«Euskal Herrian taloari esker bizi izan ziren familia asko. Gure etxean ogirik ez zen falta izan, baina baserrian... ni gogoratzen naiz, bazeuden familiak ogirik ere ez zeukatenak». Euskal Herrian etxe asko eta askotako errealitatea da, eta bere begiekin ikusia kontatu du Mila Aldasoro Lazkaoko talogile ohiak (Gipuzkoa); buruarekin baietz eginez berretsi du ondoan duenak ere, Mari Karmen Etxeberriak.
Eta jarraitu du: «Guk taloa betidanik ezagutu dugu. Orain hain purian dagoen ogiari orduan ogi beltza esaten zitzaion». Adineko asko eta askori atzerakoa eragiten die taloak gaur egun, gerraostean besterik jan ez zutelako. Hala esaten zieten taloak saltzen aritzen ziren hainbatetan: «Esaten ziguten: ‘Bueno, nahikoa talo jan dinat nik’. Orduan, besterik ez zuten izango, eta, orain, luxuzko produktua da».
Lazkaoko talogileetan egin dituzte 35 urte, harik eta 2021ean lekukoa talde gazteago batek hartu zuen arte. Herrian musika eskola bat martxan jartzeko dirua behar zutenez, taloak egitea bururatu zitzaion guraso taldeko norbaiti, eta han hasi ziren talo oholei kolpeka. Herriko festetan egin zuten lehen saioa. Ez dute ahazteko gertatu zena: «Mari Karmenen etxean zeukaten txapa hartu, eta han joan ginen, San Prudentzio bezperan, tirriki-tarraka. Zer eta danborradarekin egin genuen topo, goitik behera zetorrela! [barrez]».
Albotik, barre egin du Etxeberriak ere. Nabari zaie urteetako konplizitatea, batek esaldi bat hasi orduko jarraitzen baitu bigarrenak. «Niri hasi eta urtebetera-edo ateratzen zitzaizkidan biribilak. Eta, oraindik ere, batzuetan, ez zaizkit biribilak ateratzen. Hala ere, hasiera horietan, saldu egiten genituen, eta jendea, isil-isilik...». Horrela hasi zuten ia berrogei urtez luzatu zen ibilbidea.
«Salduko dugu dena?»
Altsasun (Nafarroa) egin zuten bigarren talo saioa, Egin egunerako; zaku bete arto irin eta taldeko kideren batek egindako txistorra hartu, eta furgonetan joan ziren, material gehiegi eraman ote zuten beldurrez. «Eta hau saltzen ez badinagu, zer?», gogoratu dute. Aurreikuspen guztiak gainditu zituzten, ordea: goiz erdirako masa bukatzen ari zen, eta txistorra ere bai. Bueltan joan behar izan zuten, beste zaku pare baten bila. Eta txistorra bila, berriz, Arbizura [Nafarroa]. «Taloak egin eta egin, eta ez genuen abasto ematen».
Ezinbesteko elikagaia izan zena herrigintzaren jaki bihurtu zuten, eta musika eskolarentzat hasi zen bilketa, beste hamaika egitasmorentzat bideratzen jarraitu zuten talogileek: «Herrian beharra zegoen lekuetara joan gara: Kilometroetara, Nafarroa Oinez-era, Herri Urratsera, herriko tabernara, Astotxo Eguneko antolakuntzara... Lazkaon erre zen etxe batera ere bai». Musu truk egiten zuten lan, baina bazuten euren «jornala»: urtero, Errioxara (Espainia) joatea asteburu batean, ardo bodega batera, taloetatik ateratako diruarekin. «Guk ez zeukanagu bodegarik ikusi gabekorik!», esan du Aldasorok.
«Esaten ziguten: ‘Bueno, nahikoa talo jan dinat nik’. Orduan, besterik ez zuten izango, eta orain luxuzko produktua da»
MILA ALDASOROTalogile ohia
Eta bilakaera horren lekuko izanda, ikusi dute taloa «luxuzko produktu» bihurtzen: «Gaurko egunean, bai, taloa luxuzko produktua da. Zuk uste duzu nik pasatuko nukeela ordu eta erdi ilaran taloa jateko? Ezta pentsatu ere! Etxean egingo ditut, eta kito!». Dena den, prezioari egiten dioten kritika aipatzerakoan, era berean esan dute atzetik egiten den lana ez dela nahikoa baloratzen: «Guk, adibidez, beti erabili dugu material ona, bertakoa eta kalitatezkoa. Eta 08:00etan hasi, eta 20:00ak arte ez ginen altxatzen! Eta egunetik egunera garestiago daude gauzak; hori guztia ordaindu beharra dago!».
Arto-irin kiloak txapan nola, anekdota ugari dauzkate pilatuta. Esaterako, haien egun kutunean, San Tomas egunean, Donostian, Juan Mari Arzak taloak nola egiten zituzten begira aritu ondoren, tranpa egiten zutela esanez joan zitzaienekoa, egindako talo guzti-guztiak harrotzen zitzaizkielako txapan. Azalpena gustura eman zion Aldasorok: «Arto irina onenean dagoen egun batean etorri zara zu. Etor zaitez hona sanmigeletan, oraindik arto zaharra dagoenean! Artoa osorik baldin badago ere, errotatik pasatzeko, hura biguna dago. Aldiz, jaso berria badago, gogor-gogorra egoten da, eta hura ezin hobea ateratzen da!».
Oraintxe baita artoa biltzeko garaia, talogile ohiek azaldu dutenez. «Aurten, agian, pixka bat geroago, babarruna berandu datorrelako. Eta, askotan, artoa egiten da babarrunari eusteagatik. Baina bai, artoa hemendik aurrera dago bere onenean: orain da garairik onena». Eta, oharkabean, oraindik ere taloak egiten jardungo balitz bezala hitz egin du Aldasorok, lehen pertsonan: «Gaur eskatzen dugu, eta bezperan ehotako arto irina da. Luxua da; hori ez dago inon salgai hamabost egunean, poltsan!». Eta esandakoaz ohartutakoan, esan du: «Ezina iritsi zaigu guri. Bestela, hor jarraituko genuen, e!».
Errotan bueltaka
Ondo dakite arto hori nola lortzen den Orendaingo errotan (Gipuzkoa). Duela bizpahiru aste hasi ziren arto berria jasotzen, eta lanez beteriko asteak dauzkate aurretik. Horretan dabil Asun Okaña egunotan, buru-belarri. Eskarien arabera lan egiten du, baina hemendik aurrera egunero martxan jarri beharko du errota, arto irina lortzeko: «San Tomas eguna gerturatu ahala, eskari guztiak batera etortzen dira. Talde guztiek nahi izaten dituzte kilo pila bat. Baina horretarako denbora behar da».
Haien etxeko errotara bisita egin balu bezala deskribatzen du Kaxianoren Itsasontzi baten diskoko Errota abestiak Oreindainen gertatzen dena, hitzez hitz: «Tiki-takaren oihartzuna/ entzuten degunean/ errota lanean ari da/ beti konpasean,/ urak erabiliazten du/ goitik behera jotzean/ aleak irina egin/ bi harriren tartean». Beti konpasean entzuten da, bai, tiki-taka, birrindutako arto alea ontzira iristen den bitartean. Ez da prozesu luzea, baina behar du bere denbora: etxe kanpoko presan ura pilatzen dute, eta errotara joan eta uraren pasabidea irekitzean hasten da soinua. Bi harrien artean txikitzen dira arto aleak, takaren tartetik bidea egin eta ontzira irina erortzen den arte. Gero, pasadorea den makinan sartzen dute irin hori, fintzeko. Lehen, ordea, bahearen bidez egiten zuten hori, eskuz. «Lehen, eskuz egin beharreko gauza asko zegoen, eta, orain, makinak ditugu».
Senarraren familiarena da errota, eta bertan lan egiten du Okañak. Zortzi orduan 80-90 kilo arto irin lortzen du bertan. «Lehen, neguko lan bat zen, eta orain, urte osokoa, udan ere lan egiten dutelako talogileek». Harreman zuzena dute oraindik lauzpabost talogile talderekin: Gasteizko bi talde hornitzen dituzte, eta Bilboko bat, Altsasuko bat eta Leitzako bat (Nafarroa). Horrez gain, biltegietatik ere joaten zaizkie arto irina erostera, gero bertan salgai jartzeko.
Entzun ditu Okañak garai bateko istorioak ere: nola 36ko gerran artoa ezkutuan ekartzen zuten errotara. «Kontrabandoan, edo behintzat beldurrez, harrapatuz gero dena kentzen zietelako. Gauez ibiltzen ziren, errotara etorri, gau guztia pasatu martxan… Guardia Zibilak-edo dena kenduko zielakoan». Alde horretatik, badaki taloaren funtzioa bera aldatu dela. «Garai batean lodi-lodi jaten zuten taloa; orduko ogia zen. Garai hartan aspertu zenak orain ikusi ere ez du egin nahi. Lehen, beharra; eta orain, kapritxoa».
Izan ohitura zaharra mantentzeko, horiek belaunaldiz belaunaldi transmititzeko, edo jai egun jakin batzuetako kapritxoa betetzeko, lanean jarraituko duela esan du Okañak, katea geratu ez dadin: «Nik esaten dut hau moda bat izango dela; egunen batean, agian, bukatu egingo da. Beste zerbait aterako da, agian, eta akabo. Baina, bitartean, lanean jarraituko dugu».