Urmugaren Urtanta egitasmoa abiatuko da bihar. Tantaz tanta, notaz nota eta pausoz pauso, hainbat ekitaldi izango dira uztailaren 28ra bitartean. Urmuga kultur elkarteak duela bost urte ekin zion musika emanaldiak eta mendi zeharkaldiak uztartzen dituen jaialdia antolatzeari. Bi urtetik behin izaten da, eta, tartean, txandaka, jaialdi xumeago bat antolatzen dute. Aurten halakoxea tokatzen da, xumea, baina, bere txikian, ederra izango da.
Nestor Basterretxea artista (Bermeo, Bizkaia, 1924-Hondarribia, Gipuzkoa, 2014) omentzea da asmoa. Haren jaiotzaren ehungarren urtemuga tarteko, haren bizitzan esanahi berezia izan zuten tokietan izango dira emanaldiak. Aurrenekoa bihar bertan, haren bizitoki izan zen herrian: Hondarribian. Et Incarnatus orkestrak eta Donostiako Orfeoiak emanaldirako propio prestatutako errepertorioa taularatuko dute, eta, bertan, zenbait diziplinatako hainbat artistak parte hartuko dute. Arma plazan izango da, 22:30ean.
Biharamunean ere kontzertu bera interpretatuko dute, oraingoan sinbolismoz betetako leku batean: Arantzazun. Basterretxeak bertako kriptan marraztu zituen muralak kontzertuaren lekuko izango dira. Egun horretako egitaraua, baina, zabalagoa da. Arantzazura iristeko mendi zeharkaldiak egingo dituzte. Goizetik, hiru lekutatik abiatuko dira ibiltariak. Zegamatik abiatuko den ibilaldian, euskal kulturako beste izen handi bat omenduko dute: Joxe Azurmendi.
Berez, Jakin aldizkariaren sortzaileei egingo diete gorazarre: Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategiri. Bitoriano Gandiaga idazleari ere keinu bat egingo diote, Hiru gizon bakarka poema liburua argitaratu zeneko 50. urteurrena ere betetzen baita aurten.
Bakio eta Aralar
Ostegunarekin ekingo diote berriz ekitaldi sortari. Basterretxearen sorterria bisitatuko dute. Bi mendi ibilaldi egingo dituzte. Lehena Mundakatik abiatuko da, eta bi geldiune izango dira bidean: Bermeon bata, serie kosmogonikoko eskulturak ikusteko, eta itsasertzean bestea, Matxitxakon. Basterretxeak gudarien omenez egindako eskultura ikusteko aukera egongo da han. Bigarren ibilaldian ere, artistaren obraren arrastoei segika egingo dute bidea: Maruri-Armintza-Lemoiz. Bakio (Bizkaia) izango da bi zeharkaldien topagunea. Bertan beste kontzertu berezi bat izango da. Eñaut Elorrieta, Idoia Asurmendi, Anje Duhalde, Olaia Inziarte eta Xabier Leturia arituko dira, arratsaldeko 18:00etan hasita. Et Incarnatus orkestra izango da haria; izan ere, musika talde hori da ekinaldiaren sustatzaile nagusia. Orkestra 1996an sortu zuten, eta maiz egin izan dituzte kontzertuak natura inguruneetan, besteak beste udako solstizioan. Felipe Gorriti musikariaren omenez eratu zuten taldea.
Azken kontzertua ere leku magiko batean izango da: Aralarko Mailopean, Araitz bailaran. Mendizaleak Gaintza (Nafarroa) herrian elkartuko dira datorren igandean. Berez, sei bidetatik iritsiko dira kontzertuaren tokira. Bakioko kontzertu bera emango dute musikariek.
Urtantak, beraz, lau hitzordu izango ditu aurten. Hurrengo urteko aldia mardulagoa izango da, Urmugaren txanda izango baita orduan. Ekinaldiak hainbat erakunde eta eragileren babesa dauka, tartean BERRIArena.