Arantza Lauzirika. EHUko Arte Ederretako irakaslea

«Teknologia berriek teknikoki atzerapausoak eragin dituzte»

Teknologia garatzeak ez du esan nahi horiekin lan egiteko teknikak berarekin garatzen direnik. Gaur egun, edizio konplexuak baino gehiago, zinemaren hastapenean egiten ziren plano sekuentzia luzeak erabiltzen dira, eta horixe aztertu du Lauzirikak.

EHU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2013ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Teknologiak gero eta gehiago garatzen ari diren arren, artearen eta ikus-entzunezkoen esparruan iraganeko teknikak asko erabiltzen dira oraindik. Esaterako, iraupen luzeko grabazioen erabilera areagotzen ari da. «Zinemaren hastapenetan asko erabiltzen zen, eta oraindik erabiltzen da teknika hori ». Eta Arantza Lauzirika (Barakaldo, 1964) EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasleak fenomeno hori aztertu du egin berri duen tesian: Mugak, jardunbide artistiko bisualerako sormen ardatz. Irudi ekoizpenen sorrerara itzulera bidean, teknologiaren ezagutza eta erabileraren ondotik. «Ikasleek uste dute zenbat eta baliabide teknologiko gehiagorekin orduan eta lan hobeak egiten direla, akats denak konpon daitezkeelako. Baina teknologiak baliabide onak eskaintzen ditu zer egin nahi dugun baldin badakigu», dio Lauzirikak. Horregatik, gaur egungo teknologiak eta iraganeko teknikak uztartzen dituzten adibideen bila aritu da Lauzirika, ikasleei erakusteko. Azkenean, tesi bat egiteko adina material bildu du.

Teknologia garatzen ari bada ere, zergatik jarraitzen da antzinako teknikekin lanean?

Askotan, atentzioa deitzeko. Irudien inbasioa dago gaur egun, eta arreta erakartzea zaila egiten da. Horregatik, artistek, publizitate eragileek, bideoklipen egileek edo irudiarekin lan egiten dutenek antzinako teknikak asko erabiltzen dituzte. Plano asko dituen bideo pista bat egin beharreanplano sekuentzia bakar batean filmatuz gero, arreta zureganatu dezakezu. Baina hautu hori ez da horregatik bakarrik hartzen, nostalgiagatik ere hartzen da, edo teknologiaren mugak ulertu nahi ez dituen egileak daudelako.

Lehengo baliabideak gaur egun erabiltzeak, ordea, beste ikuspegi bat emango die pieza horiei...

Gauzak ez dira lehengo moduan egiten, noski. Nahiz eta baliabideak berdinak diren. Beste modu batean berreskuratu dira, gauza berriak sartu direlako tartean. Gaur egun, oso iraupen luzeko lanak daude. Adibidez, The Clock (Erlojua) aipa daiteke. Denborari buruz hitz egiten duten pelikulen zatiekin osatutako iraupen luzeko bideo bat da. Zehatzago esatearren, 24 orduko pelikula bat da, orduarekin batera doana. Hor plano sekuentzia bakar bat erabiltzen da, hau da, lehengo teknika erabiltzen da, baina hasierako zineman ez da 24 orduko plano sekuentziarik egin. Teknika horretara itzultzen bada, egileak horren interesa duelako itzultzen da. Beraz, ezberdinak dira lehen egiten ziren plano sekuentziak eta gaur egiten direnak, noski.

Sakelakoen erabilerak, esaterako, arima hori izan dezake? Sekuentzia bakar bateko bideoak egiten dira...

Teknologia berriek atzera itzultzea eragin dute zentzu askotan. Aspalditik ezagutzen genituen bideoak muntatzeko tresnak, baina ez dira guztion esku egon. Baina kamerak dauzkaten sakelako telefonoak jendearengana iritsi direnean, bideoak grabatzea askoz errazagoa bihurtu da. Baina editatu ezin direnez, bere horretan partekatzen dira sarean edo lagunekin. Horrek atzerakada bat sortu du, teknologia aurrera badoa ere. Beraz, ohiko bihurtze horrek atzera egitea ekar dezake tekniken inguruan. Ondorioz, festibal asko sortu dira: sakelako telefonoekin grabatutako minutu bateko bideoak, plano sekuentzian grabatzen diren jaialdiak, eta abar. Hori guztia sortu da sakelakoak ohikoak bihurtu direnean. Bide horretan, ezaugarri asko daude atzerakada hori egiteko.

Ezin esan xelebrea ez denik: teknologia garatu da, baina teknikak atzera egin du.

Bai. Sortzen diren gailuak gero eta hobeak badira ere, beti badute etaparen bat atzera. Adibidez, erresoluzio handiko irudiak aspalditik ezagutzen ditugu, baina Internetek irudiaren kalitatea alboratu egin du, bideoa ahal bezainbeste zabaltzearren. Gero eta erresoluzio txikiagoko irudiak jartzen dira Interneten. Hori dela eta, aldaketa egon da, baita telebistan ere.Lehen, telebistan emititzeko bideo batek gutxieneko kalitate maila bat behar zuen. Gaur egun ez dago horrelakorik. Gero eta gehiagotan emititzen dira sakelakoekin grabatutako irudiak. Beraz, kazetariaren papera ere aldatu da. Axola duena informazioa da, ez kalitatea. Teknologiak aurrera egiten du, baina irudiak gero eta kalitate eskasagoa du, informazioak interes handiagoa duelako. Hori, interesgarria da, profesionaltasuna galdu baita ahalik eta jende gehienengana iristeko.

Horrek artean zer eragin izan dezake?

Arteak beti sortu ditu joerak. Lehen, irudiaren kalitateari balioa ematen zitzaion, baina kaleko joera xurgatu egin du. Hainbat egilek nahiago dute euren lana Interneten jarri eta jende askok ikustea. Are gehiago, Interneterako lan egiten dute, eta ez zaie axola kalitate eskasagoa izatea.

Ikusleen pertzepzioa ere aldatuko zen. Nola?

Gauza bitxiak gertatzen ari dira. Hainbat hiritan museoak zabaldu dira turismo kulturala sustatzeko, baliabide ekonomiko bezala. Halako museoetan egiten diren erakusketetan, artelan asko daude, eta jendeak ez die denborarik eskaintzen artelanei. Gelaz gela igarotzen dira, eta zerbait interesatzen zaienean gelditu egiten dira. Aldaketa nabarmena da, artea kontenplatzeko zerbait baitzen orain arte. Zentzu hori galdu egin du. Ez dago kontenplatzeko denborarik, ikusi egiten dugu. Baina, era berean, kontrakoa ere gertatu da: museo horietan, denbora gehien eskaintzen zaien piezak bideoak izan ohi dira. Askotan, gainera, plano bakarreko sekuentziak izaten dira. Irudi bat da, eta irudi horrek aldaketa bat dauka plano horren barruan. Ikusten duzunean, ia-ia koadro bat dirudi, eta koadro horrek mugimendua dauka, eta horrek harrapatzen du jendea, eta ea zer gertatzen den ikustera gelditzen da. Orduan, horiek, denbora labur batean bada ere, arreta bereganatzen dute. Beraz, pinturei denbora gutxiago eskaintzen zaie, eta hor galdu den kontenplazio hori bideoetara igaro dela esan daiteke.

Horrek arteari eragingo zion...

Askotan, artean gertatzen denak ez du zerikusirik museoan gertatzen denarekin. Baina bai, azken boladako artistek irudia erabiltzen dute erregistro modura. Orain inguruarekin eta testuinguruarekin harremana dute, interbentzioa espazio publikoan egiten dute, eta abar. Eta horietarako beti erabiltzen dira bideoak edo argazkiak. Eta hori pieza bihurtzen da. Beraz, eguneroko bizian irudia normala den bezala, artean ere irudiaren erabilera nahiko normalizatuta dago. Ia dependentzia bat dago. Azkenean, tesian hori egiten dut, irudiak erregistratzeko baliabideen garapena aztertu, eta gaur egun zein egoeratan dagoen ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.