ATZEKOZ AURRERA. Juan Ignacio Codina. Historialaria eta kazetaria

«Tauromakia estatu kolpe motela izan da»

Zezenketen kontrako pentsamoldea ez da gaur egun boladan dagoen zerbait, Codinak esan duenez: «Ez dago 800 urte irauten duen boladarik». Liburu batean bildu du pentsamolde horren historia.

IÑIGO URIZ /FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako pentsamendu antitaurinoaren historia aztertu zuen doktoretza tesian, eta, orain, dibulgazio lanetan dabil, Pan y toros liburua idatzita (Ogia eta zezenak). Juan Ignacio Codinak (Ferrol, Galizia, 1971) aurkezpena egin du Iruñeko Katakrak liburu dendan, Iruñe Antitaurinoak gonbidaturik.

Ogiaren eta futbolaren garaian, ogia eta zezenak?

Zalantzarik gabe. Zezenketak, Espainiako ondare artistiko kultural izatetik urruti, praktikan, botere faktikoek erabili duten tresna bat izan da, futbola bezala, jendea ergeltzeko. Monarkiak, Elizak eta botere ekonomikoek ez zuten nahi herriak pentsamendu kritikoa garatzerik.

Egun ere opio dira zezenketak, nahiz eta publiko gutxiago izan?

Bai, bai, heziketaren kontrako fenomeno horrek hor jarraitzen du. Herri txiki eta ertainetan ikusten dugu batez ere, udako bestetan. Jendeak entzierro, zezenketa eta zekorketetan pentsatzen du, tradizionalki alkohol kontsumoarekin loturik, gehiegikeriarekin. Ikuskizun taurinoak alkoholari eta kale istiluei loturik egon dira. Egun,badaude beste distrakzio batzuk, baina tauromakia opioa da oraindik.

Pentsamendu antitaurinoaren lehenbiziko adierazpenak XIII. mendekoak dira. Oso motel doa afera?

Botereak herria horrekin asebete du. Ez dut esan nahi herritarrek ez dutenik inolako ardurarik, baina besterik ez zegoen. Tauromakiarekin, estatu kolpea egin da kamera motelean. Harria pitzatzen duen tanta bezala. Hori da arrazoietako bat. Horretaz ongi jabetu zen PSOE, eta haren kontra borrokatu zen.

Baina 1990eko urteetan 14 urtetik beherakoek zezenketetara joateko zuten debekua bertan behera utzi zuen PSOEk.

Harrigarria da. Trantsizioaren ondoren, PSOE [Espainian] gobernatzen hasi zen, eta tresna hori aprobetxatuko zuten. Gainera, frankismoan ikuskizun nazional handiaren zigilua jarri zioten. Bestalde, agian zezenzaleak izanen ziren. Traizio historiko horren erakusle nagusia Jose Luis Corcuera izan zen.

Zergatik ahaztu da pentsamendu antitaurinoaren historia?

Doktoretza tesia egin behar nuenean ikusi nuen hedabideetan bolada antitaurinoaz hitz egiten zutela. Sendotzen ari zen mugimendu bat gutxietsi eta irrigarri utzi nahi zuten zezenketen aldeko sektoreek. Nik neuk ez nuen ezagutzen bolada faltsu horren atzean zegoen ondare izugarria. Ikerketa abiatu, eta hamaika pertsonaia agertu zitzaizkidan. Zezenzaleek historia irabazi dute, eta bataila irabazten duenak idazten du kontakizuna. Beraz, zezenketen kontrako pentsamendua gutxietsi dute. Ez dago 800 urte irauten duen boladarik.

Sanferminetan, jendea jatera eta edatera joaten da zezen plazara. Nola ikusten duzu hori?

Egia da tauromakia plaza publiko bat izan dela, eta jendea gehiago joaten zen besteek haiei so egiteko, zezenketara baino. Oso gutxi dira zale puristak. Baina zezen ikuskizunak asko gutxitzen ari dira; geldituz doan tren bat da, baina inertzia handiegia du. Ezin da kolpez gelditu.

Iruñean, peñen aldea borroka eremu ere bihurtzen da. Injustiziak aldarrikatu daitezke zezen plaza batean?

Egia esan, ez nekien horri buruz. Gogoan dudan pankartarik gogorrena 2010ekoa da. Nazioarteko futbol txapelketa bat zegoen, eta kartel batek zera zihoen: «Hil ezazu agudo, futbola ikusi nahi dugu-eta». Horrek tauromakiaren basakeria laburbiltzen du: zenbateraino bihurtu duten zezena gauza.

EH Bilduko alkatea ere sanferminetako lehenbiziko zezenketako buru izan da. Paradoxikoa?

Izkin egiten dio, ezta? Benetako beldurra zaie zezenzaleei, jarrera bortitzekin eta alkoholarekin loturik daudelako. Ulertzen dut politikari batzuek hori egiteko gogorik ez izatea. Baina, faborez, izan zaitezte ausartak. Seguruenik jende gehiagok babestuko zaituzte. Borondate politiko kontua da.

Zer egin entzierroekin Iruñean?

Zezenak sufritzen du: estresa, jazarpena... Borondate politikoa da kontua. Alternatibak bilatu behar dira.

Zezenketak ez dira bihar debekatuko. Zer faltatu zaio mugimendu antitaurinoari helburua lortzeko?

Ez dago autokritikarik, eta horrek asko kezkatzen nau. Barnean arazo asko ditugu: erraz konformatzen gara, txikikeriekin askotan, eta badago atomizazio arazo bat, ego eta sigla arazo bat.Estrategia bateratua falta da.

Historian alferrik izan dira zezenketak debekatzeko saiakerak. Lortuko da epe motz-ertainean?

Errealista izanda, egoera oso txarra da. Munstro taurinoak ez digu bere benetako aurpegia erakutsi. Bere burua inguraturik ikusten duenean eginen du benetako erreakzioa. Baina borrokatu behar da. Prozesu luzea eta gogorra izanen da, eta prest egon behar dugu.Lortuko dugu, ez dut zalantzarik, baina ez egun batetik bestera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.