«Etsipen baten kronika da hau». Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzak dira, Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokorrarekin gertatu dena eta gertatzen ari dena definitzeko hitzak. Pantailak Euskaraz-ekin eta Hekimen elkartearekin batera egin zuen atzo agerraldia Kontseiluak, Donostian. Lege hori ez dela betetzen ari salatu zuten.
Sei hilabete igaro dira uztailean Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra indarrean sartu zenetik. Maiatzean onartu zuten. Legeak honako hauek betetzera behartzen ditu telebistak eta plataformak, besteak beste: hizkuntza koofizialetan kuotak ezartzea, eta diru sarreren ehuneko bat hizkuntza horietan egindako lanetarako erabiltzea. Dena dela, bai legea onartu aurretik, bai onartu ostean eragileek haren gabeziak ekarri zituzten hizpidera: kuota «testimonialak», «nahiko anekdotikoak» zirela; legearen helburuak benetan lortzeko «galduriko aukera» zela... Funtsean, hizkuntza gutxituak «ikusezin» bihurtzen zituela ikus-entzunezkoen lege berriak.
Plataforma batzuk hasi dira euskarara bikoiztutako eta azpidatziriko eduki gero eta gehiago gehitzen, baina euskalgintzako taldeen arabera, legearen atal batzuk ez dira betetzen ari. Hura onartu aurreko faseetan egin zituzten proposamenak hizkuntza gutxituen aldeko eragileek, nahiz eta azkenean «betebehar txiki batzuk» ezarri zizkien erakundeei eta plataformei. Hori bermatzeko gai ere ez da legea, «ezarritakoak ez betetzeko zirrikitu ugari zabalik» utzi baitzituzten.
Clan ikusten dute haurrek
Horiek horrela, Kontseiluak eta beste eragile euskaltzaleek Espainiako Gobernuari, RTVEri, Eusko Jaurlaritzari eta EITBri —baita streaming plataformei ere— eskatu diete legea betetzeko urratsak egiteko, «horrela ikus-entzunezkoetan euskarak duen presentzia handitzeko».
Oraindik ere bete gabe dauden atal horiek zerrendatu dituzte Kontseiluak, Pantailak Euskaraz-ek eta Hekimenek. «Batetik,RTVEk haurrentzako kateetan eta horien katalogoetan edukiak autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara bikoiztuta eskainiko dituela bermatuko du».
Bestetik, streaming plataformek «hizkuntza ofizialetara jadanik bikoiztuta edo azpidatzita dauden hizkuntza bertsioak txertatu beharko dituzte». Baina Eskisabelek azaldu zuenez, baldintza tekniko batzuen aitzakian horiek ez dira betetzen ari euskararen kasuan. Katalanezko film batzuk dira salbuespena.
Plataforma horiek «hizkuntza ofizialetan ekoiztutako, bikoiztutako edo azpidatzitako ikus-entzunezko edukiak nabarmendu beharko dituzte». Atal horiez gain, telebistak eta plataformak ez dira ezgaitasunak dituzten pertsonen ikus-entzunezkoetarako irisgarritasuna betetzen ari, Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailearen arabera.
RTVEren kasuan, Eskisabelek Uemaren azterketa bati egin zion erreferentzia: «Udalerri horietako lehen hezkuntzako ikasleek gehien ikusten duten kateaRTVEko Clan da». Datuak kezka eragin die. Izan ere, kate horretan eduki guztiak gaztelaniaz dira, nahiz eta legearen arabera 12 urtetik beherakoentzako edukiak euskaraz, katalanez eta galegoz ere eman behar dituzten.
Ez da ezer berririk urte erdiko hausnarketan: legea onartu zutenean ere, hizkuntza gutxituen aldeko hainbat talde EspainiakoKongresuaren parean bildu ziren. Aurretik, testua osatu bitartean egin zuten presio lana «erabakigarritzat» jo zuten. Emaitza, ordea, «oso eskasa» izan zen; legeak «eskubideen urraketa betikotu» zuela salatu zuten maiatzean Euskalgintzaren Kontseiluak,A Mesak, Plataforma per la Llenguak eta Iniciativa pol Asturianuk.
Kontseilua harremanetan dago hizkuntza gutxituetako eskubideen alde defentsan ari diren talde eta mugimenduekin, eta elkarrekin jardungo dute legea bete dadin. Eskisabelek azaldu zuenez,aztertzen ari dira zer egin daitekeen, eta zein izan daitekeen biderik egokiena. «Gainera, zinemaren legea ere badator, eta harremanetan ari gara nola jokatu aztertzeko».
Telebistek ez dutela legea betetzen salatu du euskalgintzak
Kontseiluak, Hekimenek eta Pantailak Euskaraz-ek legea betetzeko urratsak egiteko eskatu diete RTVEri, EITBri, Gasteizi eta Madrili
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu