MAITE DUT MAITE... TELEBISTA. Joseba Beloki. Txirrindulari ohia

«Telebistak beste aurpegi bat erakusteko beta eman dit»

«Harriduraz» hartu zuen ETB1eko 'Gure kasa' saioan kolaboratzaile aritzeko gonbita, eta esperientzia osoa ere oro har «sorpresaz beterik» egon dela dio. Beloki liluratuta utzi du telebistak.

RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Joseba Beloki (Lazkao, Gipuzkoa, 1973) txirrindulari profesionala izan zen 1998tik 2007ra. Ez edonolakoa, gainera; Miguel Indurainen atzetik, Frantziako Tourreko podium gehien lortu duen gizonezko euskal txirrindularia da. Kirolari lotutako saioetan ibili zen gero, irrati esatari. Orain, ordea, beste erronka bati ekin dio: kolaboratzaile lanetan ibili da aurten EITB1eko Gure kasa-n. Pantaila txikia beti eduki izan du piztuta etxean, baina azken urte honetan bat-bateko maitemina izan du telebistarekin.

Telebistan lan egin duzu azken urte honetan. Nolakoa izan da esperientzia?

Esperientzia oso polita izan da niretzat. Orain arte egin ditudan gauzek beti lotura zuzena eduki dute txirrindularitzarekin edo kirolarekin, eta hemen gauza ezberdinak egiteko aukera izan dut: elkarrizketak egin, gonbidatuen bila joan... Aspaldiko jendearen bila joatea ere oso aberasgarria izan da niretzat. Esan dezaket aurten egin dudan bide honetan Joseba desberdin bat ezagutu dudala.

Irratian esatari lanetan ere ibili zara. Zer ezberdintasun aurkitu duzu irratiaren eta telebistaren artean?

Irratiak distantzia bat ematen dizu. Estudioan ez zaitu inork ikusten, eta bertan gertatzen diren gauzez jendeak askotan ez du susmorik ere hartzen. Nik beti diot bertsolaritzaren antzerakoa dela: azken momentuan zerbait gertatu daiteke etaagian gidoiari buelta eman behar zaio, baina, ondo kontatuz gero eta jendeari gustatuz gero, ondo atera daiteke. Hori telebistan ez da gertatzen. Kanpoko lanetan ondo ibili nintzen; bisitan edo erreportaje bat egitera joaten nintzenean. Baina gero zuzenekoetan igartzen nuen ezberdintasuna: Joseba urduriago bat ikusten zen. Hala ere, lehenengo programa eta azkena ikusita, sekulako ezberdintasuna igartzen dut neure buruarengan.

Zer da telebistatik gehien gustatzen zaizuna?

Gauza ezberdinak egiteko aukera eman didala, eta baita nire beste aurpegi bat erakusteko aukera ere. Gainera, telebistan egin dudanak nire bizitza pertsonalerako ere balio izan dit, eta orokorrean esango nuke oso proiektu aberasgarria izan dela.

Eta telebistako gauzarik zailena?

Nire kasuan, behintzat, telebistara sartu nintzenean karpeta huts batekin nindoan; barruko orri guztiak hutsik zeuden. Ez neukan inolako esperientziarik pantaila txikian; beraz, lehenengo momentutik etengabe ikasten aritu naiz. Hala ere, pertsonalki oso pozik aritu naiz, egin dudan lana oso polita izan delako, energia positibo asko eman didana. Jende oso interesgarria ezagutu dut, eta lehendik ezagunak nituenak ere berriro ikusteko aukera eman dit. Finean, dena onerako izan da. Gauza txar bakarra esango nuke: bukatu egin dela.

Nolako sentsazioa izan duzu zeure burua telebistan ikustean?

Agian ariketa on bat izango litzateke neure burua ikustea, akatsez ohartu eta nik momentu bakoitzean sentitzen dudan hori pantailaren beste aldetik nola ikusten den jakiteko. Baina, egia esan, ez dut oso gustuko nire burua pantaila txikian ikustea.

Azkenaldian esan ohi da telebista zaharkituta dagoela jada. Zer esango zenioke telebistan lan egin nahi duen norbaiti?

Azken urteotan, telebistari buruzko irudia asko aldatu da. Guztiok ikusten dugu telebista industria potente moduan, baina orain beste formatu batzuk behar ditugula edo garrantzitsuagoak direla uste izaten dugu. Nik, ordea, uste dut sekulako garrantzia duela telebistak gure bizitzetan, eta konfinamenduan, esaterako, argi ikusi da hori. Gaur egun, telebistan produktu asko dago egiteko oraindik: sormen handia behar da. Gure kasa-n aritu naizenean, gehien harritu nauten gauzetako bat zera izan da: ikusten denaz gain, aurkezleez gain, hor atzean lantalde handi bat dagoela. Atzeko aldean dagoen sormen horrek garrantzi handia dauka. Pertsona asko daude hor lanean. Telebistari buelta bat eman behar zaiola uste dut, eta, gainera, jende asko dagoela orain horretarako prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.