Zezen odoleztatuak agertu dira gaur Iruñeko Udaletxe plazan. Zepo batean giltzapetuta dauzkate buru eta eskuak, tauromakia «Erdi Aroko tortura» metodo bat dela argi utzi nahian. Kartel bat dute eskuetan: Tauromakia gehiagorik ez.
Anima Naturalis eta PETA taldeek antolatu dute protesta aurten hogeigarren aldiz, eta, Aida Gascon Espainiako Anima Naturaliseko zuzendariak salatu duenez, tauromakia «praktika krudela eta iluna» da: «Praktika honek ez dauka lekurik gizarte zibilizatu batean».
Urtez urte, zezenketekiko atxikimendua beherantz doa, baita zezenketen kopurua ere. Izan ere, hamarkada batean, plazetan hildako zezenen kopurua erdira murriztu da. Hala ere, entzierroek gaitzespen txikiagoa dute gizartean. Ezjakintasunari egozten dio Gasconek entzierroen onarpena, turistei dagokionez batik bat. Sanfermin Sin Sangre (Odolik gabeko sanferminak) izeneko kanpainaren bidez ohartarazi nahi dute goizean lasterka egiten duten zezen horiexek hiltzen dituztela gero arratsaldean.
«Aldaketak egitea exijitzen dugu, eta bizitza ospatzen duen kulturaren alde egitea, heriotzaren ordez», aldarrikatu du Anima Naturaliseko zuzendariak. Gaineratu du garaia dela izaki bizidun guztien eskubideak aitortzen dituen eta indarkeria mota guztiak arbuiatzen dituen gizarterantz aurrera egiteko.
Azken urteetan, zezenketen aldeko oihu bat edo bertze entzun da protestak iraun bitartean. Aurten ez da horrelakorik gertatu, gizartea aldatzen ari den seinale. Hala ere, oraindik bidea luzea da, eta manifestariek agintariei eskatu diete tauromakiaren aurkako «jarrera irmoa» hartzeko. «Tauromakia abolitu», «sanfermin krudelik ez» eta «aski da animaliei tratu txarrak egiteaz» oihuekin akitu dute ekitaldia.
Sinadura bilketa, martxan
#NoEsMiCultura (Ez da nire kultura) lelopean,500.000 sinadura bildu nahi dituzte, eskaera Espainiako parlamentuan aurkeztu ahal izateko. Helburua tauromakiak ondare kulturala izateari uztea da, horrek ematen dion blindaje legala bertan beherat gelditzeko.
Gasconek aitortu du bidea luzea izanen dela, baina itxaropentsu agertu da: «Historiako gobernurik aurrerakoienean gaude, eta espero dugu irekiera mentala eta ausardia politikoa egotea babes legal hori deuseztatzeko». Bien bitartean, etzi izanen da lehenbiziko entzierroa eta zezenketa Iruñean.