Asko hitz egiten duen arren, ez zioten horregatik jarri Txapas ezizena Iñaki Elorzari (Azpeitia, Gipuzkoa, 1952). Txapalangarra deitzen zioten Lodosako (Nafarroa) gerrillari Joaquin de Pablorengatik datorkio ezizena; Kixote deitzen zioten Literaturako irakasle batek jarri zion. Harro onartzen du, ordea, eta gustatu ere gustatzen zaio istorioa kontatzea. Euskadi Irratian hasieratik ibilia, gutxi izango dira haren ahotsa entzun eta ezagutuko ez dutenak. Azken lan egunak ditu, ordea, uztailaren 14an hartuko baitu erretiroa, sanferminetako Gaixoa ni-rekin batera.
Kiroletako hainbat kontzeptu euskarara ekarriak dituzu: istorio bitxi bat omen da erantzulea.
1980an, maiatzaren bukaeran, Joxe Angel Iribarri omenaldia egin zioten; garai hartako 11 milioi eta 700.000 pezeta edo bildu ziren. Gauza bat segurua da: Azpeitian hiru etxe eder erosteko ematen zuen diru hark. Iribarrek, ordea, diru hori eman zuen kirola euskaraz egin zedin, zeren orduan ez zen ezer egiten: ez komunikabideetan, ez kalean; denok gaztelaniazko hitzak erabiltzen genituen. Miramongo itzultzaile eskolan nengoen ordurako, etaJaxinto Setienek niri deitu zidan lan horretarako. Iribarren inguruak ez zekien hori nola bideratu, hau basamortu bat baitzen, eta UZEIra jo zuen Iribarrek: UZEIk kanpora atera zuen produktua, eta Gordailu argitaletxeari eman zion lana.
Ordurako Herri Irratian zinen?
Ez, ez. Setienek bazekien kirolzalea nintzela, eta edozein tokitara joaten nintzela kirolagatik. Esan zidan: «Futbol partidak euskaraz eman behar hituzke: balio duk horretarako». 1980 amaiera aldera Atotxara joan nintzen Gordailun genuen magnetofono xahar batekin, eta partida grabatu nuen. «Oso ondo zagok! Honek erdaren beldurrik ez zeukak!». Beti botatzen zuen halakoren bat Jaxintok, jarraitzera animatzeko. Igandero egiten nuen, baina beti niretzat edo guretzat.
Noiz hasi zinen, orduan?
1981eko hasieran izango zen: Eusko Jaurlaritzak Herri Irratiarekin akordio bat egin zuen, sei ordu euskaraz egiteko: musika programak, albisteak eta kirolak. Sei ordu horien arduraduna zen gero Euskadi Irratiko zuzendari izango zen Joxe Mari Otermin: ez dakit nola, enteratu zen bazegoela norbait futbola bere buruarentzat eta euskaraz grabatzen zuena [barreak]. Ordurako, hasia zen irrati-telebistarako eskola: berdin zen esatari, bikoizle... Han ere sartu nintzen. Gordailun eta eskola hartan nengoela, Oterminek deitu zidan, grabazio bat eskatuz. Eraman nion, entzuten hasi zen, eta esan zidan: «Irratian lan egin nahi al duk?». Eta nik baietz.
Ez zenuen duda gehiegi egin.
Batere ez. Realak etxean jokatzen zuenetan, gazteleraz eta euskaraz ematen genuen Joxean Alkortak eta biok. Hura oso ondo egon zen, zeren ordura arte hemengo jende guztiak belarria gaztelerara eginda zeukan. Elkarrizketak egiten genituenean, segituan konturatu ginen: edozein kirolarirekin hitz egin, eta topiko guztiak gazteleraz zekizkiten: «Hau nola esango dut, ba, euskaraz?». Alkortak eta biok saioa elkarrekin eginda, gazteleraz baino ez zekienari ez zion gehiegi molestatuko euskaraz aritzeak, eta euskaraz zekienari pixkanaka-pixkanaka joango zitzaion euskara sartzen. Dena kolpetik euskaraz egin izan bagenu, haientzat arrotza izango zen: atezaina, marrazaina, erasoa, esparrua... Hala hasi ginen.
Zer moduz moldatu zinen?
Urtebete pasatxon, denetik egin nuen: albisteak, futbola, pilota, arrauna... Arraunean, gainera, akordatzen naiz nire lehenengo zuzeneko kontakizuna zeinekin egin nuen: Mikel Albisu Antza-rekin.
Nolatan?
Hura ere irrati-telebistako eskolan zebilen. Nire ustez, oso gaizki egin genuen, eta irratiko jendearentzat, berriz, oso ondo. «Lehenengo eguna izateko, zein ondo egin duzuen!», esan ziguten [barreak]. Getarian [Gipuzkoa] geunden: Mikel punta batean zegoen, goian, eta ni, itsasertzean. Mikeli hitza eman, eta hark niri, eta ni, ez dakit zergatik, ez nintzen sartzen. Hamabost bat minutu eman zituen esaten, ni sar nendin: «Aurrera, Iñaki Elorza». Halako batean sartu nintzen, eta hortik aurrera ondo joan zen.
Kirol esparruko hitzak euskarara ekartzeak balio izan zuen euskaldunen belarriak ohitu zitezen, baina badira belaunaldi batzuk hitz horiek betidanik ezagutu dituztenak.
Horiekin jaio dira. Eta, hala ere, oraindik, kalean, jendeak porteroa esango du, baina denek dakite atezaina-k zer esan nahi duen.
Nola moldatu zineten hitz horiek euskarara ekartzen?
Munduan kirol hiztegi asko zegoen, eta guk derrigor erabili behar genituen: jakin behar genuen hitz bat edo beste zergatik erabili; testuingurua behar genuen. Akordatzen naiz, adibidez, boxeoan, gazteleraz nola esaten duten «segundos fuera»: segundo horrek laguntzaileari egiten dio erreferentzia, ez denborari. Beraz, laguntzailea kanpora, behar du. Edo, igeriketan, «braza»: Portugalen eta Brasilen badute igeriketarako tradizioa, eta han «sanado do pecho» esaten dute: bular estiloan, alegia. Beste hizkuntzen laguntza aberasgarria izan zen.
Nolakoa zen garai hartan irratian lan egitea?
Ederra. Basarri, Joxe Mari Iriondo, Karmelo Otaegi, Joxe Mari Otermin, Txaro Arteaga... Haiek denak miresten nituen, eta bat-batean, horren atzetik ibili gabe, haiekin batera ibili nintzen. Jendearekin egotea ere asko gustatu izan zait beti, beti izan dut kirolerako zaletasuna —bai egiteko, bai jarraitzeko—. Beti pentsatu izan dut pribilegiatu bat izan naizela. Askok esan izan didate nirea ez dela lana, baina nirea lana da, nahiz eta oso gustura egiten dudan. Astelehenean saio bat baldin badaukat, astebete lehenago hasi behar dut pentsatzen zer sartuko dudan, zergatik...
Lan egiteko beste modu bat, ez?
Bai, ez da behin ere hasten, ez da behin ere bukatzen: beti zaude buruari bueltak ematen.
Magnetofonoa aipatu duzu: nola aldatu da lanbidea teknikoki?
Horrek badu abantaila handi bat, eta sekulako desabantaila bat. Gaur egungo bitartekorik ez zegoenean, derrigortuta zeunden frontoira joan eta denekin egotera: pilotariekin, enpresariekin, artekariekin, zaleekin, tabernariekin... Gaur, dena ez, baina asko eskura ematen dizute: informazioa Internetez bidaltzen dute, partida telebistaz ematen, eta komunikabide askotako kazetariak ez dira partidatara joaten. Lehen, denok joaten ginen Iruñera, Eibarrera, Bergarara [Gipuzkoa]... Gaur egun, ez. Teknikak eman digun aurrerapena atzerapausoa izan da harremanetarako; pena ematen dit.
Zer galtzen da, zuzeneko kontaktua mozten denean?
Egia da teknologiak asko errazten duela lana, baina jakinduria gehiago izango duzu, baldin eta zuzenean eragileekin baldin bazaude. Elkarrizketatuek, telefonoz, nahi dutena kontatuko dizute, baina ondoan dauzkazunean beste kontu bat da. Gure ofizioan, kazetaririk onena da agendarik onena duena, kontaktu zuzenak dituena. Horretarako, aurrez aurre egon beharra dago: erredakzioan egonda, ez dago agendarik.
Hemeroteka lan handia egin duzu: zenbat leku hartzen dizu?
Asko. Dena, gainera, paperean daukat. Orain 30 urte hasi nintzen, eta orduan ez zeneukan informazioa lainoan gordetzeko modurik; badakit datu horiek denak banan-banan pasatu beharko ditudala. Futboleko datuak erraz asko lor ditzakezu sarean, baina pilotakoak ez daude inon. Norbaitek nik daukadana lortu nahi badu, oparitu egin beharko diot, edo berriro hasi beharko du, 1940tik aurrera.
Kalean eta bulegoan aritu zara, kirol saileko arduradun izan baitzinen urte luzez; zer nahiago?
Kalea, derrigor. Bulegoan nengoenean ere kalean aritzen nintzen, batak ez zuen bestea kentzen, baina nik kalea behar dut derrigor. Nahiago dut 11 ordu lan egin kalean, erredakzioan zortzi sartu baino. Kalea behar dut: arnasa, argia, haizea, jendea... Biek dituzte esker oneko zein txarreko lanak. Arduraduna izatea ez da erraza, jendea daukazulako goian zein behean, baina ahalegindu naiz, niretzat bainoago, etxeari gehien komeni zitzaiona egiten.
Sanferminetako dianak eta entzierroak eman dituzu 25 urtez: Pamplonesakoek faltan izango zaituzte hurrengo urtean.
Aurtengoa azkena izango da, bai. Iazkoa izan zitekeen, baina ez nengoen prestatuta, eta beste urtebetez jarraitzea pentsatu nuen. Ez dago ondo nik esatea, baina beraiek esaten dute: garai batean ez zen inor joaten dianetara; batzuek ez zekiten dianak zeudenik ere. Niri hainbeste gustatzen zitzaizkidan, 1993az geroztik jaso ditudala. Urte guztiko harremana egin dut beraiekin.
Iaz, ez: aurten, prest zaude?
Jendeak, normalean, idealizatu egiten du erretiroa. Nik ez neukan presarik: gorputzak eskatu bitartean jarraitzeko asmoa neukan. Iaz, dudak neuzkan; aurten, batere ez: eguna jarria dago, uztailaren 14a, eta ez dakit gero zer pasatuko den, baina badakit egun oso berezia izango dela. Dena izango da azkena: azken diana, azken programa, azken pilota partida... Baina denak lagunekin egingo ditut, eta hori beti da goxoagoa.
Zer eman dizu irratiak?
Dena. Betidanik izan naiz oso irratizalea. Esnatu orduko irratia pizten dut, eta gauean irratiarekin hartzen dut lo. Eguneroko bizitzan poza ematen zidan lehen, eta orain, are gehiago. Jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Pribilegiatu bat izan naiz, eta naiz, irratiarekin. Euskara lantzeko zortea eduki nuen, eta abantaila handia izan dut, landutakoak nik neuk erabil bainitzakeen. Iribarrekin beti egongo naiz zorretan: ez dakit jarri zuen diru horrek nahi zuen guztirako eman zuen, baina beti esango dut gaur egun daukaguna hari esker daukagula.
Zenbateraino baldintzatu du zure bizitza kazetari izateak?
Gauza asko eman eta kendu dizkit. 38 urte eta erdiz aritu naiz ostiral, larunbat eta igande guztietan lanean. Horrek asko ateratzen zaitu zure egunerokotik, bai etxetik, bai lagun artetik: alde onak ere asko dauzka, baina nire kasuan, badakit bidesari handia ordaindu dudala. Eta, hala ere, konpentsatu dit, ez noa kontrakoa esatera.
Iñaki Elorza 'Txapas'. Irrati esataria
«Teknikak eman digun aurrerapena atzerapausoa izan da harremanetarako»
Aurtengoak izango ditu azken sanferminak Elorzak, erretiroa hartzear baita: uztailaren 14ko 'Gaixoa ni' berezia izango da harentzat, festak ez ezik lan garaia ere bukatuko baitzaio. «Pribilegiatua» dela dio, irratia maite eta ogibide izan duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu