Esprai beltzaren tinta eskuetan duela sartu da Jon Andoni Martin (Azkoitia, Gipuzkoa, 1964) Elgoibarko kultur etxeko gelan (Gipuzkoa). «Kameraren barruan gaude orain», esan du, eta berak eraikitako argazki kamera erakutsi: lente bat dago atean, eta pareko kristalean islatuta ikusten da kultur etxearen kanpoaldea, buruz behera. Argia piztu, eta ikusgai jarri du erakusketa: kolodioi hezearen eta dagerrotipoen teknikarekin ateratako argazkiak dira.
Nola ateratzen dira argazkiak kameran klik egin gabe?
Bi zati ditu erakusketak: dagerrotipoa batetik, eta kolodioi hezea bestetik. Dagerrotipoa izan zen argazkigintzako lehen teknika, eta, kolodioia hirugarrena. Atean objektibo bat jarri, dena itxi, eta gu kamera barruan gelditzen gara. Plaka horrekin atzera eta aurrera egiten dugu, fokuratzea egiteko.
Eta gero?
Hamar edo hamabost minutu ditugu argazki bat ateratzeko. Prozesu osoa kolodioia bustita dagoen bitartean egin behar da. Lehortzen bada, hondatu egiten da. Gero, prozesu osoa hasten da. Gauza asko dira: gai kimiko asko erabili behar dira irudia lortu arte.
Prozesu oso kimikoa da, eta eskuz egina, orduan.
Bai, nik gai kimikoak hamabost egun lehenago prestatu behar ditut, gero lanean hasteko. Ezin ditut goizean hartu eta berehala hasi. Gai kimikoak eros daitezke, baina nik eskuz egiten ditut, eskuak zikintzea gustatzen zait.
Horregatik dituzu eskuak belztuta...
Bai, izugarri gustatzen zait prozesua, eta dena neronek egitea.
Argazkilaria da prozesu osoaren arduraduna, beraz?
Dena argazkilariak kontrolatzen du, bai. Zerbait gaizki egiten baduzu, berriro ere hasi behar duzu, hutsetik. Bigarren pausoan huts egitea hobe da zortzigarrenean egitea baino. Oso nekeza da, baina oso ederra, eta ikusteko mundiala. Teknika honekin, jendearen arima ateratzen da argazkietan, argazkian ateratzen den horren barrua.
Zerk bereizten ditu argazkiak?
Guk baino gehiago ikusteko gaitasuna du kolodioiak: detaileak, mantxak... ez dira ikusten argazki normal batean, baina, hemen, daukan gardentasuna dela eta, hautematen dira. Zenbat eta gehiago gerturatu, orduan eta detaile gehiago ikusten dira, gainera. Gertatu zait adinekoek argazkietan arraro ikustea beren burua, zimurrak gehiago igartzen zaizkielako, adibidez, edo itzalak egiten dituelako...
Teknika horrek argazkilaritza demokratizatu zuela diote. Zergatik?
Dagerrotipoa ezin zen kopiatu, eta oso garestia zen. Kolodioi hezea, berriz, merkeagoa zen, eta kopiak egin zitezkeen. Jende gehiago hasi zen argazkiak ateratzen.
Eta zu, noiz hasi zinen horretan?
Beti ibili naiz erretratuen munduan. Hasieran, analogikoarekin hasi nintzen; gero, digitalera pasatu nintzen, argazkilaritzaren panazea zela pentsatuta. Halako batean konturatu nintzen ez ninduela betetzen: egun osoa pasatzen nuen argazkiak ateratzen, deskargatzen, editatzen... 24 orduz egoten nintzen ordenagailuari begira.
Zerk erakarri zintuen?
Deskantsuak, batik bat. Egun osoa pasatu dezaket orain estudioan, baina etxera joaten naiz gero, eta familiarekin egon; irteten naizenean, ahaztu egiten naiz argazkiez. Lehen, beti kamera gainean nuela ibiltzen nintzen. Eta, gero, misterio hori: zer aterako da, eta zer ez? Teknika moduan izugarria da: arima betetzen dit. Argazki bat egiten dudan aldiro, lehen aldia izango balitz bezala urduritzen naiz.
Material birziklatuekin ere egin izan dituzu kamerak (kalabaza lehorrak, pospolo kaxak...), eta, gero, erakusketak jarri. Zure pasioa da?
Nire pasioa da, bai. Ni, bizi, ostalaritzatik bizi naiz. Honekin dirua galdu besterik ez dut egiten [barrez].
LOTSABAKO
Argazkiak, zuri-beltzean ala koloretan?
Zuri-beltzean.Kamera mota bat?
Formatu handikoa.Erretratuak ala paisaiak?
Erretratuak.