Euskal Herritik XIX. eta XX. mendeetan alde egin zuten migratzaileek arrasto handia utzi zuten munduko hainbat herrialdetan. Garai hartan, euskaldun gehien jaso zuen herria Argentina izan zen. Bertan, euskal herritarrek eragin handia izan zuten. Horren erakusgarria dira kaleen, auzoen eta herrien izenak, besteak beste. Euskal diaspora Hego Amerikako herrialde osoan zabalduta dago. Haiek arduratzen dira Euskal Herritik 11.000 kilometrora euskal kultura bizirik mantentzeaz —arbasoek utzi zieten oinordea—.
Ehunka euskal etxe daude sakabanatuta Argentina osoan, ia probintzia guztietan. Etxe horietan —euskaldunen ondorengoek sortutakoak— euskal herritarrek aspalditik ekarritako kultura zaintzen eta goraipatzen da. Dantza eta euskara nagusi dira, baina jarduera ugari praktikatzen dituzte: abesbatzak, euskal pilota, sukaldaritza eta herri kirolak, besteak beste. Herri txiki batzuetan, euskal etxeek garrantzi izugarria daukate, herritar guztiak biltzeko tokiak direlako —nahiz eta euskaldun arbasorik ez izan—.
Urte osoan, Argentinako euskal etxe guztiak batzeko ekitaldiak antolatzen dituzte. Garrantzitsuena da atzo Bahia Blanca herrian amaitu zena: Euskal Aste Nazionala. Urtean behin, Argentinako euskal etxe guztiak biltzen dira jaialdi hori ospatzeko —aldi bakoitzean aldatu egiten da herria—. Milaka pertsonak zeharkatzen dute herrialdea Euskal Astean parte hartzeko; munduko herrialderik handienetan zortzigarrena da Argentina. Are urrunagotik joaten dira batzuk: Hego Amerikako beste herrialde batzuetatik joan ohi dira, adibidez, euskal etxeetako ordezkariak. Euskal Herritik ere bidaiatzen dute politikariek, kazetariek, funtzionarioek eta turistek.
Euskal Astearen egitaraua luzea eta askotarikoa izaten da, eta mota guztietako jarduerak ospatu dituzte Bahia Blancan ere. Horietako bakoitzak nolabaiteko lotura izan du Euskal Herriarekin. Urtero legez, adin guztientzako ekitaldiak izan dira: haurrentzako tailerrak, mus eta pilota txapelketak, euskaraz berba egiteko mintzodromoa, sagardotegia, pintxo-potea, Euskal Herriaren historiaren inguruko solasaldiak, euskal dantza, kalejira, erromeriak eta abar. Korrontzi taldekoek ere jo zuten kontzertu bat ostiralean.
Joan den astean, diasporak erakutsi zuen, beste behin ere, zer-nolako indarra eta presentzia dituen euskal kulturak itsasoaren beste aldean. Aurten, Bahia Blancak hartu du Euskal Aste Nazionala, horko euskal etxeak, Union Vasca deitutakoak, 125 bete dituelako. Astelehenean, azaroaren 9an, herriko kaleak zuriz, gorriz eta berdez koloreztatzen hasi ziren.
Hitzordu nagusia, hala ere, asteburuan heldu zen. Ostiralean heldu ziren partaide eta ikusle gehienak, eta Bahia Blanca euskaldunez bete zen. Euskarazko elkarrizketak entzuten ziren Euskal Herritik 11.000 kilometrora. Haurrak, gazteak eta nagusiak baserritar jantzita paseatu ziren herriko kale eta plazetan barrena.
Euskal Herriaren zati bat azaldu zen ozeanoaz bestalde. Hala deskribatu du Itxaso Mimenza usansolotarrak: «Ariketa konplexua da toki, une edo pertsonak etxe gisa definitzea, eta esango nuke aste hau etxe izan dudala hiruren konbinazio batekin: non eta Bahia Blancako euskal etxean, euskal ikurrez beteta; noiz eta euskal astean, zeinetan euskal nortasuna eta Euskal Herriarekiko pertenentzia gori-gori dauden; norekin eta besoak eta bihotza zabalik jaso gaituzten ehunka argentinarren konpainiarekin».
«Hunkigarria. Denborarik gehiena emozionatuta pasatu dut, benetan», komentatu du Mimenzak. Oporretan dago Argentinan, eta, kasualitatez, Euskal Astean egoteko aukera izan du. Buenos Airesen bizi den lagun euskaldun batek eraman du. Haiek biek eta Bahia Blancara joan ziren beste euskaldun batzuek «lilura handiz» bizi izan dituzte egun hauek: «Une oro harrituta komentatzen genuen begiekin ikusten ari ginena eta sentitzen genuena».
Dantza nagusi
Dantza izan da, aste honetan, jaialdiaren zatirik garrantzitsuenetako bat. Mimenzak bertatik bertara ikusteko aukera izan du, eta dantzariek egiten duten lana goraipatu du: «Urte osoan prestatzen dute dantza emanaldia aste berezi honetan dantzatzeko, eta izugarrizko lan militantearen bidez ateratzen da astea aurrera. Hunkigarria da sentitzea zein sakon bizi duten dantza, Euskal Herrian gizartearen gehiengo txiki batek baitu harremana euskal dantzarekin. Dantza emanaldi horretan bi aldiz pentsatu behar izan dut Euskal Herriko Dantzari Egunean ote nengoen».
Dantzak eraman du, besteak beste, Sol Azkarate ere Euskal Astera. Bahia Blancakoa da, eta euskal jatorria du: «Nire arbasoak Gipuzkoatik eta Nafarroatik etorri ziren gehienbat. Nire familiak naturaltasunez transmititu dit euskal kultura, janariaren eta zaporeen bitartez. Nire euskal nortasuna eraikitzen lagundu didan pertsonarik garrantzitsuena nire amona izan da, Marilu. Harekin hasi nintzen euskal kultura ezagutzen, eta haren etxean sartzea denboraren tunel batean sartzea bezala da; haren etxea euskal irudiz beteta dago».
Euskal Asteaz hizketan hasita, «bereziki dantza» azpimarratu du Azkaratek: «Dantzarien ikuskizuna ikusi nuen, amonarekin batera. Bitartean, hark kontatzen zidan zeintzuk ziren berak aitarekin egiten zituen dantzak, eta abestiak kantatzen zizkidan».
«Ariketa konplexua da toki, une edo pertsonak 'etxe' gisa definitzea, eta esango nuke aste hau 'etxe' izan dudala»
ITXASO MIMENZAUsansoloko bizilaguna
Belaunaldiz belaunaldi partekatutako altxor bat izan da euskal kultura Azkaraterentzat. Amarekin batera gozatu du Euskal Astean antolatutako sagardotegiarekin ere. Haren ustez, euskal jatorria izatea bere nortasunaren zati bat da: «Nire zuhaitz genealogikoa ezagutzea pribilegio bat da: neure burua ezagutzeko modua ematen dit. Harrotasunez eta ausardiaz betetzen nau nondik natorren eta nire aurretik zer emakume eta gizon egon ziren ulertzeak».
Argentinara emigratu zuten euskaldunak arduratu ziren euren kultura gerora iritsiko ziren belaunaldiei transmititzeaz, eta belaunaldi horiek ari dira gaur egungo kultura hori zaintzen eta bizirik mantentzen. Hala ere, euren nortasun argentinarra ez dute albo batera uzten. «Folklore hutsez betetako astea izan da, eta, hori gutxi izango balitz bezala, euskal nortasuna goraipatzen dute nortasun argentinarrarekin batera. Adibide esanguratsu gisa ditut dantza askotan bandera biak altxatzea eta dantza emanaldian euskal jantziekin chacarera bezalako dantza argentinar bat dantzatzea», azaldu du Mimenzak, eta gehitu du: «Izugarria da Euskal Herrian naziogintza beheraka doan garai batean munduko beste puntan kontrakoa gertatzea, eta meritu handia duela esango nuke. Oasi batean sentitu naiz, nonahi baitzeuden aldarriak eta ikurrak: independentzia, ikurrina, eguzki lorea...».
Mimenzaren ustez, diasporakoak «euskaldunak» dira, «Euskal Herrian inoiz egon gabe ere». Batzuek, gutxienekoek, bidaiatzeko eta euren arbasoen lurrak ezagutzeko aukera izan dute. Horixe da Azkarateren kasua: «Euskal Herria ezagutzeko aukera izan nuen 2008an, eta izugarrizko pribilegioa izan zen. Nahiz eta bertan euskal jairik bizitzeko aukerarik ez izan, sentitzen dut Euskal Astean euskal telebistan ikusi nuena bizitzeko aukera daukadala».
«Nire arbasoak Gipuzkoatik eta Nafarroatik etorri ziren gehienbat. Nire euskal nortasuna eraikitzen lagundu didan pertsonarik garrantzitsuena nire amona izan da, Marilu»
SOL AZKARATEEuskal jatorriko Bahia Blancako bizilaguna
Euskal Herria ezagutu ala ez, ukaezina eta etenezina da diasporak euskal kulturari dion atxikimendua, eta harrigarria da Euskal Aste Nazionala bezalako jaialdi bat antolatzeko egiten duten ahalegina —gaur egungo baldintza ekonomiko kaskarrak kontuan hartuta—. «Harrotzen nau Euskal Astea nire herrian ospatzeak. Badakit familia eta gazte askok egunero egiten dutela lan Bahia Blancako euskal etxea sostengatzeko; 125 urtez aritu dira horretan. Gure herriak merezi zuen gorriz, berdez eta zuriz janztea eta hau bezalako aste bat bizitzea», uste du Azkaratek.
Euskal Astean ikusitakoak hausnartzeko balio izan dio Mimenzari: «Harrigarria da Euskal Herrian daukagun diaspora. Oro har, jakina da ehunka izan zirela Euskal Herritik Argentinara etorritako euskaldunak, baina hori azaleko baieztapena dela esango nuke. Harritu nau konturatzeak zein gutxi dakidan argentinar diasporaren inguruan, eta zer-nolako zubiak ditugun eraikiak pentsarazteko balio izan dit».
Urtero legez, Euskal Aste Nazionalak Argentinako euskal etxe guztiak eta diaspora osoa bildu ditu herri batean. Euskal kulturan, haurrek, gazteek eta nagusiek, denek egin dute bat. Euskal Herria ezagutu ala ez, euskal jatorria izan ala ez, milaka pertsonak ospatu eta goraipatu dute 11.000 kilometrora dagoen kultura bat. Argentinarren bihotzean bizirik dirau euskaldunek aspaldi eraman zuten kulturak. Bizirik, gehienbat diasporak egiten duen ahaleginari esker.