Teknologia berrietan euskara sustatzeko azoka antolatu dute

Xare jaialdian kultura digitalaren inguruko ikastaro eta hitzaldiak egingo dira, Donostian, azaroaren 23an eta 24an

Eragin enpresak antolatu du azoka, Donostiako Udalaren eta Foru Aldundiaren laguntzarekin. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Informazioaren teknologia berriek gero eta presentzia handiagoa dute gizartean, eta euskarak badu lekua esparru horretan.Kultura digitalean euskararen erabilera bultzatu eta gizarteratzeko Xare azoka egingo dute Donostian. Azaroaren 23an eta 24an, Kursaaleko auditoriumean gaiari buruzko hitzaldiak, ikastaroak, lehiaketak eta jokoak antolatu dituzte. Gauetan kontzertuak izango dira. Sarrera doan da.

Nerea Txapartegi Donostiako Euskara eta Kultura delegatuak adierazi duenez, erabileraren eta ezagutzarekin batera, euskarak bizirik irauteko beharrezkoa da hizkuntzarekiko «konpromisoa» izatea. Konpromiso hori alor guztietan erakutsi behar da. «Euskarri berrietan euskara bermatu behar dugu. Iraganean egokituz joan den moduan, orain ere kultura digitalean bidea urratzen ari da», esan du. Gaineratu du euskarazko tresnak egon badaudela, baina ez direla aski ezagunak, eta, horregatik, gizarteratzeko lana egin behar dela.

Lore Martinez Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Saileko arduradunak honako hau esan du: «Internet herritarren ohiturak aldatu dituen iraultza ikaragarria izan da, eta iraultza hori euskaraz egin behar da». Aipatu du euskarak teknologia berriekin asko irabazten duela, baina teknologia berriek ere euskaraz asko irabazten dutela.

Eragin enpresak antolatuko du Xare azoka, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Komunikazioaren alorrean lan egiten du, eta Iñigo Martinez da ordezkaria. Gogora ekarri du ordenagailua erosi, eta bere kasa softwarea euskaraz instalatu behar izan duen euskalduna. «Teknologiako tresnetan euskarazko baliabideak badaude; erabiltzeko zailtasunak daude gero». Hori dela eta, jaialdiarekin batera, euskarazko software katalogoa argitaratuko dute.

Peter Thompsonen bisita

Hainbat hitzaldi eta mahai inguru egingo dituzte Kursaalean, besteak beste, egile eskubideei, finantzaketa kolektiboari eta sareko kontsumo eredu berriei buruzkoak. Gonbidatu berezi bat etorriko da: Erresuma Batuan PIAS musika banaketa enpresako zuzendari Peter Thompson. Iraultza digitalak musikaren negozioan eragindako aldaketez mintzatuko da.

Erakustaldiek osatuko dute egitarauaren beste zutoinetako bat. EHUn asmatutako robot bertsolariek kantatuko dute, eta software itzulpen saio praktiko bat egingo dute, eskarmentua duten hainbat pertsonaren laguntzarekin. «Gainera, bisitariek azokara ordenagailua eraman, eta euskaraz ahal bezainbeste konfiguratzen lagunduko diegu», esan du Martinezek. Linux da euskararen erabilera gehien bermatzen duen sistema eragilea.

Horrez gain, ikus-entzunezko emanaldiak eskainiko dituzte. RIP Remix Manifesto filma emango dute tartean. Egile eskubideen inguruko hausnarketa egiten du lanak. Gaztezulo III. Bideo lehiaketan parte hartu duten bideoak erakutsi eta sarituko dituzte, baita ere.

Ikasteko tartea ere izango da azokan. Soinu edizio digitalen ikastaroa eskainiko du Makalak, eta bideo jartzaileei oinarrizko zantzuak emango dizkie VJ Txo!-k. Multimedia instalazioetan bisitarien parte hartzea bultzatuko da. «Bjork musikariak ezagun egin duen instrumentu elektronikoa, reactable-a, jotzeko aukera egongo da», gaineratu du Martinezek. Mahai itxura du instrumentuak, eta ukimen pantailaren gainean gauzak jarrita soinuak ateratzen ditu.

Euskal Herrian Interneten inguruan garatu diren hainbat proiektu ezagutu ahal izango dira, bide batez, azokan.

Gauetan, Bukowski tabernan jarraituko du jaialdiak. Ostiral iluntzean, Illbilly Hitec taldeak reggae elektronikoa ekarriko du Alemaniatik eta Bad Sound System irundarrek joko dute atzetik. Larunbatean, Jupiter Jonen txanda iritsiko da. Kontzertuak ere doakoak izango dira.

Edonorentzat da azoka, baina antolatzaileek bereziki gazteei egin diete deia, eurak baitira IKTak gehien erabiltzen dituztenak.

Guk ere euskaraz izeneko kanpainaren barnean antolatu dute Xare jaialdia. Kanpainaren beste egitasmoetako bat San Telmo museoan azaroaren 16tik aurrera irekiko duten erakusketa izango da: Badu bada, euskara mundu eleanitzean. Gaur egungo aniztasunaren erdian euskararen gisako hizkuntza txiki batek bizirik irauteko dituen zailtasunez gogoeta egitera bultzatu nahi du erakusketak. Abenduaren 3ko Euskararen Eguna izango da kanpainaren ardatza. Auzoek inoiz baino protagonismo handiagoa izango dute aurten.Abian jarriko da egun horretan ere Kutxa Ekoguneak antolatutako euskararen jinkana lehiaketa. Internet bidez izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.