Telesailak

Teknologiaren amildegiaren ertzean

‘Black Mirror’ telesaileko atal bakoitza autonomoa da, baina denek ideia bat dute oinarri: nolako ondorio larriak izan ditzakeen teknologia berrien erabilera txarrak. Zazpigarren denboraldia estreinatuko dute, eta ikuslearen garunak berriro dardarka utzi.

'Black Mirror' telesailaren fotograma bat. NETFLIX
'Black Mirror' telesailaren fotograma bat. NETFLIX
gaizka izagirre
2025eko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Charlie Brooker gidoilariak sortutako Black Mirror teknologiaren amildegira begiak kliskatu gabe begiratzera ausartzen den antologia berdingabea da; Netflixen estreinatuko dute zazpigarren denboraldia. Sei atalek osatuko dute, eta berriro helduko diete telesailaren sustraiei; teknologiak gizartean duen eraginari buruzko istorio aztoratzaile, ilun, satiriko eta gogoetatsuak erakutsiko ditu.

Atal bakoitzak istorio independente gisa funtzionatzen du; normalean, orainaldi alternatibo batean edo etorkizun hurbil batean girotuak daude, eta aurrerapen teknologikoek giza izaeraren alderdi ilunak islatzen —eta desitxuratzen— dituzte. Errealitatetik gero eta hurbilago dagoen etorkizun distopiko bat erakusten du. Zazpigarren denboraldia ez da salbuespena izango, teknologia inbaditzailea, oroitzapen manipulatuak,ospearen presioak eta halako gaiak arakatuko baititu.

Ikuslea deseroso sentiarazteko duen gaitasunagatik nabarmenduko da berriro ere telesaila, narratiba probokatzaile eta sarritan ezkor baten bidez, galdera deserosoak plazaratzen baititu.

Sei atal, sei istorio

Aurreko denboraldietan gertatu ohi zen moduan, denboraldi berria osatuko duten zati guztiek sakonera edo inpaktu bera lortzen ez badute ere, axolagabe utziko ez duten istorioak izango ditu oinarri.

Atal nabarmenetako bat Hotel Reverie izango da: zinema britainiarreko klasiko batek harrapatuta dagoen Hollywoodeko izar bat aurkezteko du. Istorio horretan, adimen artifizialak filmekoa imitatzen duen mundu bat birsortuko du, eta ihes egiteko modu bakarra ezarritako gidoiari jarraitzea izango da. Teknologiak errealitatea manipulatzeko duen gaitasuna islatuko du, eta ezbaian jarriko ditu fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak.

Denboraldi honetako unerik berezienetakoa laugarren denboraldiko USS Callister-en jarraipena izango da, 2017an telesailaren jarraitzaileen gogokoenetako bat bihurtu zen atala. USS Callister: Into Infinity izena duen jarraipen horrek spacecraft-aren tripulazioaren istorioari helduko dio berriro, orain Nanette Cole pertsonaia buru duela. Robert Daly jatorrizko atalaren antagonista hil ondoren, erronka berriei aurre egin beharko die. Charlie Brookerrek atal bati jarraipena ematen dion lehen aldia izango da hau. USS Callister-en sortutako unibertsoaren ahalmen narratiboari erantzuten dio erabaki horrek: zientzia fikziozko elementuak, pop kulturaren kritika satirikoa eta botere dinamikak uztartuko ditu.

Paul Giamatti aktore ezaguna buru dela, Eulogy atalak ere zeresana emango du; sistema berritzaile batean sartuko duten gizon bakartu baten rola jokatu du. Sistema horren bidez, argazki zaharren barruan sartuko dira erabiltzaileak, eta emozio indartsuak piztuko dira prozesuan.

Common People atalak, berriz, dilema moral latz bat planteatuko du: gizon batek teknologia aurreratu batera jo beharko du bere emaztearen bizitza salbatzeko, baina garestiegia izan daitekeen prezio bati aurre egin beharko dio.

Bête Noire kapituluak sukaldaritzaren eta zehazki gozogintzaren eremuan barneratuko du ikuslea. Bideojokoek ere izango dute euren tartea Plaything izeneko kapituluan.

FITXA

  • Sortzailea. Charlie Brooker. 
  • Herrialdea. Britainia Handia.
  • Aktoreak. Awkwafina, Milanka Brooks, Peter Capaldi, Emma Corrin, Paul Giamatti eta Lewis Gribben.
  • Urtea. 2025.
  • Non ikusi. Netflix.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Zientzia fikzioa, drama, thrillerra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.