Komunikazioa

Teknologiari eta gizarteari buruz irratsaio bat hasi dira egiten Ttan Ttakun irratian

'Hacktibismoa', teknologien erabilpena eta kulturan duen eragina aztertzen dute 'Taosa' saioan

Beñat Irasuegi, Unai Gorrotxategi eta Gorka Julio, Taosa saio berriko esatariak. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Donostiako Ttan Ttakun irrati libreak (FMko 106.8) teknologia berrien erabilpenaz hausnartzeko proposamen bat estreinatu berri du: Taosa. Ostegunetan ematen dute, 19:00etan. Eta FM bidez entzuteaz gain, zuzenean Interneten entzun daiteke http://ttanttakun.com gunean. Era berean, entzuleak irratsaioaren podcast-era harpidetu daitezke. «Saioak lizentzia librea duenez, beste edozein tokitan erabil eta emiti daiteke», diote saioko kideek. Jada proposamen batzuk jaso dituzte, eta datozen asteetan Arrosa sareko beste irrati batzuetan entzuteko modua izango da.

Gorka Julio, Unai Gorrotxategi eta Beñat Irasuegi dira programako gidariak, Bakalhau eta Blogsovieteko kideen laguntzarekin. «Parte hartzera erabat irekitako saioa izango da, eta irratian nahiz Interneten gai hauen inguruan esateko zerbait daukaten guztiak murgildu daitezke Taosa-n», azaldu dute esatariek.

Hacktibismoa, gizartea eta teknologia uztartzen dituen saioa da Taosa. «Itsasotik datorren behe laino lauso bat bezala jendartean zabaltzea da helburua». Teknologiari buruz hitz egingo dute, baina aspektu teknikoez baino gehiago, erabilpenaz, potentzialaz eta gizartean eta kulturan duen eraginaz. «Teknologia kultura eta ekonomia ere badenez, bi gai horiei garrantzi berezia emango diegu».

Musikak ere bere tartea izango du. Arreta berezia jarriko diote euskarazko eta gertuko musikari, musika libre eta berritzaileari. Horretarako, saio bakoitzean gutxienez hiru abesti entzuteko aukera izango da.

Taosa saioaren ekintzak Twitter sare sozialean ikus daitezke, @taosaioa-n. Baita http://status. blosoviet.com/taosa gunean ere. Entzule eta internautei parte hartzeko deia egin nahi diete, eta, horretarako, #taosa hashtag-a erabiltzeko proposatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.