Gizarteko protagonista handienetako bat bilakatu da adimen artifiziala azkeneko urteetan. Hala ere, askok oraindik ez dakite lagun edo etsai moduan hartu behar ote den. Orain auzia bolo-bolo dabilen arren, lehenagotik hasiak ziren adimen artifiziala garatzen; horren erakusgarri, Unai Elordik (Tolosa, Gipuzkoa, 1985) hamabost urte inguru daramatza harekin lanean. ChatGPTrekin edo argazkiekin lotzen den arren, teknologia hori bizitzako arlo askotan da erabilgarria gaur egun. Eta, hain zuzen, komunikazioan nola erabil daitekeen aztertzeko, Nortasuna Sarean jardunaldiak egingo dituzte bihar, Donostiako San Telmo museoan, 18:30ean hasita.
Zergatik nagusitu da beldurra adimen artifizialaren inguruan?
Kontrol faltagatik. Mezu asko jaso ditugu azkeneko urteetan, informazio asko. Horrek presa sentsazioa eragiten du, eta, era berean, atzean gelditzeko beldurra. Adimen artifiziala olatu bat da, eta olatura sartzeko ausardia behar da.
Informazio nahikoa dauka gizarteak gaur egun?
Ez. Adimen artifizialaren posibilitateak azaltzen dira normalean, hau da, nik norbaiti azaltzen badiot zer aurrerapen lor ditzakegun, segur aski pentsatuko du adimen artifiziala hitz egin edo pentsatzeko gai dela. Mundu hori kontzeptu eta gauza oso teknikoek inguratzen dute, gehienbat, eta horri buruzko informazioa bilatuz gero, Interneten adibidez, ito egiten zara, eduki gehiegi dagoelako, eta ez dakizulako nondik hasi.
Gauza berria dirudi adimen artifizialak.
Bai, pertzepzio hori dago. Baina gaur egungo teknologiak duela hamabost urte inguru hasitako ikerketen emaitza dira. Horregatik, badirudi salto oso handia egin dugula, dena bat-batean agertu dela, eta horregatik hedatu da kezka gizartean. Aldaketen beldur izaten gara askotan.
Onerako aldaketa bat da adimen artifiziala?
Adimen artifizialaren definizioari ikuspuntu askotatik heldu diezaiokegu. Tresna bat da, guk makinei autonomia handiagoa emateko. Giza arrazoinamendua emulatu dezakegu, makinen bidez gauza koherenteak egiteko. Horren guztiaren arrazoia produktibitatea hobetzea da, gu geu produktiboak izatea.
Lanpostuak kenduko ditu adimen artifizialak?
Hori esaten da beti. Baina Darwinek esan zuen moduan, egokitzeko gaitasuna dutenek bizirik iraungo dute, eta guk, gizakiak izanda, adimen artifizialak baino gaitasun gehiago ditugu. Beti alderatu izan dugu geure burua teknologiarekin, baina ez dugu zertan egin. Korrika egiten dugunean, ez dugu geure burua autoekin alderatzen; bada, berdin egin beharko genuke adimen artifizialarekin. Erabilera da garrantzitsuena, eta, egoki erabiliz gero, autonomia eta produktibitate handiagoa emango dizkigu.
Gizarteko edozein arlotara egokitu daiteke adimen artifiziala?
Bai. Azken finean, metodologia estatistiko bat da, eta edonora moldatu dezakegu. Gaur egun, adibidez, oso ohikoa da minbizia detektatzeko erabiltzea, eta gizartean oso ontzat jo da erabilera hori. Jendeak, ordea, errefusatu egin ditu beste erabilera batzuk.
Adimen artifizialarekin bizitzen ikasi behar du gizarteak, beraz.
Bai, baina desberdintzen ere ikasi behar dugu. Lehen esan dudan moduan, gizakia emulatzeko sortzen dugu teknologia hori, baina oso zaila izango da gure bihotzetara iristea. Musikan ikus daiteke hori argiago. Oso zaila da musika klasikoak eragiten dizun sentsazioa adimen artifizialak sentiaraztea. Edo artean, berdin. Horregatik, uste du adimen artifizialaren artea eta gizakiarena elkarrekin bizi daitezkeela, baina bata bestearengandik desberdintzen jakinda. Teknologia azkar doa, eta gogoetak harekin batera joan behar du.
Biharko jardunaldian komunikazioari erreparatuko zaio. Nola eragingo du adimen artifizialak komunikazio munduan?
Lehen esan dudan moduan, produktibitatean. Hainbat abantaila emango dizkigu. Adibidez, askotan orri zuri baten aurrean gelditzen gara, nola hasi ez dakigula. Hor laguntza handia izan daiteke adimen artifiziala. Idazketa prozesua handitu, hobetu eta ugaritu dezake, baita komunikazio estrategiak antolatu ere, adibidez.
Nolakoa izango da biharko eguna?
Batetik, bi hitzaldi egongo dira. Bata nirea eta bestea Maitane Urrutikoetxearena. Nik adimen artifiziala azalduko dut gehienbat, eta Maitanek komunikazioan izan ditzakeen erabilerak. Lehen aipatutakoaren harira, ni olatuaz arituko naiz, eta Maitane, olatua hartzeko behar ditugun surf oholez. Ondoren, Edurne Atutxa, Endika Barrenetxea eta Goiatz Oiartzabalek mahai inguru bat egingo dute. Hirurek adimen artifizialari lotutako proiektuak garatu dituzte azken urteetan.
Beharrezkoak dira horrelako egitasmoak?
Hala da. Galdera askori erantzutea da biharko helburua. Gainera, informazio fluxu erraldoia dugun honetan, edukia segmentatua eta antolatua jasotzea gauza handia da.
Jendearekin adimen artifizialari buruz hitz egitean, iruditzen zaizu bestea konbentzitzen saiatzen ari zarela?
Konbentzitu baino gehiago, lagundu egin nahi izaten diot. Gizakia erabaki hau hartzera lagundu nahi dut, eta horrek karga bat sortzen dit. Nire hitzen preso bilakatzen naiz hitz egiten dudanean, nik ez dakit-eta adimen artifiziala zertarako erabiliko den edo zer bilakaera izango duen hamar urte barru; ez dakit onerako edo txarrerako izango den.
LOTSABAKOGehien erabiltzen duzun AAko tresna? Bing Chat.
Aholku bat AAren inguruan? Hausnartu.
Liburu bat? Dorian Greyren erretratua. Euskal Herriko txokoren bat? Saturraran hondartza.