hartuz».

Greenpeace, «pozik»

Neurri askotan, Camposekin bat dator Adrian Fernandez, Espainiako Greenpeaceko Mugikortasun arduraduna. Erakundearen aldetik, telelanaren defendatzaile sutsuak dira. «Greenpeacen urteak igaro dira telelanean hasi ginenetik», azaldu du Fernandezek. «Konfinamendu garaian etxebizitzetako kontsumo energetikoa hazi bada ere, bulegoetan murriztutakoarekin luzaz konpentsatu da», ingurumenaren aldeko erakundeko kidearen arabera. Dioenez, telelanean ari den pertsonak kostu berriak izango ditu etxetik lan egitean, baina aurreztu ere egingo du: besteak beste, ez du gasolina edo garraio publikoa ordaindu behar izango. «Energiaren aldetik, balantzea positiboa da ingumenari dagokionez». Ziurtzat dute bulegoan kutsatzen dena askoz proportzio txikiagotan kutsatzen dela etxebizitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.