Irati Baztarrikak (Gasteiz, 1994) betidanik izan du sormenerako grina, eta marrazketan aurkitu zuen bere adierazpide nagusia. Hasieran, arte plastikoetan trebatu zen, baina, sukaldaritzan aritu ondoren, tatuajearen munduan aurkitu zuen bere benetako bidea. Arrakasta lortu du bere blackwork estilo bereizgarriarekin, lerro sendo eta kontraste kromatikoekin. No Limits estudioan aritzen da, Gasteizen. Tatuajeen munduan erreferente bihurtu dute; ireki bezain laster, hitzorduz betetzen zaio agenda.
Irudimena izatea eta marrazten jakitea da funtsezkoena?
Nire ustez, bai. Maila teknikoan ezinbestekoa da marrazketaren eta konposizioaren oinarrizko ezagutza izatea.
Gainerakoan, zerk egiten du tatuatzailea on?
Garrantzitsua da sare sozialetan aurkezteko modua, horrek eragina izaten baitu lana baloratzeko orduan. Dena dela, horrek ez zaitu tatuatzaile hobea bihurtzen.
Blackwork, tradizionala, ignorant eta abar: hainbeste tatuaje estilo daude... Blackwork-a da zurea. Tatuatzaile askok lantzen duzue estilo hori. Zerk bereizten zaitu?
Batzuetan, gorria edo urdina erabiltzen dut kontraste moduan. Tatuaje tradizionala eta ilustrazio zientifikoak hartzen ditut erreferentzia moduan, eta uste dut hori nabaritzen dela nire lanean.
Zerk erakarri zintuen estilo horretara?
Beti gustatu izan zait tinta beltzarekin soilik marraztea; beraz, hori izan da niretzat naturalena tatuatzen hasi nintzenetik. Ikasten ari nintzenean, tatuaje tradizional amerikarra aztertu nuen, nire irakasle Edu Herrerok lantzen zuena, baina ni beste bide batetik nindoan. Hasieratik estilo nahiko definitua nuen, eta horrek erraztu egin zidan bidea.
No Limits estudioa da sortzeko zure txokoa. Baina nomada ere bada tatuatzailea...
Gasteizen oso gustura lan egiten dut, eta han sentitzen naiz erosoen gaur egun, No Limits-en sortu dugun familian. Lanbide honek aukera ematen du beste hiri eta estudio batzuetan lan egiteko, eta oso aberasgarria da beste artista batzuengandik ikastea. Etxetik irteteak beti laguntzen du gauzak beste ikuspegi batetik ikusten, motibazioa mantentzen eta geldirik ez geratzen.
Nolakoa izan zen zure ibilbidea tatuatzaile ikasle moduan?
Txikitatik asko marraztu dut; nire oroitzapenik zaharrenetan ere, beti marrazten ibili izan naiz, nebarekin batera. Aita arte eskolako irakaslea zen, eta oinarri ona izaten lagundu zigun. Beti pentsatu izan dut marrazketan lan egitea. Batxilergo artistikoa egin ondoren, independentzia lortu nahi nuen, eta sukaldaritza ikasi nuen, hori ere asko gustatzen zaidalako. Hiru urtez bidaiatu eta hango eta hemengo sukaldeetan lan egin nuen, baina, azkenean, berriz marrazketan zentratu nahi izan nuen. Orduan, No Limitsen sartu nintzen ikasle gisa hilabete batzuetan. Lanbide honen gauzarik politenetako bat da inoiz ez diozula uzten ikasteari.
Zein da prozesua bezero baten tatuajea diseinatzeko?
Bezeroarengandik behar dudan informazio guztia jaso ondoren, erreferentziazko irudiak biltzen ditut diseinurako inspirazio gisa. Zer gorputz ataletan egingo dugun kontuan hartuta osatzen dut diseinua. Batzuetan, batez ere diseinu botaniko handietan, egunean bertan zuzenean azalean marrazten dut errotuladorearekin. Gorputzaren formarekin jolasteko aukera ematen dit horrek, eta emaitzak mugimendu handiagoa izaten du.
Eta nola moldatzen zara bezeroen eskaera espezifikoetara?
Bezeroaren ideia ondo ulertzeko ahalegina egiten dut, eta haien nahia nire estiloan egokitzen saiatzen naiz.

Azal mota eta gorputz atal guztiak ez dira berdinak...
Gorputzaren alde batetik bestera asko aldatzen da tatuajea egiteko modua. Adibidez, saihets hezurretan txantiloi baten tamaina bikoiztu egiten da azala luzatzean. Halaber, oso desberdinak izan daitezke bezeroak sentitzen duen mina eta haren jarrera. Beraz, garrantzitsua da ahalik eta erosoen egotea eta tatuatzailearentzat ere lan egiteko jarrerarik onena aurkitzea. Gorputz atal batetik bestera asko alda daiteke pieza bat egiteko denbora.
Esaten da gaur egun gehiago direla tatuajeak dituztenak, ez dituztenak baino. Berezitasuna galtzea dakar horrek?
Hainbeste estilo, teknika eta aukera izanik, normala da jende askok probatu nahi izatea, baina oso kontu pertsonala dela uste dut. Gaur egun, normalizatuta dago tatuatuta egotea, eta, azkenean, norberak zer aukeratzen duen, horrek bereizten du. Horregatik, garrantzitsua da tatuatu aurretik ondo pentsatzea. Nire ustez, tatuajeen bidez gure istorioaren irakurketa azkar bat egin daiteke.
Teknologia berriek, hala nola tabletak, nola aldatu dute lan egiteko zure modua?
Galtzen ari da eskuz marrazteko artisautza kutsua, eta pena da. Baina, zalantzarik gabe, iPad-a funtsezko tresna da gaur egun nire lanerako. Diseinuan aldaketa txikiak egitea errazten dit, eta azkarrago lan egin dezaket horri esker. Askoz tatuaje gehiago egiteko gaitasuna ematen du.
Sare sozialen eragina nabarmena dela azaldu duzu. Zer abantaila eta desabantaila dakartzate zuretzat?
Alde batetik, argi dago sare sozialak direla ezagun bihurtzeko eta jende gehiagorengana iristeko biderik zuzenena; gure paper zorro modukoa dira. Baina, kontsumitzaile moduan, informazioz gainezka gaude, eta edukia mantentzea oso lan handia da, etengabe lan egin behar baita arretari eusteko.
Zure ibilbidean, zein izan dira mugarririk garrantzitsuenak?
Modu naturalean garatu dut nire bidea, nik uste, eta aurrerapen txikiak berez iritsi dira. Inoiz ez naiz askorik zentratu helburu zehatzetan; lanean aritu naiz, eta prozesuak berak eraman nau batera edo bestera. Hasierako urduritasuna izan da gainditu dudana. Azkenean, ardura handia da besteen azalean marka uztea betiko, eta segurtasuna lortzeak lasaiago lan egiteko modua eman dit.
Tatuatzaile izatea lan konplexua da. Nola zaintzen duzu zeure burua fisikoki eta mentalki, eguneroko erronkei aurre egiteko?
Tatuajetik kanpo gune propioak edukitzea funtsezkoa da niretzat. Ezinbestekoak dira elikadura osasuntsua, atseden ona eta ariketa fisikoa. Azken urteetan, yogak lagundu dit oreka mentala mantentzen eta gorputza lantzen. Eta, jakina, nire lagun eta senideen sostengua funtsezkoak dira.
LOTSABAKO
Erreferente nagusia tatuajeen munduan?
Rich Hardy.Zurea ez den estilo bat?
Japoniar tradizionala.Estudiorik onena?
Tattoo Rosies [Sydney, Australia].